1999ko martxoak 14, Igandea | Nabigatzen |

Korrika zuzenean gure pantailan

Korrika 11ren hasiera eta amaiera bertatik bertara ikusteko aukerarik ez duenak zuzenean ekitaldi bi horien irudiak jaso ahal izango ditu bere ordenagailuan. Emisioak Korrikak zabaldu duen webgunean egongo dira ikusgai eta irudiak gure pantailaraino helarazteaz Donostiako Digital Studio enpresako lantaldea arduratuko da.

Atzo jendaurrean ofizialki aurkeztu zen Korrika 11k webgune bat zabaldu du, ziberespazioan bere buruaren berri emateko. Korrika 10ek duela bi urte egin zuen bezala, lasterketa hau zer den eta bestelako jakingarriak eskaintzen ditu gune honek. Oraindik atal guztiak osatu gabe dituen arren, jadanik bisita liburuan sina dezakegu eta egutegi-agenda baten bidez Korrika Kulturalak zer ekarriko duen ikusi. Azalpenak, euskaraz gainera, beste hiru hizkuntzatan ematea aurreikusita dago.

Baina webgune honek ekarriko duen berritasunik garrantzitsuena zuzenean hasiera eta amaiera ekitaldiak ikusteko aukera izanen da. Hilaren 19an Iruñean izango den abialdia hiru orduz etengabe ematen ariko dira eta gauza bera egingo dute amaierako ekitaldian, hilaren 28an. Lan hau estatuan aitzindari den Donostiako Digital Studio enpresa berezituak egingo du eta, nahiz eta Korrikaren zuzeneko irudiak ikusteko Korrikak Jalgi zerbitzarian duen gunetik abiatu, haien kontrolpean IBMk Madrilen dituen zerbitzarien bidez gauzatuko dute emisioa.

Beraiekin kontaktuan jarrita, emisio hauen nondik norakoak azaldu dizkigu bertako arduradun Juan Luis Gonzalezek. Bi ekitaldiotan bideokamara arruntak erabiliko dira irudiak hartzeko eta edizio mahai bat, irudiak telebistarako balira bezala. Baina orduan irudiak digitalizatuko dira, kodifikatzaile batzuren bidez konprimitu eta ISDN bidez zerbitzailera bidaliko dira. Operazio guztia Digital Studiok Donostian duen estudiotik kontrolatu arren, irudiak Madrilgo zerbitzarian jaso eta bertatik igorriko dira Internetera. Egun bi horietan ezezik, lasterketak iraungo duen tartean izango dira ikusgai eta, tarteka, astean zehar Korrikan jasotako irudiak ere ikusgai izango dira.

Ez da Korrikarena Digital Studiok egin duen honelako lehenengo lana. La Concha webgunean webcam bat ezarri eta zuzeneko irudiak ematen hasi zen enpresa zuzeneko emisio konplikatuagoetara pasatu da azken boladan. Zuzenean emitituriko lehendabiziko ekitaldia Festimad jaialdian Dover taldearen kontzertua izan zen iazko maiatzan. Orduz gero, makina bat kontzertu, mitin, hitzaldi eta beste eman dute Webcam Rent zerbitzuaren bidez. Esperientziarekin, eta teknologia garatuz, gero eta emaitza onargarriagoak dituzte emisioek. EAEko hauteskundeen kanpainan alderdi batzurentzat mitinak emititu zituzten eta otsailan denen ahotan ibili den Shacky Carmine filmaren errodaketa zuzenean. Besteak beste, La Concha webgunean, Kontxako estropadak, Ordiziako gazta lehiaketa eta Mexikoko Molotov taldeak Fuck you puto baboso tour emanaldi sortaren baitan Balmasedan eginiko kontzertua zuzenean eskaini dituzte. Teknologia honek, hala ere, aplikazio asko ditu, beraiengana era askotako bezeroak hurbiltzean frogatu dutenez: «Proposatu dizkiguten lanak ikusita konturatu gara zenbat aplikazio dituen zuzeneko emisioak eta webcam-en asuntuak». Batez ere publizitatearekin lotutako proposamenak jaso dituzte, baita autoeskola birtual batena. Lanaren, trafikoaren, ski estazioen eta musikaren arloak dira Digital Studio-koek oraindik lantzeko dituzten beste arlo batzuk.

Asteotan probatzen ari diren teknologia berri baten bidez funtzionatuko du Korrikaren emisioak, orain arte egindakoaren bestelakoa. Gonzalezek azaldu digunez, «teknologia berri honek ez du erabiltzaileak inolako software berezirik edukitzea eskatzen. Nahikoa da nabigatzaile arrunt bat izatea». Ez digu, hala ere, teknologia hori zertan den zehaztu nahi izan baina irudiak JPEG formatoan barik .jfx formato konpatiblean izango direla adierazi digu. Orain arteko emisioen soinuak entzuteko beharrezkoa zen RealAudio sistemaren plug-in batzuk edukitzea, adibidez, aste honetan Bilboko Euskalduna jauregian izan den lanaren gaineko nazioarteko kongresua zuzenean entzuteko. Gonzalezek emisio bien arteko ezberdintasunak azaldu dizkigu: «Euskalduna jauregian soinuari lehentasuna eman diogu, hizlariek esaten zutenari, horregatik irudiak ez ziren oso maiz berritzen, bertan jendea eserita ageri zelako. Korrikan aldiz mugimenduari eman diogu lehentasuna baina teknologia berriarekin soinua ere helduko da, plug-in hori behar izan gabe gainera».


Korrika 11
www.jalgi.com/korrika/
Webcam Rent
www.webcam-rent.com/
La Concha
www.la-concha.com/


Laburrak:

EHJren aurpegi berria

Euskal Herria Journal webguneak hainbat berrikuntza erakusten ditu bere kokapen berrian. Lehen New Yorken egiten bazen ere, orain Baionan sortzen da ikuspuntu abertzaletik ingelesez gure herriaren berri ematen duen webgune honen edukia. Freespeech zerbitzarian hartu duten helbideak diseinue berria du, landuagoa, erakargarriagoa eta nabigazioa errazten duena. Eduki berrien artean egoera politikoaren analisiak daude, emakumeen orrialdeak, euskara eskolak, euskal gatazkaren gaineko berriak, dokumentazioa eta gatazka konpontzeko saioen kronologia gaurkotua. Informazio gehiena ingelesez dago, EHJ nazioarteari begira egina delako. Ezaugarri horrek, eta bere orrialdeetan ETAren alternatiba demokratikoaren berri emateak, internauta espainiar sutusuenen begipuntuan kokatu zuen 1997ko uztailean. Erasoen ondorioz saretik kendu behar izan zuen IGC bere zerbitzariak baina handik gutxira berriz agertu zen bost ispilutan.

Euskal Herria Journal
http://www.freespeech.org/ehj

Urnietatel-en webgune
euskalduna

Batzuetan euskal instituzio eta enpresa publiko zenbaiten webguneen berri eman dugu, erdara hutsez edo gehienbat erdaraz direla esanez. Urnietatelen gunean aldiz euskarak du lehentasuna. Urnietatelek Gipuzkoako herri horretako biztanleei telefono zerbitzua ematen die. Gurean herri mailako telefonian aitzindaria den enpresa hau Euskaltelek erosi du berriki baina urnietarrentzako zerbitzua mantentzen du. Aukeratuz gero gaztelaniaz ere emango digute informazioa.

Urnietatel
www.urnietatel.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner