2000ko azaroak 30, Osteguna | Irristatzen |

Konektatzeko aukera

EAEn ordenagailua merkeago erosteko aukera dute

Konekta Zaitez plana indarrean sartu da EAEn. Plan honen bidez, Internetera konektatzeko ordenagailuak etxe guztietan sartzea bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, zenbait aurrezki kutxaren laguntzarekin. Horretarako, 45.000 pezetarainoko dirulaguntzak eta interes baxuko maileguak emango dizkie Internautagai berriei.

Plan honen xedea herritarrak Internetera sartzea da. Beraz, ez dira onuratuko sarerako bailagarriak ez diren ordenagailuak eta, gainera, gutxieneko ezaugarri batzuk izan beharko dituzte aparailu berriok. Telefonorako konexioa ezinbestekoa den bitartean, gutxieneko abiadura da bigarren ezaugarria. Prozesagailua Windows sistemako ordenagailuetan gutxienez 733 Megahertzioko Intel Pentium III bat izan beharko du, edo beste marka bateko baliokidea. Macintosh-etan Power Mac G3, 350 Mhztara izan beharko du planaren barruan sartzeko.

Hori mahai gaineko ordenagailuei dagokienez, zeren eta eramangarrietarako eskakizuna 366 Mhzko makina izatea eskatuko da, besterik gabe. Hasieran, ezaugarriak zehaztu dituzten SPRI elkarteko kideek eskakizun altuegiak jarri zituzten eta beraz ordenagailu horiek garestiegiak suertatzen ziren poltsiko gehienentzat. Informazio gehiago eskuratzeko, webgunea zabaldu du Jaurlaritzak eta bertan azalpen gehiago aurkituko ditugu.

Aukera ederra da Konekta zaitez plan hau ordenagailua erosi nahi eta ezinean dabilen askorentzat. Hala ere, nahaspila handia dago dendetan eta aurrezki kutxa askotan, gehienek ez baitakite nola egin behar den dirulaguntzaren eta maileguaren tramitazioa egiteko.

Plan honekin lotutako beste ekimen bat jarriko du abian aurki jaurlaritzak, herritarrak sarera jalgi daitezen. Urtarriletik aurrera doako ikastaroak eskaintzen hasiko da, Interneti buruzko oinarrizko kontzeptuak eta tresnak menperatzeko. Sabin Intxaurraga lan sailburuak adierazitakoaren arabera, urtero 20.000 lagunek jasoko dute 16 orduko ikastaro hau Langairekin hitzartutako zentroetan. Eskolak 12 laguneko taldeetan jaso ahal izango ditu 16 urtetik gorako edozein herritarrek.

Konekta Zaitez
www.konektazaitez.net
Langai
www.egailan.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner