1998ko maiatzak 10, Igandea | Nabigatzen |
IZPI, telelan zentrua Bastidan
Egunotan Euskal Herrian den beste telelan zentru baten berri ukan dugu. Gordexolako telelan zentroaren ostean gurean den bigarrena Ipar Euskal Herrian da, Nafarroa Behereko Bastida herrian. Bertako arduradun Beņat Jauregi euskaldunarekin harremanetan jarrita, berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak.
Nekazal gune batean dago 850 biztanleko Bastida baina era berean Baionatik 20 minutura. Izpiren sorrera azaltzeko gazteengan dagoen hirirako joera kontuan hartu behar da. Hori gelditzeko eta herriaren garapen ekonomikorako telelan zentru baten aukera aztertu zuen Leopold Darritchon alkateak beste aukera batzuen artean. Horrela, lan hezkuntza emateko ofizialak ekarri zituen herrian irakastera, baina era berean biziki interesatua zegoen telelanaren gaiarekin eta horren aukera aztertzeko lan talde bat bilatu zuen, Jauregi tartean zela. Azkenik, 14 hilabeteko ikerketaren ondoren sortu da Izpi telelantokia.
Izpiko jarduerak bi ikuspegi edo arlo ditu. Alde batetik telelan zentrua da eta bestetik enpresa bezala funtzionatzen du. Lehengoa da berez telelanaren ezaugarria ematen diona. "Hemen diren bulego eta materialekin edozein langile etor daiteke hemendik lanean aritzeko". Telelan zentruen doaia langile eta lan mota ezberdinak bilduz giro profesionala sortzean datza Jauregiren esanetan. "Zailtasunak izan dira jendeek etxean lan egiten zutelarik. Zailtasuna bizi pribatua eta lanaren artean berexkuntza egitean dago eta lan munduan izaitearen sentimenduan, moztura senditzen baitzuten beren lantegi eta lankideekin".
Beste arloan, Izpiren lana dago, nagusiki bitan banatuta. Batetik enpresentzako edizio lanak eta euskarri informatikoen kudeatze lanak egiten dira. Bestetik, berezko softwarea garatzen dute Izpikoek, horien artean liburutegien gestiorako programak, dirukontuen egoera jarraitzekoak eta harremanetarako datu baseen antolaketarakoak, besteak beste.
Barnekaldearen sustengua gauzatu
Lantoki bat Bastidan jartzearen abantailez galdetuta zera dio Jauregik: "Abantail nagusiak dira baserri eta hiria konparatzen ditugularik bezalakoak. Baserrian aurkitzen den bizitzeko giroa ainitzez hobeagoa hirian baino: lanerat joaiteko denbora, Parisen adibidez, eta bulegoen metro koadroaren prezioa". Industria gehienak bezala Lapurdiko kostaldean ez jartzeari, ordea, koeherentzia deritzo, "nahi baitugu ere elez entzuten dugun barnekaldearen sustengua ekintzetan gauzatu".
Finantziamenduari dagokionez, Bastidako Udalak, Akitaniako Kontseiluak eta Kontseilu Orokorrek laguntzen dute Izpi. Gainera Izpik tokia alokatuz telelangileei edo beraien enpresei pagarazten dizkie zerbitzuak.
Izpi:
Izpi@wanadoo.fr
Bastida herria eta Izpi:
http://wwwbay.univ-pau.fr/Basque/izpi.html
http://www.visite-online.tm.fr/pbe/dossierville/bastide/bastide3.html
http://www.cr-aquitaine.fr/anc/mag20/amenag.html
Amarauna: Adierazpen askatasuna
Ispiluen erantzuna erasoari
Amaraunaren hedapenaren ondorioz gero eta gehiago dira eta oihartzun zabalagoa dute harekin lotuta agertzen diren auziak eta legeen gatazkek. Hegoafrikan, Erresuma Batuan eta azkenik Dinamarkan agertu zaigu azken auzia. Hegoafrikako Nelspruit hirian udalak ur horniketa zerbitzua pribatizatu nahi du. Britainia Handiko transnazional batek, Biwater enpresak, eskaintzarik onena egin omen du. Baina udal zerbitzuko langileak enpresa honek kontratua lortzen badu kaleratuko dituen beldur dira eta mobilizazioak egiten ari dira horren aurka.
Berriki, APCko kide britainiarra den Greennet zerbitzarian dagoen Labournet izeneko gunean, gatazka hori zela eta Hegoafrikako egunkari baten albistea aipatu zuten. Albisteak zioenez, Biwater enpresak loturak ditu hainbat garapenerako programetatik ebatsitako diruaz onuratu ziren armagintza enpresa batzurekin. Biwater enpresaren abokatuek Greennet mehatxatu zuten webgune hori kendu ezik auzietara eramango zituztela esanez. Britainia Handiko legeetan adierazpen askatasunak berme handirik ez duenez, kendu behar izan zuten.
Gogoratu besterik ez dago iaz Internet Freedom elkartearen webgunean zegoen Euskal Herria Journalen ispilu edo "mirror-a" kendu zuela Easynet zerbitzari britainiarrak bertako agintarien aginduz. Kasu hartan inongo prozedura judizialik gabe zerbitzari osoa itzaliko zutela iragarri zieten agintariek Easynetekoei, terrorismoaren aurkako lege britainiarrek horrelakorik baimentzen baitute.
Baina orduan bezala oraingo honetan ere zentsurak kendutakoaren ispilu guneak sortarazi ditu adierazpen askatasuna babestuago dagoen herrialde batean. Labourneteko gunea berriro ageri da Dinamarkan, bertako APCko zerbitzarian.
Greenneten kasua:
http://www.ix.apc.org/greennet.htm
Labourneten gunea Dinamarkan:
http://labournet.inform.dk
LABURRAK
Euskal? Bizikleta
Gero eta hurbilago dago Euskal Bizikleta. Hilaren 27tik 31ra izango den Eibarko kirol probarik garrantzitsuenak badauka ja bere web orrialdea. Nahiko osatua dago, informazioz ondo hornitua. Hasierako orrialdetik aukeraketak eginez probaren xehetasun guztiak jakin ditzakegu: historia, irabazleak, azken berriak... Babesleen gaineko informazioa ere ageri da, ETB eta Eibarko Udalarena besteak beste. Dena nahiko txukun aurkeztuta dago, baina... Gaztelaniaz. Erdal Bizikleta izena behar luke akaso.
Euskal Bizikleta:
http://web.ibercom.com/euskal-bizikleta
Bizarra Lepoanen kantak
Getxoko Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak azkenik eman du interneterako lehen urratsa, Geocitiesko dohako webgune bat jarrita. Momentuz, elkarteak antolatu zuen ikastaro bateko 66 kanta daude gunean besterik ez. Bizarra Lepoan aldizkaria jartzea aldiz lan zailagoa izateaz gain, zalantzan dago, gunearen ardura duen Iker Merchanek adierazi digunez "paperezko edizioaren beraren iraupena zalantzan dagoelako momentu honetan".
Bizarra Lepoan:
http://www.geocities.com/Athens/Olympus/9139/
AEKanpadaren gunea
Heldu den asteburuan izango den AEKanpadak badu gune bat sarean. Iaz egin zuten antzera, bertara joan nahi duenarentzat ezinbesteko jakingarriak aurkezten dizkigute AEKkoek oso gune txukunean. Egitaraua, bertara heltzeko mapak, parte hartzaileentzako aholkuak eta bisita liburua agertzen zaizkigu menu baten itxuran. Honen guztiaren gehigarri, informazio gehiago topatuko dugu Aizu! aldizkariaren webgunean, azken zenbakia sarean da eta. Bistan da AEKk gogor eta seriotan ekin diola azken aldion webaren munduan sartzeari.
AEKanpadaren gunea:
http://www.geocities.com/Athens/Forum/4567/
Aizu! aldizkariaren gunea:
http://www.arrakis.es/~joxerg/aizu.html