2001ko martxoak 21, Asteazkena | UNInet |

Telelana: ez goaz lanera

Lan mota honen alderdi onak eta txarrak

Badakigu, gizarte digitalaren iragarpenak egin ohi dituen Javier Etxeberria filosofo jakintsuak hala esan du eta, etxea produkzio unitate bihurtzen ari dela atzera, lehengo baserria zen bezalaxe. Gizarte postindustrialean, gero eta ugariagoak diren –garen– telelangileak etxetik bertatik aginduak jaso, informazioa bildu, lanak egin eta enpresara bidaltzen dituzte telematikaren bidez. Informazioaren gizartean lana antolatzeko eta bizitzeko egitura berriak agertzen ari dira, parke teknologikoak eta lana bertan egiten den suburbio residentzialak kasu. Telelana gizarte horren ezaugarri garbia da.

Lanera joan behar ez izateak abantaila nabarmenak ditu garraioa erabili beharrik ez dagoelako. Itzartu eta berehala egon gaitezke lanean, beraz, denbora ere aurrezten dugu horrela. Egun, Internetekin erlazionatutako zereginetarako erabiltzen da gehienbat, edo diseinu grafikoa bezalako lanbideetan. Egoera batzuk ere aproposak dira telelana egiteko, amatasuna, gaisotasun kronikoak edo ezintasun fisikoak izanda etxera lotuagoak gaude eta.

Normalean telelangileak autonomoak izan ohi dira, freelance, hizkuntza modernizatua erabili nahi bada. Berauek kontratatzen dituztenek nahiago dute lan baten truke kopuru bat adostea, orduen arabera ordainduz gero langilea kontrolatzeko modurik ez legokeelako. Enpresek abantailak baino ez dituzte ikusten normalean telelanean. Lanpostuak aurrezten dituzte, ordenagailua eta azpiegitura gastuak. Askotan segurantza soziala ere aurrezten dute eta baita kontratuak egitea, dena baitoa langile autonomoaren kontu. Horregatik askotan prekarietatea dakar lan mota berri honek.

Etxean PC bat instalatuta eta sarerako konexioa eginda nahikoa izaten da. Beste batzuek faxa eta telefonoa jartzen dute eta gela bat atontzen dute bulego bezala. Itzultzaileak, arkitektoak, idazkariak, kontuhartzaileak, kontsultoreak, maketatzaileak, publizistak, merkataritza elektronikoaren bidezko saltzaileak, burtsako goraberehen jarraipena egiten duten langileak eta inbertsoreak dira telelanari etekinik handiena ateratzen diotenak.

Baina lan mota honek bere alderdi txarrak ere baditu. Garrantzitsuena lanaren eta aisiaren eremuak ez ezberdintzea da. Pijama jantzita ohearen ondoan eta edozein ordutan lanean jardutean espazio fisikoak eta denborak ez dituzte ezberdintzen telelangileek eta horrek itolarria eragin dezake. Buruarentzat kaltegarria da espazioak ez ezberdintze hori. Stressa sortzen du eta lanetik ezin libratzearen sentsazioa. Gainera, egun dauden baliabide batzuek –ordenagailu eramangarriak eta telefono mugikorrak– lana edonora eramatea ahalbidetzen dute, lanaren kondena biblikoa areagotuz.

Susana Finquelievich irakasle eta telelangile argentinarrak lan mota berri honek dakartzan ondorioak ikertu ditu eta dena etxean egite horrek, besteak beste, putzuaren sindromea delakoa eragin dezakeela ikusten du. Ez bakarrik telelana baizik eta harreman guztiak etxetik distantziaz telefonoaren bidez egitea, aisia bideojoko eta telebistarekin, erosketak Interneten bidez. Etxetik irten gabe posible da ia bizitza osoa egitea, 2000. urte osoan Dotcomguy izeneko gazte batek frogatu duenez.

Putzuaren sindromea Algerian somatu zuten ikerle batzuek herri batean iturriko ura etxeetaraino eraman zutenean. Ordurarte putzura egunero joateko ohitura galdu zuten emakumeen artean neurosiak eta depresioak sortu ziren. Elkarrekin eragitea, kontaktu fisikoa oso garrantzitsua da gizakiontzat, izaki sozialak baikara, eta gero eta etxezuloagoak izateak hori galerazten du. Hori ekiditeko, telelangileak eta bizitzeko zerbitzu guztiak batzen dituzten EEBBetako auzune berri zenbaitetan, elkarguneak eraiki dituzte biztanle-telelangileek bilerak egin ditzaten eta isolamendua apurtzeko.

Ordutegi malgua izatea abantaila eta desabantaila izan daiteke. Ugazabaren presio zuzena jasaten ez duen langileak autodisziplinatua izan behar du, bestela ez du emaitza handirik izango. Gainera, ordutegiak ondo ezberdintzen ez badira, lanak egun osoa hartzeko arriskua dago, lanetik ezin libraturik.

Askotan telelana prekarietatearekin lotuta badago ere, badira euren burua dirutan ondo baloratzen duten profesionalak ere. Esaterako, guru.com webguneak funtzio zehatza du: profesional independienteak eta une jakin batean euren beharra duten enpresariek harremanetan jartzea eta, bertan, langile bakoitzak bere burua eskaintzen du prezio jakin batean.

Katalunian telelangileen elkarte bat dago eta haren webgunean informazio baliagarriak eskaintzen dituzte telelangileentzat. Lan mota hau arautzen duen legedia canaltrabajo.com-en aurki dezakegu, hainbat gogoeta adibide eta aholkurekin batera.

Guru
www.guru.com
Kataluniako telelangileak
www.telecat.org
www.abcwork.net
Telelanaren ezaugarriak
www.ctv.es/USERS/gesworld/Art005.htm
Grupo de trabajo independiente
http://gtii.org/
Legedia eta aholkuak
www.canaltrabajo.com/teletrabajo


LABURRAK:

Nobela interaktiboa

Ahalegin itzela egiten ari da Susa sarean makina bat eduki jarrita eta ekimen irudimentsuak aurrera ateraz. Besteak beste, zapatisten martxak iraun bitartean Iñigo Aranbarriren Zapataren oihana liburua osorik sarean jartzea otu zitzaien. Beste liburu askoren pasarteak entzuteko aukera dago webgunean bertan, RealAudio formatoan eta egileen ahotsetan kasu gehienetan. Arestiren letrak musikatuta entzun daitezke mp3 formatoan eta inprimatu gabeko hainbat testu osorik har daitezke webgunetik. Baina azken proiektua agian interesgarriena izango da, Koldo Izagirrek bere hurrengo nobela idatzi ahala webgunean publikatuko baitu eta zuzenketak eta berridazketak agertuko dira. Dudarik gabe, irakurleen feedback-ak bere eragina izango du idazlearengan eta idazketan.

Susa
www.susa-literatura.com
idazketa@armiarma.com

Ibiñagabeitia proiektua

Susa argitaletxeak beste webgune berri bat aurkeztuko du larunbat honetan Zarautzen. Bertan, euskal literatura aldizkariak egongo dira bilduta, sekulako gordailuan, armiarma.com domeinupean. Guztira, 130 aldizkari-zenbaki oso-osorik eta doan, 11 milioi karaktere orotara. Hor izango dira Igela, Ustela, Pott, Oh! Euzkadi, Susa, Xaguxarra, Txistu y Tamboliñ, Kandela, Korrok, Ttu-ttua, Porrot, Literatur Gazeta, Mazantini, Garziarena eta Zantzoa.

Ibiñagabeitia
www.armiarma.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner