2002ko azaroak 21, Osteguna | Irristatzen |

Domeinuak eta ordaintzea auzitan

Berriki Michelin enpresak domeinua kendu dio bizkaitar bati. Indie musika jartzen duten tabernen gida bat zeukan honek, 1998an erregistratutako michelindie.com domeinupean. Uda honetan Michelin-ek salatu zuen, «bere markarekin nahastea sortzen duelako». Webgunearen edukiek marka horrekin eta bere jarduerekin inolako zerikusirik ez duten arren, epaile batek arrazoia eman dio frantziar enpresari, bizkaitarrak bere domeinua michelin eta die hitzen elkartzearekin sortu zuela argudiatuz, «ingelesez esanahi ilun eta tragikoa duena», epailearen esanetan. Erregistratzaileak asmo gaiztoa izatea da WIPO auzitegiak inori domeinu bat kentzeko onartzen dituen balizkoetako bat.

Auzitegi horretatik pasatu zen metrobilbao.com domeinuaren kasua. Orduan WIPOk Natxo Allende marrazkilari eta porno aktore bilbotarrari arrazoia kendu zion, honek asmo txarrez erregistratu zuelakoan, Metro Bilbao zen webgune horren gaia, baina Allendek zera argudiatu zuen: enpresak duen metrobilbao.net domeinuan ez zegoela garraiobide horren kalitatearen gaineko eztabaidagunerik. Erabakia gora behera, domeinua Allenderen eskuetan dago oraindik.

Aste honetan jakin dugu, halaber, El Pais egunkariaren edizio digitala ordainduzkoa izango dela aurrerantzean. Hala iragarri dute, eguneko 20 zentimoren truke irakurri ahal izango dugula eguneroko hori. Ordaindu ezik, soilik titularrak eta editoriala egongo dira eskuragarri. Diseinu aldaketarekin batera etorri da ikuspegi aldaketa hau. Izan ere, Duela sei urte bisitatu nuen lehendabiziko web orrialdeak orain arte aldaketa gutxi izan ditu.

Sarean aspaldi dagoen debatea da kalitatezko edukien truke eta tartean publizitatea jaso behar ez izatearen truke diru kopuru bat ordaintzea onartu ala ez. Baina internauten artean ez dira asko ordaintzeko prest daudenak, dena debalde izatearen ohitura nahiko zabalduta baitago. Kalitatezkoa zer den eta ordaindu beharreko diru kopurua zenbatekoa den dira gakoak.

Honen gaineko eztabaida indarrean dagoen webgune bat dugu baquia.com, sarearen inguruko albisteak eta iritzi artikuluak biltzen dituen webgunea. Bertan, Iñaki I. Rojok joera horren kontrako iritzia ematen du: «Bada sarean paperagatik kobratu nahi duenik ere, sarean paperik ez dagoen arren». Hainbat erantzun jaso ditu iritzi horrek, kontrakoak eta aldekoak.

New York Times egunkariak ez du kobratzen edizio digitala irakurtzeagatik, baina hasieratik ezarri zuen erabiltzaile erregistratua izatearen ezinbesteko baldintza. Jada egunkari amerikarraren online irakurleak paperezko edizioak dituenak baino gehiago dira eta, akaso, horrek izan du eraginik madrildarren erabakian.

Azkenik, Mandrake Linux-en euskarazko bertsioa aurkeztu dute egunotan. Dudarik gabe, datorren larunbatean aipatuko dute gaia, Eibarren Udako Euskal Unibertsitateak antolatu duen software librearen gaineko mintegian.

www.michelindie.com
www.wipo.int
www.baquia.com
www.nytimes.com
www.ueu.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner