2000ko ekainak 15, Osteguna | Irristatzen |

Tolkien-en eraztuna

The lord of the rings filmaren lorratza sarean

Irakurri dugun liburu baten pantailako bertsioa ikusteak beti sentimendu arraro bat uzten digu, lehenago imaginatutakoa ikusteko gogoa izaten dugu maiz eta, ikusi ostean berriz, atsekabea sarri. Laster, The lord of the rings liburuaren filma ikusteko aukera izango dugu, egunotan Zelanda Berrian filmatzen ari baitira Peter Jackson-en gidaritzapean. Baina filma nolakoa izango den jakiteko irrikitan bagaude, sarean aurkituko ditugu hainbat datu eta irudi irrika hori asetzeko edo areagotzeko.

J.R.R. Tolkien-en trilogia filmatzeko asmoa du New Line Cinema ekoiztetxeak. Hala ere, kronologikoki bigarrena den liburutik hasi dira, 1954ko The lord of the rings baino lehen Tolkienek The Hobbit idatzi baitzuen, 1937an. Mitologia keltiarra eta finlandiarra hartu zuen inspiraziotzat Tolkienek hobittak, elfoak, ipotxak, gizonak eta orkoak bizi diren mundu magikoa osatzeko.

Tolkienen unibertsoak Star Treken inguruan sortutako fan fenomenoaren antzekoa dute, sarean hainbat webgune, webring eta eztabaidagunetan. Haietan eztabaidagai nagusia dute aurtengo filma eta unibertso hori ongi islatzen duen ala ez. Iaz Star Wars, The phantom menace filmarekin gertatu bezala, sarea ere bihurtu da ekoizleek lorratzak tantaka uzten ari diren hedabidea. Jada, filmearen aurrerapen edo preview bat ikusteko modua dago, saretik jaitsita.

Bertan, kalitate eskasarekin bada ere, pertsonaiak nolakoak izango diren jakiteko aukera izango dugu, filmaren estreinaldia 2001. urteko gabonetarako aurreikusita baitago. Bitartean, filmari buruzko foroak eta webguneak hazten ikusiko ditugu eta, gainera, kontua ez da horretan geratuko. Bigarren zatia –The Hobbit– eta hirugarrena –The Silmarilion– 2002 eta 2003rako aurreikusita daude, hurrenez hurren.


www.lordoftherings.com
www.lordoftherings.net
www.thelordoftherings.com
www.theonering.net
www.fandom.com/ringbearer

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner