1999ko azaroak 10, Asteazkena | UNInet |

El Dorado Interneten: iruzurrak

Diru errazaren ustea ustela da sarean ere

Duela aste batzuk La Brujula sareko egunkari berezituak informatu zuenez, Interneteko merkataritza elektronikoan sartu diren enpresen %75ek porrot egin dutela. Datu honek sarean dena errentagarria den ustea gezurtatzen du. Telekomunikazio enpresa askok ere, portalen lehian inbertsio erraldoiak egin ostean, arduratuta begiratzen diote Nasdaq indizeari, burtsan enpresen balioa igo edo jaisten duen indizeari.

Beste enpresa handi askok ere, arlo askotakoak, Interneten egon behar dela eta, buru belarri sartu dira sarean, dirua segituan eskuetara biderkatuta bueltatuko zitzaien uste faltsuan. Amazon enpresa arrakastatsuak berak ere irabazien kopuru hain handia ez omen du, gastuen ondoan eta oso enpresa gutxik lortzen dute, denbora baten buruan, etekinik ateratzea.

Baina beste eskala txikiago batzuetan ere Interneteko El Dorado birtuala horixe baino ez dela ageri da, birtuala. Irabazi azkarren mito hori hortik dabilela eta, batzuek besteen kontura dirua egitea erabaki dute eta zeregin horretan sarea iruzurrerako bitartekoa baino ez da. Internauta gehienok inoiz jaso ditugu nondik datozen ez dakigun mezuak, egundoko eskaintzak eginez. Spam edo mezu andana izengabe horien atzean edozein gauza saltzen negozioa egin nahi dutenak daude. Batzuetan How to make money on the Internet gisako liburuak eskaintzen dituzte eta agian erosle zintzoa ez da konturatuko erabateko metodoa emango ez diguten horrelako liburuak saltzea dela eurentzat aberasteko bidea.

Iruzur hutsa dira beste batzuk, besterik gabe. Oihartzun handia izan zuen ustez gaixorik zegoen mutiko batentzat dirulaguntzak jasotzeko xedez antolatu zuten webgunea. Geroztik jakin ahal izan zenez erabat faltsua zen, ez baitzegoen mutiko gaixorik. Webgune horiek antzeko kasuak planteatzen dituzten benetazko ekimenak kaltetzen dituzte, sarearen bidez zabaltzen diren informazioek oso sinesgarritasun maila baxua izaten baitute horren ondorioz.

Batzuetan, dirua sinismenekin nahasten da. Esaterako, El sorprendente mundo de las sectas webgunean salatzen da sektak dirua ateratzeko iruzurrak direla baina sektak ezezik, horien teknikak erabiltzen dituzten salmenta sistemak eta iruzurrak ere salatuak dira webgunean, Amway taldea kasu. Piramide formako iruzurrak ugari dira sarean, baina sosak ateratzeko modu bitxiagorik ere bada. Esaterako, giza klonazioa eskaintzen duen beste talde bat dago, Clonaid, kide-bezeroari dirutza ederra kobratuta, noski.

Pornoaren salmenta legezko zein ez legezkoan bai ateratzen omen da dirua. Baina sarea bestelako delituak egiteko tresna izan daitekeen arren, dirua azkar lortzeko metodorik onena, argi dago, zuzenean lapurretan ibiltzea da. Sarearen bidez banku eragiketean lapurretak egin daitezkeela salatzen du merkataritza elektronikoan aditua den Eugenio Garcia Salmonesek Kriptopoliseko foro batean. Konfidentzialtasuna ez dago batere bermatuta, bere ustetan, SSL eragiketetan eta kreditu txartelaren zenbakia ematen denetan. Testu berean sareko irabazi azkarren mitoa gezurtatzen du: "Oso zaila da Interneten dirua irabaztea, kanpoan bezala, gogotik eta ondo egin behar da lan". Argi geratu da, beraz, Interneten ez dagoela El Dorado-rik.


Iruzurrak
http://members.tripod.com/boli/estafas.htm
e-postaren bidezkoak
http://www.jalonso.com/timos.html
Sasibotikak
http://www.cairp.org/pseudom.htm
Aberasteko 'aholkuak'
http://www.marketing-eficaz.com
Sektak eta beste
http://moon.inf.uji.es/~roc/
Konfidentzialtasunaz
http://www.kriptopolis.com/wwwboard/messages/65.html


E-posta bidezko iruzurrik ohikoenak

Posta elektronikoaren bidez zabaldutako iruzurrik ohikoenen berri eman du EEBBetako gobernuak, Merkataritza Batzorde Federalaren bidez.

Negozio aukerak. Inbertsioa eskatzen duten negozio aukera apartak dira. Diruari agur esandakoan aukera non zegoen galdetuko du internauta koitaduak.

Mezuak bidaltzen aberastea. Hau praktika kantsagarria da jasotzaileentzat eta leku batzuetan spam praktika hau legez debekatuta dago.

Mezuen katea. Gezur zahar baten bertsio elektronikoa da hau eta forma ezberdinak hartzen ditu. Pezetarena bezala, mezua zure ezagun guztiei bidaltzea eskatzen dizuten oharrak dira, ume gaisoarentzako laguntzaren aitzakiz edo zoritxarraren mehatxupean.

Lana etxean. Zigiluak pegatzen edo beste zeregin bat egiten. Materialak ordaindu eta lana egin ondoren enpresa non demontre sartu den izango da galdera.

Dietak eta osasuna. Viagraren ordezko sasibotika merkeak, Aditu ezezagunen bermea duten mirakuluak, flakagarriak, produktu naturalak etabar.

Dirua debalde. "Irabazi ezazu milioi bat egunero" eta horrelako mezuekin jendea erakarri nahi dute. Hain erraza balitz denok aberatsak ginateke.

Laburrak:


Beste atari bat

Hamaikagarren ataria iragartzen zaigu zarata handiz. Publizitate kanpaina handi baten laguntzaz, ya.com portalak, lehenago Canal 21k eta Terrak bezala, saretik kanpoko erabiltzaileak erakarri nahi ditu. Beste horiek bezala, ya.com honek ere Interneterako doako sarbidea eskaintzen du, Jazzfreeren bidez. Ohikoak bilakatu diren atalak ditu gainontzekoan: berriak, chat, e-posta eta beste zerbitzu batzuk.

ya.com
http://www.ya.com


Euskara birusa da

Azaldu digutenez, hala ere, ez da birus arriskutsuegia. Ez gara Aitorren hizkuntzaz ari, Euskara.811 birus informatikoari buruz baizik. Txiripaz, bilatzaile batean jalgi hadi idatzi ostean aurkitu dugu euskal birus hau AVP Virus Encyclopedia webgunean. Deskribapenak dioenez, birus parasito honek COM artxiboak bilatzen ditu eta haien baitan sartzen da. Programa bat ezartzen du memorian eta hau aktibatzen denean, sakatu dugun teklen konbinazioaren arabera, bideo efektu batzuren bidez agertuko da edo bestela ondorengo esaldia agertaraziz: "Milaka urtez eutsi dugu eta milaka urtez eutsiko. Euskara, Jalgi Hadi Plazara".

Euskara.811
http://www.avp.ch/avpve/file/e/euskara.stm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner