2002ko otsailak 7, Osteguna | Irristatzen |

Internet kontrolpean

Sarea arautuko duen legearen ingurukoak

Espainiako gobernuak ikasleek Francoren garaiko revalida izeneko azterketa berriz egin beharko dutela iragarri du. Egunotan iragarpen horrek gerizpean utzi du Madrildik datorren beste kontu bat, Interneteko edukiak arautzeko gobernuak egin asmo duen legearen aurreproiektua. Urtebeteko polemikaren eta eztabaidaren ondoren, bihar argitaratuko da LSSI legearen aurreproiektua.

Sareko hainbat jarduera arautuko zituen legea iragarri zuten unetik bertatik surtu ziren sarean adierazpen eta mugimendu askatasuna babesteko xedea duten sektoreak. Hainbat zirriborro eta aldaketaren ostean, bihar Zientzia eta Teknologia Ministerioaren webgunean argitaratuko den lege proiektuari begira daude internauta asko.

Printzipioz, gobernuaren arabera, legeak soilik sarean jarduera ekonomikoak arautuko ditu eta ez da adierazpen askatasunaren eremuan sartuko. Irabaziak tartean direla ematen diren zerbitzuak edo informazioa ematea bertan sartzen dira eta, batzuren ustez, informazioa ematea arautzen bada adierazpen askatasuna murriztuko da ezinbestez.

Legearen beste puntu eztabaidagarri bat izan da administrazioak webgune bat ixteko eskumena izatea. Badirudi azkenean lege proiektuak ez duela aukera hori onartuko, epaileek soilik itxi ahal izango dutela webgune edo zerbitzari bat. Hala ere, Interneten jarduera bat egiteko aldez aurretik erregistro batean alta emanda egon beharko dute webguneek. Neurri horrekin, gobernuak «merkataritza elektroniko seguruan konfidantza eman nahi die internautei, iruzurrak eta domeinu izenen erabilera ezlegezkoa ekidinez».

Neurri hauek, jarduera ekonomikoa kontzeptuaren interpretazio maltzur bat eginez, aldez aurretiko zentsura eta edukien kontrola ekar dezaketela ikusi dute sareko sektore askok. Esaterako, ziberaktibisten artean, Comando tarifa plana delakoa zuzentzen duen Makypress-ek lege proiektuaren laugarren zirriborroa deitu izan dena lortu zuen iragan astean eta horren gainean izan dira eztabaidak sarean, lege murriztailea izango dela frogatzen baita haien aburuz. Sareko aferetan aditua den Carlos Sanchez Almeida abokatuak legea salatu du eta, berau onartuz gero, epaitegietan haren aurka egingo duela aurreratu du. Pribazitatea eta sarearen erabilera librea defendatzen duen Kriptopolis webgunean aurkituko duzue lege honen aurkarien arrazoiak eta abian dauden kanpainien gaineko informazioa.


Ministerioa
www.mcyt.es
Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Makypress
www.villanos.net/makypress/
www.mienten.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner