2000ko azaroak 29, Asteazkena | UNInet |

Eusk@ratze kiribildua

Interneteko hitzak euskaratzeko ez dira ados jartzen euskal internautak

Aurtengo otsailaren hasieran EuskaraZ zerrendan piztutako eztabaida berpiztu da atzera azkenaldion. Proposamenak lehengoak dira, oraindik ez baita honen inguruko erabakirik hartu. Euskaltzaindiak "@" zeinurako azeri buztana erabaki duen zurrumurru faltsuak piztu du atzera proposamen eta kontraproposamenen lehia.

Baina badira euskaratze korapilotzua duten hitz tekniko gehiago sareko berbeta berri honetan. Esaterako, nola esan behar da gaztelaniaz RDSI deritzaiona euskaraz? ADSL (Asinchronous Digital Subscriber Line) aldatzen ez dugun bitartean, zergatik errepikatzen dugu Ingelesez ISDN esaten zaion kontzeptuaren gaztelaniazko RDSI itzulpena? Erdaren eragina nabaria da kasu hauetan.

Baina hitz gehienak ingelesezko bertsioan uzten dira. Ondoren datorkigun galdera da ea hori zuzena den. Esaterako, cookie, hacker, clickthrough, chat, Bulletin Board System eta sniffer esan behar dira ala kuka, pirata, klik-sartze, berriketa, ohar-taula elektronikoa eta usnari esan behar dugun. Badira itzulpen erraza eta argia duten hitz batzuk, berriketa esaterako, baina beste batzuk itzuli ostean ulergaitzak gertatzen dira eta nekez hartuko dituzte internautek eguneroko erabileran. Gaztelaniak batzuk itzultzearen bidea hartu du, beste batzuk ingelesetik zuzenean hartuta.

UZEI, terminologia eta lexikografiako euskal zentroak arlokako hainbat hiztegi osatu ditu egundaino eta orain Internet hiztegia osatzeari ekin dio. Hiztegi teknikoak egitea eta xede berezietako euskara da euren langai nagusietako bat. Informatika hiztegi bat osatu zuenean gai honi buruzko hainbat hitz ageri ziren, baina UZEIren proposamen batzuk internauta euskaldun gehienen ohiko erabileratik urrun xamar zeuden, esaterako, link izendatzeko zabalduagoa den lotura-ren ordez esteka jartzea.

Ez da inondik inora lan erraza, baina euskaldunok arazo handiagoa dugu, ingelesaz gain baditugulako beste bi hizkuntza, erabileran hedatuagoak eta egundoko eragina dutenak euskaldunon lexikoan. Esaterako, nola esan behar dugu euskaldunok ingelesez application esaten zaiona? Frantsesez logiciel esan ohi zaion bitartean gaztelaniaz programa esaten zaio.

Arroba-ren auzia erabakitzeko, oraingoz txikia den erabiltzaileon komunitatean bozketa egitea proposatu da, Internetek horretarako bidea damaigula baliatuta. Zer gertatuko da azkenean? Euskaltzaindiak azken hitza izango du baina erabiltzaileon artean dago proposamenak definitu eta arrazoitzeko aukera.

Ez da arroba
www.geocities.com/ezdaarroba
UZEI
www.uzei.org
EuskaraZ
www.ueu.org/euskaraz.htm
Euskaltzaindia
www.euskaltzaindia.net


Iritzia: Euskadinternet 2000

Sarea negozioa besterik ez delakoan

Iragan astean, azaroaren 20 eta 21ean, Euskadi Internet 2000 topagunea izan zen Donostiako Kursaalean. Izenburuak zeozer orokorragoa aditzera eman dezakeen arren, e-bussiness eta marketing-era soilki bideratutako bilgunea izan zen Donostiakoa.

Ertzaintzaren eta Goardia Zibilaren eskutik, publikoaren morboa orokorkeri batzurekin asetu ez zuen delitu informatikoei buruzko mintzaldia kenduta, beste hitzaldi guztiak sarearen negozio aukerak goraipatzera zuzendu ziren.

Horixe zen bertaratutako zenbait internauta arrunten kexua, oso oinezko internauta gutxi ikus baizitekeen bertan. Astelehenean bertara sartzeko 20.000 pezeta ordaindu behar zirela kontutan hartuta, guztiz logikoa da, negoziotan dabiltzanentzat eginiko bilgune sektoriala baitzen.

Edozein topaguneren orientabidea antolatzaileek markatzen dute eta kasu honetan, Gipuzkoako Bazkundeak erabat merkataritza elektronikora bideratu du erabat. Sarera heldu berriak diren merkatariek negozioa egin nahi izatea zilegi den bezala, erabiltzaile arruntak protagonismorik edo ekimenik gabeko multzo pasibotzat hartuak dira honelako foroetan. Sarean gehiengoa osatu arren, gure rola eroslearena izan behar omen da eta kitto.

Bestalde, Buber sariek ere antzeko nahasmenera garamatzate: sariok astearteko ekitaldian banatu ziren. Hauen bidez Jose Antonio del Moralek zuzentzen duen @Euskadi buletinak urteko webgunerik onenak saritu zituen eta epaimahaiaren zein publikoaren aukerak Guggenheim museoaren webgunea eta EITBrena izan ziren, hurrenez hurren. Aukeragaiak soilik enpresa edo instituzio handien 10 webgune ziren.

Oraindik bankuak, telefonia enpresak, ziberinbertsoreak eta pelotazozaleak sarean ez zeudenean Euskal Herriari buruzko webgune pertsonala egin zuen irabazi asmorik gabeko internetzale bolondresa da Buber, hain justu, asteartean bertan azaldu ez zen Interneten alderdia.

Euskadinternet 2000
www.euskadinternet.com

LABURRAK

Internet ikasi
Euskaraz Interneti buruzko i-Gela izeneko ikastaroa ipini du sarean Inaxio Elizegi izeneko internauta batek. Bertan sarea erabiltzeko oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira: eztabaidaguneak, softwarea, underground-a, web nabigazioa, posta elektronikoa eta beste baliabide batzuk azaldu eta erabiltzeko gomendioak ematen ditu Elizegik online ikastarotxo honetan. Sarean topa daitezkeen doako zerbitzuen helbide interesgarriak ere ageri dira i-Gela honetan.

i-Gela
www.netkam.com/inetikas/
Luis Fernandezena
www.codesyntax.com/huhezi/aurkez.html

Flash filmak
Bartzelonan Flash filmen jaialdia antolatu dute datorren urteko maiatzaren 3, 4 eta 5erako. Shockwave Flash formatoan eginiko film laburrak bilduko ditu jaialdiak eta era guztietako animazio ez komertzialak aurkez daitezke. Sei ataletan banatuko dira sariak: artea, fikzioa, dokumentalak, interaktiboak, animaziozkoak eta musika klipak. Bertan esku hartu nahi dutenek nahi beste film bidal ditzakete baina maiatzaren 31 arteko epea dute euren lanak webgunera igortzeko. Behin lana eginda daukagunean, nahikoa izango da webgunera konektatzea eta bertan gure datuak sartu ostean botoi bat sakatuta bidaliko diegu guk eginiko filma.

Online Flash Film Festival
www.offf.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner