2000ko ekainak 14, Asteazkena | UNInet |

Sonar 2000, Teknofiloen akelarrea

Musika eta arte elektronikoaren bilgune nagusia bihar hasiko da Bartzelonan

Bihartik larunbatera bitartean, dosi gogor eta laburrean kontzentratuko da Sonar 2000 jaialdia, musika aurreratuaren eta multimedia artearen nazioarteko jaialdiaren zazpigarren edizioa. Hala ere, etenik ez du izango hiru egunotan, gauez zein egunez jardungo baitute artistek Bartzelonan. Guztira 250 ekitaldi baino gehiago iragarrita daude aurtengo jaialdian.

Besteak beste, 50 kontzertu, 70 bat DJ, 90 inguru film eta 60 multimedia lan izango dira ostegunetik larunbatera etenik gabe, egungo kultura digitalaren erakusgarri ttipia besterik izango ez den jaialdi honetan.

Unibertso oso baten lagin txikia izanik ere, nazioartean ospea hartu du Kataluniako jaialdiak. Horren froga dugu hedabideen presentzia handia espero dutela: 130 Espainiatik eta beste 120 kanpotik. Aurten 48.000 bisitari izango direla uste dute antolatzaileek eta bertan euren lanak erakusten 300 enpresa izango dira Bartzelonako Centre de Cultura Contemporanea-n.

Gainera, egun ia edozein ekitaldi garrantzitsuk Interneten badu bere isla eta, beraz, kultura digitalaren erakusgarri den jaialdi honek ezinbestekoa zuen sarean present egotea. Batetik, jaialdiaren webgunea dago, egitarauaren eta jaialdiaren berri ematen duen webgune nagusia. Bertan, akreditazioak eta sarrerak lortzeko zein ostatuak aurkitzeko argibideak ematen dira, azken orduko berriak ere aurki ditzakegu eta iragan urteetako edizioen webguneak bisita ditzakegu.

Bestetik, Sonar Online webgunea dago, Bartzelonara bertaratu ezin duenarentzat jaialdia urrunetik modu birtualean bisitatzeko aukera. Bertan, jaialdiko zuzendarietako bat den Enric Palauren hitzetan, "jaialdiaren atalik artistikoena egongo da: bideoklipak, musika, Sonar Cinema ataleko zinema eta bideoen irudiak". RealVideo formatoan ikusgai izango dira hainbat klip, laburmetraia eta bilduma. Gainera, jaialdiko giroa eta artisten ekitaldiak zuzenean ikusteko aukera izango dute bisitari birtualek. Egunez zein gauez, lau kamara zuzenean ekitaldiak sarera igortzen ariko dira etengabe. Palauren arabera, "era horretara askok ikusiko dute jaialdia. Izan ere, jada Brooklin, Tokio, Txile eta horrelako lekuetatik izan ditugu bisitariak webgunean".

Sonar Online-n, etengabe jaialdian entzun ahal izango dugun musika sareratzen ari den Radio Sonar irratia entzuteko aukera dugu jada. Musika izan da hasieratik jaialdi honen elementurik garrantzitsuena, musika digitala eta haren baitan hedatuenak diren joerak nabarmentzen dira programazioan. Baina jaialdi honetan hain ezagunak ez diren joerak ezagutzeko parada izango dugu ere bai.

Hala ere, hasieran aipatu bezala, egungo kultura digitalaren adierazpide diren beste jarduerek ere euren tokia hartu dute festibal honetan, betiere eremu digitaletik aldendu barik. Abangoardian dauden artistek musika beste bideekin konbinatzen dute eta joera multimediatikoa nabarmentzen da Sonar 2000 honetan.

Bartzelonara bertaratuko diren zorionekoek multimedia eta sarearekin erlazionatutako gaiak bertan ere aurkituko dituzte, Sonarvillage karpan, zabalago eta sakonago ikuskatzeko aukerarekin. Bertan nabigatzeko aukera ere izango dute 25 ordenagailuren bidez. Disketxeak eta beste erakusleak izango dira karpa berean, ehunka stand-etan.

Aurten Berlin hiriari erreparatuko dio bereziki Sonar jaialdiak. Bertan egiten denaren aukera bat bildu dute: diseinu grafikoa, instalazioak, performanceak. Hiria aukeratzeko, club kulturak duen tradizioa kontutan hartu dute eta baita Alemaniako hiriburua berriro bilakatu den hiriak musika elektronikoan duen garrantzia ere.

Sonar 2000
www.sonar.es
Sonar Online
www.sonaronline.ya.com


Laburrak

Tarifa laua
Espainiako Asociacion de Internautas (AI) elkarteak gobernuak behingoz tarifa laua onar dezan behartzeko kanpaina hasi zuen iragan astean. "Erlojuari begira jarraitzen dugu, tarifa laua orain!" leloa duten milaka kartel ipini dituzte Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian. Kanpaina honen bidez gobernuari eta gizarteari gogorarazi nahi diote martxoko hauteskundeetan alderdi politiko gehienak, PP barne, tarifa lauaren alde agertu zirela.

AI
www.internautas.org


Pititako sarean
Webgune berria estreinatu zuen iragan astean Santurtziko Pititako irrati libreak. Lehenagotik bazuten txokoa berriztu dute diseinu aldetik eta eduki berri batzuk sartu dituzte. Sindominio.net izeneko zerbitzari alternatiboaren baitan ezarri dute webgunea Pititakokoek. Bertan, Agencia en Construccion Permanente (ACP) albiste agentzia horizontala aurki dezakegu beste hainbat lotura interesgarriren artean.

Pititako Irratia
www.sindominio.net/pititako

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner