2000ko maiatzak 24, Asteazkena | UNInet |

Telefonoa saretik

Nazioarteko telefono deirik merkeenak Interneten bidez egin ditzakegu

Ordenagailua telefono aparailu bihurtuta, Interneten bidez nazioarteko deiak egitea ahalbidetzen du Vocaltec teknologiak. Ondorioz, gero eta internauta gehiagok, enpresek batik bat, erabiltzen duen aukera da IP telefonia. Izan ere, enpresa gehienak sarera konektatzen ari diren neurrian IP telefonia zerbitzua eskaintzen duten enpresetako batekin kontratua baino ez dute besterik egin behar.

Oso funtzionamendu ulerterraza du IP telefoniak, ondoren azalduko dugunez. Sarearen bidez hitz egin daitekeela gauza jakina da, hor daude chat guneak esaterako. Programa bera erabiliz munduko bi muturretan dauden internautek elkarrekin hitz egin dezakete. Bada, telefono arrunt batekin hitz egiteko makina itzultzaile bat behar genuke. Ordenagailu hori deitu nahi dugun herrialdean kokatuta dago eta berak deituko dio bertan bizi den gure lagunari. Hark ez du ordenagailurik baina makinak itzuliko dio igortzen diogun seinalea. Berau sarearen bidez makinaraino doa eta berak soinu bihurtzen du gure solaskidearentzat. Aldiz, bere hitzak digitalizatu eta guri bidaltzen dizkigu sarearen bidez.

Nazioarteko deietan, ohiko telefonia enpresek baino askoz tarifa merkeagoak dituzte Interneten bidezko zerbitzua eskaintzen dutenek, ez baitute nazioarteko telefonia sarea erabiltzen. Deiak Interneten bidez doazenez eurentzat tarifa lokalaren kostua daukate.

Zerbitzu hauek erabiltzeko gure ordenagailuan softwarea instalatu behar da. Munduan erabiliena Vocaltec-en Internet Phone da. Ondoren, zerbitzu hori eskaintzen duen enpresa baten zerbitzua kontratatu behar dugu. Delta Three, Biztrans edo DotCom Technologies dira munduko txokorik gehienetara heltzen diren enpresa batzuk. Deitu nahi dugun lekuan nodorik dutenen artean tarifa merkeena duena edo bazter gehiagotara heltzen dena aukeratu eta has gaitezke deiak egiten. Adibide moduan, Australiara deitzea ez da minutuko bi pezetara heltzen Biztransen bidez deituz gero.

Baina IP telefoniaren abantailak ez dira hor gelditzen. Telefono arruntetik telefono arruntera ere zerbitzua eskaintzen dute. Zerbitzu horiek PC to phone edo ordenagailutik telefonora bezain merkeak ez badira ere, ohiko telefonia enpresenak baino merkeagoak izan ohi dira. Ahotsa ezezik mundu osora faxak bidaltzeko erabil daiteke sistema bera. Programa bereziak erabiliz behingoan Fax asko bidal daitezke, sistemak berak banatuko ditu eta.

Gure artean erabiltzaile arruntentzat nazioarteko zerbitzua eskaintzen duen enpresarik ez dago. Enpresentzat aldiz Sarenetek telefono arrunten arteko zerbitzua eskaintzen du jada IP teknologiaren bidez. Enpresa honek A motako telefonia lizentzia eskuratu zuen 1999ko amaiera aldean eta aurki hasiko da Espainia osoan IP bidezko telefonia zerbitzuak eskaintzen. Ola Internet-ek ere antzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, baita enpresentzako IP bidezko nazioarteko telefonia zerbitzua ere.


Vocaltec
www.vocaltec.com
DotCom Technologies
www.prepaidphonecall.com
Biztrans
www.biztrans.com
Sarenet
www.sarenet.es
Ola Internet
www.olanet.es


INFO: SAREAREN ITXURA


Sarearen forma marraztu dute ikerlariek

Internet sarearen itxura metafisikoa nolakoa litzatekeen asmatu edo marraztu dute IBM, Compaq eta Altavistako ikerlariek. Ikerketa horren arabera, sareak galaxia baten itxura du. Webguneen eta orrialdeen %90 duten lau eskualdek osatzen dute erdigunea eta beste %10 guztiz deskonektaturik gelditzen da talde honengandik. Erdigunean konexio maila handia dago eta bertan 56 milioi webgune daude —orotara %30 inguru—. Beste bi herenak diren eskualde biak periferikoagoak dira. Ikerleek 200 milioi web orrialde aztertu dituzte irudi hau osatzeko eta oso baliagarria izatea espero dute sarearen garapenaz iragarpenak egiteko eta merkataritza sustatzeko estrategiak diseinatzeko.

Ikerketa (ingelesez)
www.almaden.ibm.com/cs/k53/www9.final


LABURRAK

Napster eta gero
Hainbat unibertsitate eta bestelako lekutan Napster programaren erabilera galerazi ondoren, arrisku larrian dago beronen jarraipena. Izan ere, artxiboen direktorioak dagoen zerbitzarira sarbidea itxiz gero, mundu osoko erabiltzaileen sarbidea eragotzi daiteke. Salaketa baten ondorioz Metallica taldearen abestiak desagertaraztea izan da horren lehendabiziko seinalea. Horri aurre egiteko asmoz zentsuraezina den Gnutella programa egokitu dute artxibo hauek trukatzeko.

Gnutella
http://gnutella.wego.com/

Idazleak online
Euskal Idazleen Elkarteak bere domeinu propioarekin jarri duen webgunean elkarte honen gaineko jakingarriak eskaintzen ditu eta Hegats aldizkaria PDF formatoan jaisteko aukera damaigu webguneak. Bestalde, Susa argitaletxearen webgunean aurki dezakegu Bazka literatura aldizkariaren azken zenbakia, baina batez ere interesgarria da bertan, hasierako orrialdean aurkituko dugun applet-a da. Sarean euskal literaturarekin zerikusirik duten hainbat lotura interesgarri ageriko zaizkigu.

www.idazleak.org
www.susa-literatura.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner