2002ko otsailak 21, Osteguna | Irristatzen |

Windows fidagaitza

Windows eta Audiogalaxy erabiltzearen arriskuaz

Iragan astean mintzatu ginen Microsoften produktuak erabiltzen ez dituzten mohikanoez. Oraingoan, aldiz, Windows erabiltzen dutenek ezagutu beharko lituzketen arriskuez jardungo dugu. Bill Gatesen produktuak erabiltzen dituzten milioika erabiltzaileek jakin beharko lukete Windows, bere bertsio guztietan, sistema eragileetan fidagaitzena dela segurtasun kontuei dagokienez. Linux edo Mac OS baino askoz zulo gehiago ditu, inor gure ordenagailuan sartzeko zulo aproposak.

Sistema eragile ezagun horren azken bertsioak Windows XP izenekoak, hainbat segurtasun akats dituela agertu dute Kriptopolisen idatzen duten adituek. Ordenagailuak erabiltzaileak jakin gabe egiten duen datu pertsonalen bidalketak ere haren intimitatea urratzen dutela salatu dute sareko ekintzaileek. Baina zuloak direla medio, norbait kanpotik sar daiteke gure makinan kuxkuxeatzeko edo birus bat sartzeko. Esaterako, egungo birus batzuk Outlook programetan sartzen dira eta nahikoa da berau dakarren mezua aukeratzea kutsatua izateko.

Espioitzaren biktima izan gaitezkeen jakiteko helbide interesgarria aurkitu dugu sarean, grc.com helbidean, Gibson Research Corporation-ek gure konexioaren eta gure babes neurrien segurtasuna handitzeko hainbat programa eskaintzen ditu eta ShieldsUP! izeneko doako proba egin dezakegu online gure babesak neurtzeko. Counterexploitation izenburupean, cexx.org webguneak hainbat programa interesgarri eskaintzen dizkie Windowseko erabiltzaileei, segurtasun zulo horiek estaltzeko.

Beste batzuetan, inor kanpotik saiatu gabe ere norberak ekar dezake birusa bere makinara. Sareak birusen hedapena izugarri erraztu du eta, adibidez, Audiogalaxy bezalako programak erabiliz har dezakegu birusa. Duela egun batzuk sustatu.com albistegian agertu zenez, Audiogalaxy-ren erabiltzaile askoren datu konfidentzialak hartu eta zerbitzari batera bidaltzen zituen programa honen bertsio batek iraila aldean, spywarea delakoa eginez. Programa zuzendu zuten, baina urtarrilaren hasierako bertsioan w32/Nimda.D birusa banatu zen programarekin batera. Kontuz ibili beraz eta, antibirusaz gain, segurtasun zuloak estaltzeko Microsoft-ek tarteka ateratzen dituen partxeak ezarri zuen Windows babesgabeetan.

www.audiogalaxy.com
www.cexx.org
www.spychecker.com
www.grc.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner