2003ko urtarrilak 30, Osteguna | Irristatzen |

Lasterka dator gerra

George Bushek Iraki eraso egingo dion eguna ez dugu ezagutzen, baina gero eta errealagoa da mehatxua. Bada, hala ere, iazko Afganistanen aurkako erasoarekin alde ederrik. Oraingoan laguntza gutxi izango dute amerikarrek Europan eta herrialde arabiarren artetik, Espainiako gobernuarena bermatuta eduki arren. NBE ere erasoaren aurka ageri da eta AEBetan bertan protesta mugimenduak agertu dira. Interneteko informaziogune alternatiboetan nagusi da gerraren aurkako mugimendua, telebista kate handietan ia islarik izan ez duten manifestazio erraldoien eta bestelako ekintzen berri izateko bide nagusia da sarea, ustez adierazpen askatasunaren herrialdea den hartan.

Indymediaren orrialde nagusian ikus dezakegunez, gerraren aurkako mugimenduari buruzko albisteak dira nagusi. Bertan jakin dugu aktore eta ekintzaile ezaguna den Susan Sarandon-ek 30 segunduko iragarkia egin duela, Bushek batasunaren egoerari buruzko mintzaldia hasi aurreko minutuetan emititzekoa. «Gure mutilak plastikozko poltsetan etorri aurretik, umeak eta emakumeak Bagdaden hiltzen hasi aurretik, zera jakin nahi dut: zer egin digu Irakek?», galdetzen du Sarandonek iragarkian. AEBetako enbaxadore izandako Edward Peck-ek erantzuten dio: «Ezer ez, Irakek ez zuen irailaren 11ko erasoekin zerikusirik izan, ez eta Al Qaedarekin ere. Irak inbaditzeak terrorismoa emendatuko du, ez du murriztuko».

Freespeech.org webgunean irakurri dugunez, Chicagon, Philadelphian, Detroiten eta AEBetako hainbat hiritan gerraren aurkako mozioak onartu dira egunotan. Hiri hauek Cities For Peace ekimenean bildu dira. Bestalde, ANSWER (Act Now to Stop War and End Racism) izeneko webgunean manifestazioen berri ematen dute

Oso bestelako lasterketa bat dugu Korrika, hurbilagoa eta baketsua, apirilaren 4an abiatuko dena. Sarean behar bezalako isla du 13. edizio honek korrika.org domeinupean. Software librearen gainean, PostNuke edizio automatizatuko sisteman egina, diseinu erakargarria du, sistema horietan nagusi den eredu zurrunetik irteten dena. Bertan Korrikaren gaineko jakingarriak, Korrika Kulturala, Ziberkorrika eta bestelakoak ageri dira.

Eta euskarazko beste webgune bat dugu euskaraz.com agertu berria. Kaixoren eskutik dator atari ezagun horren euskara hutsezko bertsioa. Bertoko albisteak, chat berriketa, eztabaidaguneak eta loturak euskaraz ageri dira bertan. Bilaketak ere egin ditzakegu eta emaitzak euskaraz erakutsiko dizkigu bilatzaileak.

Amaitzeko, egunotan zabaldu den beste ekimen interesgarri bat aipatu behar dugu, Prestige-k eragindako marea beltzaren inguruan bildu den marrazkilari talde batek sortutako chapapote.org webgunea. Umore beltza bezala deskriba daiteke, umorerik duen neurrian. Nunca Mais ekimenaren inguruan bildu diren galiziar marrazkilariek osatzen dute kolektiboa. Ilustrazioak, fotomuntaiak, animazioak eta umorezko marrazkiek osatzen dute momentuz bertako lanen bilduma.


AEBetan gerraren kontra
www.indymedia.org
www.internationalanswer.org
www.freespeech.org
Korrikaren webgunea
www.korrika.org
www.euskaraz.com
www.chapapote.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner