2003ko urtarrilak 23, Osteguna | Irristatzen |

Feriak, jaialdiak azokak

Era guztietako topaguneak egunotan

Hainbat lekutan eta hainbat gairen inguruko feriak eta jaialdiak egiten ari dira egunotan, ia denak batera. Esaterako, ikus-entzunezko saioen nazioarteko FIPA jaialdiaren 16. edizioa aste honetan, urtarrilaren 21etik 26ra izango da. FIPAk nazioartean telebistarako ekoitzitako lanak biltzen eta erakusten ditu. Aukera ederra da telebista saioen egileentzat, euren lana ezagutarazteko. Izan ere, lehiaketa da jaialdiaren jendaurreko aldea, bertako zinemetan ikuskatzen baitira era guztietako lanak, film laburrak, dokumentalak, fikziozkoak... Beste alderdi itxiago bat ere badu, telebista exekuktiboen arteko bilguneetan saioak erakutsi, saldu eta erosi egiten baitira.

Bestalde, egunotan, zinemagile gazteentzako beste topaketa bat, arras ezaguna den Sundance jaialdia ospatzen ari da AEBetako Utah estatuan. Salt Lake City hirian urtero biltzen dira Robert Redford-ek sortu zuen zine independientearen topagunean. Ez da jaialdi arrunta, bertan sarbidea izan duten 106 luzemetraientzat aukera aparta baita. Hollywood-eko estudio handietako exekutiboak urtero izaten dira bertan, poltsikoak diruz beteta, bihar-etziko Spielberg-ak beste inork baino lehenago fitxatzeko prest. Aurtengo edizioaren protagonistak zinemagile digitalak dira, kamara digital berrien kalitateaz eta prezio baxuez baliatzen direnak. Series 7 filma da horien adibidea, reality show baten gaineko drama digitala.

Otsailaren 13tik 18ra Madrilen izango da Espainiako arte azoka nagusia. Aurtengo ARCO'03 azokan 30 herrialdetako galeristek nazioarteko artearen erakustaldi zabala eskainiko dute. Denetara 237 galeriek izango dute erakustokirik bertan eta aurtengo gai nagusia Suitza izango da. Ifema/ARCOk eta Telefonica fundazioak, halaber, arcospain.org artearen gaineko ataria garatzeko akordioa egin dute. Feriaren bisita birtualak Flash formatoan eginiko aurkezpen ikusgarria dakar, baina momentuz askoz gehiagorik ez.

Eta feriekin amaitzeko, egunotan izan den beste feria garrantzitsu bat aipatu behar dugu, Cannes-eko Midem. Musikaren industriak Europan duen topagunerik handienean Txinako industria izan da gaietako bat. Pirateria eta musika digitala oso present izan dira, noski, euskal disketxeen ordezkaritzarik ere izan duen topagunean.

Jaialdi guztiek eta gertaera askok dute euren isla sarean. Halabaina, gurean internauta kopuruaren hazkundea gelditu egin dela diote inkestek. EAEn udatik hona jaitsi ere egin dela dio AIMCren EGM inkestak.

Arco azoka
www.arco.ifema.es
www.arcospain.org
Cannes-eko midem
www.midem.com
FIPA jaialdia
www.fipa.tm.fr
Sundance
festival.sundance.org
EGM
www.aimc.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner