1999ko otsailak 14, Igandea | Nabigatzen |

Ikusgela, telebista saiotik harago

Hezkuntza proiektu multimedia dugu ETBko saioa

Astelehenetik ostiralera ETB1ek eskaintzen duen saioa da Ikusgela. Baina hezkuntza proiektu bezala pentsatuta dago, ez telebista saio huts moduan. Horren erakusgarri dira Ikusgelaren webgunea eta saioaren antolaketa bera.

Webgunea Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzarian dago. Bertaratuz gero, ikusgelaren definizio bat aurkituko dugu kartel batean: "Hormarik gabeko ikasgela". Jakintzaren gaineko eta jakintzarako proiektua da Ikusgela, etxeko gazteenei zuzendua. Bi erakuslehio ditu Ikusgelak: telebista saioa eta webgunea.

Eneko Lorente EHUko irakaslea proiektuaren koordinatzailea da, arlo ezberdinetako lan taldeak batera dantzan jartzeko ardura duena. Talde pedagogiko bat dago, programaren edukiak aholkatu eta webgunearen edukiak gauzatzeaz arduratzen dena. Telebista saioa egitea, talde horrekin koordinaturik Pausoka ekoiztetxearen ardura da. Webgunearen edukia Joseba Lauzirikak koordinatzen du eta webmasterra Mikel Urkijo da.

Bi erakuslehio horietan nagusia telebista saioa da. Astelehenetik ostiralera ETB1ean emititzen da, eguerdian ordubeteko saioa izaten da, eskola orduetan. Arratsaldeko seietan, eskolatik bueltan, ordu erdiko laburpen bat eskaintzen da. Eguerdiko emanaldia ikastetxeetako programen erabilerara fokatua dago, zuzenean ikus dezaten; arratsekoak berriz publiko zabalagoa du.

Ikusgelaren edukia benetan multimedia da. Telebista saioan ikasleek eurek eginiko bideoak eskaintzen dira, ikastetxeetan banatzen den berripaper bat ere egiten dute. Webgunetik jaitsi ditzakegun beste dokumentu batzuk badaude: Ikusgela aldizkaria, eta irakasleentzako hainbat dokumentu, gida didaktikoak esaterako.

Lorentek adierazi digunez, “webgunea telebista saioa laguntzeko sortu zen, baina bere entitate propioa du jada”. Izan ere, Coca Cola Fundazioaren sari bat irabazi berri du guneak. Edozein internautak, eta saioa bere irakaspenen programarako erabili nahi duen irakasleak webgunean hainbat material ditu eskuragarri, klaseak prestatzeko eta saioen edukiak aldez aurretik ezagutzeko.

Astero gai nagusi bat izaten da, astegun bakoitzean arlo ezberdintik aztertzen dena. “Demagun gaia klimaren aldaketa dela. Bada, astelehenan bere eragina ingurugiroan, asteartean bere funtsa fisiko-kimikoa eta asteazkenean bere eragin soziala aztertuko dira. Ostegunean azkenik eztabaida bat egoten da ikasleen artean. Ostiralean berriz asteko albistegietan emandako berriak birziklatzen dira beraientzat”. Webgunean, asteko gai nagusi horien gainean Interneten dauden leku interesgarrietara loturak ageri dira.

Ikusgela
http://www.ehu.es/ikusgela/


amarauna: ETBko albisteak RealVideo-n

ETBko Gaur Egun sarean ikusgai

Zur eta lur geratu gara mundu osoan ETBko Gaur Egun albistegia ikus daitekeela jakitean. Ez gara euskaldun amerikanoek ETB ikus dezaten jarri den satelite kanalaz mintzo. Mundu osoaz eta Internetez ari gara, eta litekeena da EITBkoek horren jakitun ere ez izatea. EEBBetako SCOLA izeneko irabazi asmorik gabeko elkarteak, egunero, bezperako Gaur Egun albistegia emititzen du RealVideo formatoan.

SCOLAk satelite bidezko hiru kanal ditu. Iowa estatutik emititzen du Ipar Amerika osoa estaliz. SCOLAren helburua hizkuntzen ikaskuntzan laguntzea da, jatorrizko hizkuntzan 50 herrialde ezberdinen telebista saioak jaso eta berriro emitituz. Bakoitzari ordu erdi inguru emanda, etengabe ari dira herrialdez eta hizkuntzaz aldatzen lehendabiziko bi kanaletan. Era horretan, lehenengo kanalak munduko albistegiak eskaintzen ditu, eta bigarrenak bestelako saioak. Hirugarrenak bakarrik txineraz emititzen du.

Lehen kanala, gainera, RealVideon ere emititzen dute etengabe, hortaz, aukeratu duten Gaur Egun albistegia mundu osoarentzat ikusgai dago. Astean zehar hemengo 18.45etan ikus daiteke. Larunbatetan gauerdian eta igandeetan 23.00etan. Ezetz asmatu bigarren kanalan zer ematen duten? Bai horixe, Goenkale. Lastima hori RealVideon ez eskaintzea, ezta?

SCOLA
http://www.scola.org


Laburrak:

Webguneak

Ostadar Mendi Taldea
Urretxu eta Zumarragako Ostadar Mendi Taldeak badu bere txokoa sarean. Oso diseinu txukuna du eta taldearen gaineko jakingarriak eskaintzen ditu, hala egindako irteerak eta ohiko ibilbide nagusiak nola ospakizun-ibilaldi bereziak. Mendizaleentzat baliagarriak diren zerbitzuak ere eskaintzen ditu: eguraldiaren iragarpena, sorospen zerbitzuak eta aterpeen informazioa. Jonmikel Insausti internauta euskaldunaren lanaren ondorioz mendiaz goza dezakegu etxetik mugitu barik.

Ostadar Mendi Taldea
http://www.geocities.com/Yosemite/Trails/7802

Euskaldun satanikoak
Espainiako Disidencias izeneko aldizkari elektroniko berezitua-ren gaiak hauek omen dira: “disidentzia, masoneria, terrorismo, antropologia, esoterismo, sektak, sinbolismo, kritika eta bitxikeriak”. Euskaldunon arazoaren funtsa aurkitzen omen du “Terrorismo vasco, matriarcado y sacrificios humanos” izeneko erreportaian. Denetarik ikusi behar.

Disidencias
http://www.arrakis.es/~emila

UPN online
UPN nafar alderdiak bere webgunea ezarri du amaraunean. Bertan, partiduaren izaerari buruz informatzen dute, Nafarroaren eta Espainiaren aldeko konpromezuan alderdia lotzen duten printzipioak azalduz. “Nafarroako zentroan” ezartzen dute alderdia bere kideek. Bada, euskara oso gauza periferikoa izan behar du, webgune osoan ez baita haren arrastorik txikiena aurkitzen. Areago, alderdiaren azalpenetan zein hauteskundeen programan ez da hitz bakar bat ere ageri lingua vasconum hartan, ezta hari buruz erdaraz mintzatzen den orrialderik.

UPN
http://www.upn.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner