2002ko otsailak 28, Osteguna | Irristatzen |

Musikaren bila

Kantak eskuratzeko aukera gehiago sarean

Duela ia urtebete Napster itxi zutenetik hona musikaren elkartrukea ez da gelditu Interneten. Aldatu da, hala ere, errepresioaren beldurragatik. Denbora honetan musika eskuratzeko bideak aniztu dira, Napster ordezkatu duten programen egileak zuhurragoak egin dira, disketxeen beldurragatik, eta sarean musika bilatzeko lehen baino ahalegin handiagoa egin behar da.

Musika elkartrukatu nahi dutenek ere jaso dute disketxeen salaketarik, horregatik uzkurragoak dira eta ez da maiz aurkitzen diskak webguneren batean eskegitzen dituen jendea. Espainian SGAEk mp3 formatoan dauden artxiboen bilatzaile automatizatuak jarri ditu sarea arakatzen eta musika duen webgune bat aurkitzen duenean mehatxua bidaltzen dio bertako arduradunari edo webgunearen ostatariari.

Horregatik, hainbat neurri hartzen dituzte horrelako webguneek errepresioa ekiditeko. Sarritan lekuz aldatzen dira, ohiko erabiltzaileei abisua pasatuta, batzuetan ostatariak zentsuratuta eta beste batzuetan SGAE edo antzekoek salatuak ez izateko. Doako ostatua hartu ohi duten ostatariek ez dituztek normalean mp3 artxiboak onartzen eta horregatik abestiak izkutatzen dituzte, .gif edo .jpg atzizkiekin, irudiak balira bezala. Norberak bere ordenagailuan gordetzerakoan atzizkia aldatu besterik ez du. Beste batzuetan .zip artxiboetan konprimituta jartzen dituzte eta zuhurrenek Camouflage programa erabiltzen dute izkutatzeko.

Camouflage-k izkutatu nahi dugun dokumentua beste formatoko artxibo baten barruan sartzen du eta artxibo hori pisuan handiago egingo da baina lehengo itxura mantentzen jarraituko du. Esaterako, jpg argazki batean mp3 abestia izkutatzen badugu, artxiboa jaitsita argazkia berdin ikusten jarraituko dugu eta pisu handiagatik ez bada ez gara zertan konturatu behar barruan bestea duela. Aldez aurretik badakigu, ordea, Camouflage erabiliz atera diezaiokegu izkutatutako abestia argazkiari. Gainera, geuk hala aukeratuz gero pasahitz bat jar dezakegu artxiboa atera ahal izateko.

Baina webgune batean eskegitzeaz gain, elkartrukerako programak erabil daitezke oraindik trukerako, Napster-en ondorengoak. Adituek diotenez, egun modan dagoena Audiogalaxy dugu. Musikaren elkartrukerako soilik erabiltzen da eta aukera zabala ematen du. Bilaketa webgunearen bidez egiten da eta programa kantak jaisteko erabiltzen da. Beste aukera bat Morpheus dugu, musika ezezik bideoak, argazkiak, programak, jokoak eta artxiboak jaisteko balio du baina aukera murritzagoa du musikari dagokionez. Beste programa batzuk ere badira, Kazaa edo Winmx kasu, baina ez daude Audiogalaxy bezain hedatuak.

usuarios.tripod.es/territoriomp3
www.top-mp3.com
www.camouflage.freeserve.co.uk
www.audiogalaxy.com
www.morpheus.com
www.winmx.com
www.kazaa.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner