2001ko urriak 11, Osteguna | Irristatzen |

imbecil.com sarean entzungai

MCD agindutakoa betetzen

Duela hilabete batzuk aipatu genuen Bilboko MCD taldeak disko berria sarearen bidez eta debalde argitaratuko zuela. Bada, imbecil.com kalean da dagoeneko edo, hobeto esan, berau osatzen duten 16 abestiak sarean daude jada doan eskuratzeko moduan izen bera duen domeinupean. Eskoria izeneko bideoklipa ere sarearen bidez ikusi behar da derrigorrez, webgunean ipini baitute webklipa, QuickTime formatoan. Atzerapenez, baina abuztua hasieran abestiak agertzen hasi ziren webgunean. Hasieran maketatik ateratakoak ziren eta, nahasketak egin ahala, behin betikoak jarri dituzte banaka. Irailaren 26an jada abesti guztiak zeuden eskuragai.

CD birtuala osatzen duten abesti guztiak jaitsi daitezke, mp3 formatoan baitaude, ordenagailutik bertatik entzuteko. Baina gure etxean benetako audio CDa osatu nahi badugu elementu grafiko guztiak emango dizkigute MCDkoek: azala, kontrazala, CDaren gaileta, eta barruko koadernoa alde guztietatik inprimatzeko. Ondoren, mp3 formatotik (wav edo aiff formatoetara, segun Windows edo Mac erabiltzen dugun) destrinkotu behar ditugu abestiak eta CD grabagailu baten bidez audio diska grabatu.

Grabaketarako eta muntaketarako xehetasun guzti-guztiak Bricolage atalean emango dizkigute, euren esanetan imbecil batentzako nahikoa errazak. Hala ere, «tostadorarik (grabagailua) ez duenak edo alferregia denak ere eskuratu ahal izango du CDa salneurri irrigarrian», iragarri digu imbecil.com-eko webmaster Niko Vazquezek. MCDko baxu jolea izateaz gain muntaia honen guztiaren sortzailea dugu Niko internauta porrokatua.

Bestelako elementuak ere eskaintzen dituzte webgunean nahi duenak nahi duen moduan erabiltzeko: kanten letrak euskaraz eta gaztelaniaz, bakoitzaren azalpena eta diskako elementu grafikoak banaka «kamisetak, postalak, posterrak etabar egin nahi badituzue». EPS formatoan banatzen dituzte elementu hauek, beraz Freehand, Photoshop, Illustrator edo Corel programak beharko ditugu hauek erabiltzeko. Lerro hauek sinatzen dituenak CDa osatu du eta jada imbecil sentitzen naiz. A! Eta diska imbecil records-ek ekoiztu du.

SEG atalean (Sarritan Eginiko Galderak) diskaren inguruko zalantza guztiak argituko dizkigute MCDkoek. Bitxikeri moduan edizio pertsonalizatuak ere aterako dituzte hala eskatzen dituztenentzako, taldekideek dedikatuak eta sinatuak... Baina hauek ordaindu beharko dira, noski, gastuak pagatzeko.

Software librea erabiliz egina dago imbecil.com webgunea, PHP-Nuke hain zuzen. Honek webgune dinamikoak egitea ahalbidetzen du datu baseak erabiliz eta doan eskura daiteke sarean. Filosofia berarekin egin dute diska eta euren lana kopiatzea eta banatzea ez dute begi txarrez ikusten. Aldiz, pirateatzeko deia ere egiten dute: «beharrezkoa dugu zuen laguntza, egungo sistema diskografikoa suntsitzeko eta komunikabideetan hedatzen ari diren egile eskubideen inguruko bullshit hori zein pirateoaren kontrako ahots hipokritak isilarazteko».

MCD
www.imbecil.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner