2001ko martxoak 15, Osteguna | Irristatzen |

Oscar norentzat?

Sarien iragarpenak eta apostuak online

Laster batean Oscar sarien gaua izango da, hilaren 25ean. Proposatutakoen izenak badakizkigu eta, bitarte horretan, espekulazioak eta iritziak barra-barra entzungo ditugu. Interneten hori guztia ere aurki dezakegu, ehunka webgunetan biderkatuta eta posturak tartean direla.

Urte batetik bestera 365 egun izaten dira espekulazioak eta iragarpenak egiteko. Baina, martxoaren 25eko gaua hurbildu ahala, izugarri emendatzen dira, nominatuen izenak ezagutu bezain laster. Hori otsailaren 13an gertatu zen eta orduz gero Oscarwatch webgunean bisitarien trafiko handia dago. Oscarretan berezitutako webgune honetan, filmak eta akademiako giroa ongi ezagutzen duten adituen eskutik jaso ditzakegu iragarpenak. Iaz 23 ataletako iragarpenetatik 21 bete-betean asmatu zituzten.

Aste honetan pista onak emango dizkigu gidoilarien, zuzendarien eta aktoreen elkarteek, hurrenez hurren, emango dituzten sariek, eragin zuzena baitute Oscar sarien bozketan. Oscar-etarako bozkak 20an itxiko dira eta orduan izango da gori-gorian espekulazio maila. Posturak egiteko aukera leku askotan aurkituko dugu, esaterako, galgoen eta zaldien lasterketetan dirua jokatzeko erabili ohi den ballysraceandsports.com webgunean. Lasterketa bailitzan aurkezten digu Gold Derby-k, adituen iritziak lagunduta.

Baina sareak bozketak eta inkestak egiteko eskaintzen duen aukera baliatzeko eskatzen dute batzuek, Oscar-en aukeraketa demokratikoagoa izan dadin. Asmatzeagatik sariak eskaintzen digu moviething.com webguneak eta Mr. Showbiz-ek astrologoen laguntza du iragarpenetan.


Oscarwatch
www.oscarwatch.com
Screw Oscar
www.geocities.com/vienna/opera/1529/screw-oscar/
Gold Derby
www.goldderby.com
Mr. Showbiz
mrshowbiz.go.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner