2000ko maiatzak 17, Asteazkena | UNInet |
Conlang-ak, ziberespazioko hizkuntzak
Sarean hizkuntzak asmatzen dituzte filologoek jostatzeko
Era guztietako zaletasun zoroen bilgunea da Internet. Bertan, zaletasunik arraroenak dituzten internauta bitxiek haien joera berberak dituzten kideak topatzen dituzte. Haien artean hizkuntzak sortzea maite dutenak aurki ditzakegu.
Fiat 500 bat baldin badaukazu, eskala txikiko koeteak jaurtikitzea gustatzen bazaizu edo Pitcairn irlako zigiluen bilduma egiten ari bazara, seguruenik ez duzu zure antzeko zaletasunik duen beste inor ezagutuko... Sarean ezbada, noski. Gustu eta zaletasunik harrigarrienak dituzten internautak biltzen dira sareko eztabaidagune eta foro jakin batzuetan eta Internetek horrelako joera bitxiak laguntzen ditu.
Euskarak sarean duen presentzia eskasa salatzen zuen Luis Fernandez kazetariak, 1998ko amaieran Alberdania argitaletxeak argitaratutako "Etxepare porno" liburuan. Bertan zioenez, sarean euskaldunok dugun presentzia eskasa "anekdota" bat baino ez da ziberespazioan. Hala ere, Fernandezek zioenez euskaldunok "inspirazio iturri gara Interneten hain ugari diren zientzia fikzioaren zaletuen artean. Esaterako, bi esparru bitxi badira hor, jakintzaren eremu fantastikoak: hizkuntza artifizialak eta ukroniak. Eta bietan maite gaituzte".
Hizkuntza artifizialak, "conlang"-ak, eraikitako hizkuntzak dira (constructed languages). Filologoek artifialki sortuak dira, jostetarako edo hizkuntzalaritzan trebatzeko ariketa moduan. Noski, hizkuntzak asmatzea ez zen sarearekin jaio. Askoz lehenagokoa da mundu osoan hain famatua den esperantoaren saiakera. Mugimendu humanista eta anarkistaren inspirazioarekin, nazioarteko harremanak egiteko inorena ez eta aldi berean denona izango zen hizkuntza bat eraiki zuten esperantistek. Handik eta hemendik osagaiak hartuz hizkuntza diseinatu zuten eta haren arkitektura eraiki zuten. Denok dakigu, gure artean hiztun bakan batzuk egon arren, esperantoak ez duela izan bultzada nahikoa eta egun oso txikia dela bere pisua, "de facto" nazioarteko hizkuntza den ingelesaren aurrean.
Baina Esperantoa Europako hizkuntza nagusietan oinarritu zen, ulergarria izateko ahaleginean. Sarean dauden hizkuntza artifizial gehienek aldiz, bitxiak izatea bilatzen dute gramatikan zein hiztegian. Horregatik euskara bezalako hizkuntza ergatiboetan fijatu dira "hizkuntzagile" batzuk euren conlang-ak diseinatzeko. Zenbat eta arraroagoak izan, conlang hobeagoak lortzen dira. Horregatik hizkuntza exotikoak, zenbat eta gutxiagotuak hobe, bilatzen dituzte oinarritzat hartzeko. Euskaran oinarritu direnen artean W-ansansanu, Inda, Banrok eta NGL aipatzen zituen Fernandezek.
Baina bada askoz ere conlang gehiago ziberespazioan, eta gehienak beste hizkuntza batzuetan inspiratuak dira. Esaterako, Eklektu hizkuntzak latinera, errusiera, cherokee, hindi, finlandera eta beste asko hartu ditu. Interlingua berriz hizkuntza erromanikoen arteko nahasketa bat da. Egia esan, primeran ulertzen da gaztelaniaz jakinez gero, bere helburua latinoen arteko komunikazio tresna izatea baita.
Exotikoagoak dira, aldiz, beste helburu batzuetarako sorturikoak. Klingonera, esaterako, Star Trek telesail mitikoan klingoniarrek berba egiten duten hizkuntza da. Pantailan mintzaira ulertezina dirudiena benetan koerentea den hizkuntza dugu, artifiziala izan arren. Fantasiazko munduekin loturiko beste asko ere badira, horien artean Tolkienen munduarekin zerikusirik dutenak. Fantasiazko bi mundu hauen inguruan milaka webgune eta eztabaidagune daude sarean, klingoneraren inguruan batez ere.
Duela aste batzuk aipatu genituen Interneteko utopiak, fisikoki inon ez dauden herrialdeak, sarean euren egitura osoa, erakundeak, sistema politiko eta ekonomikoak erakusten dituzten herrialde birtualak. Herrialde artifiziala sinesgarriagoa egite aldera, konstituzioa ezezik, batzuek euren hizkuntza ere badute, Verduriak edo Arvandrak kasu. Beste batzuk helburu politikoei lotuta daude, Laadan hizkuntza esaterako, baina gehienak esperimentu linguistiko hutsak dira.
Auxilingua
cheshire.net/~jjbowks/auxiling
The Language Construction Kit
zompist.com/kitgram.html
Interlingua
www.interlingua.com/
Klingon Language Institute
www.kli.org/
Klingon
www.klingon.org/
Tolkienen hizkuntzak
www.dcs.ed.ac.uk/home/jcb/TolkLang
EAJri erasoa
EAJ alderdiaren aburuz, haren webgunearen aurkako mail bombing erasoa bultzatu du #polis izeneko IRC kanalean ibili ohi den espainiar polizia batek. Bere zerbitzarian 200 inguru mezu jaso zituen EAJk iragan igandean, @Euskadi buletinaren azken zenbakian ageri denez. Norbaitek Jose Luis Lopez de la Calle kazetariaren hilketagatik protesta egiteko bidali zituen mezuok. Baltoc ezizena erabiltzen duen polizia horrek badu poliziaren aldeko bere webgune pertsonala.
EAJ
www.eaj-pnv.com
#Polis
www.policias.org/polis/
Baltoc
teleline.terra.es/personal/baltoc
Biblia zahar berria
Interneten aroan anakronikoa eman dezakeen arren, duela 500 urte egin ohi zen bezala, bibliaren ale bat eskuz idazten ari dira Galeseko abadia batean. Lan hori hartu duten amerikar benediktinoak 1.150 orrialdeko liburutzar bat egiten ari dira eta 2004. urtean amaitzea espero dute. Fraide telematiko hauek sarean ezarri duten webgunean lan honen gaineko xehetasunak ageri dira eta bideo irudien bidez jarraitu ahal izango dugu liburuaren eboluzioa egunez egun.
Erdi aroko biblia
www.saintjohnsbible.org