2002ko otsailak 14, Osteguna | Irristatzen |

Word monopolioaren aurka

.doc dokumentuen aurkako kanpainia

Iragarri genuen bezala, LSSI lege eztabaidatua eta eztabaidagarriaren proiektua argitara atera zuen azkenik Espainiako gobernuak iragan ostiralean. Filtrazioengatik ezagututa espero zen testuak aurreratutako erreakzioak ekarri bazituen ere, azpimarratzekoa izan zen El Mundoren Navegante atalak erakutsi zuen erabateko atxekimendua, El Paisek oso kritika negatiboa egiten zuen bitartean.

Eta sarean irristatzen segituz, beste eztabaida interesgarri bat aurkitu dugu Microsoft enpresaren softwarearen erabileraren inguruan. Berriki zarauztar batek irabazi duen Amodiozko Gutunen Berrigara lehiaketara testuak derrigorrez Microsoft Word formatoan aurkeztu behar zirela kexu zen Luis Fernandez sustatu.com-en. Posta elektronikoz lagunei testuren bat helarazteko edo albisteak zabaltzeko Word dokumentuak erabiltzea oso hedatuta dagoen joera da, ez Interneterako eta hedapenerako formatorik egokiena delako, jende askok besterik gabe lagun hurkoak ere Microsoft-en produktu hori erabiltzen duela jakintzat ematen duelako baizik. Ez da horrela gertatzen ordea eta Windows edo Mac OS erabiltzen duten hainbat lagunek ezin izaten dituzte artxibo horiek irakurri.

Beste zailtasun bat Word programaren bertsioak jartzen du. Bidali digunak gurea baino Word-en bertsio berriago batean bidaltzen badigu ezin izango dugu artxiboa zabaldu. Gainera, askotan attachment moduan joan beharrik ez duten artxiboak izaten dira. Lasai lasai mezuaren barruan egon daitekeen testua izan ohi da .doc horretan datorrena, formato berezi bat gorde beharrik ez duena. Dena dela, programa ezberdinen artean testuak arazorik gabe trukatzeko .rtf eta .pdf formatoak daude, esaterako, askoz aproposagoak direnak eta testuaren ezaugarriak –letra beltza, italika, tipografia, neurria eta beste– ongi gordetzen dituztenak. Testu arruntetarako, berriz, gehienetan ASCII formatoarekin nahikoa izango dugu euskaraz idatziz gero.

Eta .doc formatoaren tirania horren aurka matxinatu dira, besteak beste, Deustuko Unibertsitateko informatika ikasle batzuk. Irakasleek .doc artxiboak erabiltzearei utzi diezaioten galdatzen dute eurek ezarritako universidaddedeusto.com zerbitzarian. Gates-en monopolioari alternatibak bilatzeko garaia da, beraz. Sun enpresak babestutako Open Office proiektuak software libreko suite bat eraiki nahi du, testu tratamendua, datu basea eta kalkulu orria dituen Microsoft Officeren antzekoa baina doakoa eta jendearen ekarpenei irekia. Momentuz ez dago oso garatua eta oinarrizko funtzioak baizik ez ditu egiten baina doan jaitsi dezakegu saretik.

Ez dirudi romantikoegia, dena dela, amodiozko gutunak idatziz munduko gizonik aberatsena are gehiago aberastea. Bill Gatesen kontrako webguneak asko dira, batzuek deabrua bera dela diote baina bitxiena haren heriotzaren berri damaigun billgatesisdead.com

www.universidaddedeusto.com
www.openoffice.org
www.billgatesisdead.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner