2000ko uztailak 27, Osteguna | bestelakoak |

Euskal Party 8 barrutik

Informatikaren birusak jotakoen estereotipoak apurtzen

Iragan larunbatean Euskal Party bilgunearen zortzigarren edizioa hasi zen Bilboko erakustazokan. Astearteraino luzatu den itxialdi kolektiboan bertoko eta kanpotik etorritako 1.500 inguru lagunek esku hartu dute, nork bere ordenagailua ekarrita, besteei euren lanak erakutsiz, kontaktutak eginez eta elkarrengandik ikasiz.

Uztaileko igande sargorian, Bilbo ia hutsik zegoela hurbildu ginen Party-ra. Erakustazokan sartu eta milaka lagun topatu genituen, giro aktibo batean denak batetik bestera. Jende guztiak hiritik ihes egiten duen honetan, udaren erdian, botxora horrenbeste gazte zerk erakartzen dituen zaila da konprenitzen mobida horretan ez dagoenarentzat. Informatikazaleen gainean dauden estereotipoak ezeztatzea –edo akaso konfirmatzea– zen gure helburua eta lehen datu horrek ez zigun esperantza handirik ematen. Hala ere, sartu bezain laster giro polita sumatu genuen. Jendea artega batetik bestera, demo-en musikaren azpitik etengabeko zurrumurruan nahasten ziren ahotsak ehunka ordenagailuren burrunbadarekin.

Beste ezusteko bat euskara dexente entzuteak eman zigun eta horren azalpena antolakuntzako Sabino San Vicentek eman zigun. Bera bezala Urretxu eta Zumarraga inguruetakoak dira Party hau sortu zutenak, aitzindarien hasierako nukleoa. Lehendabiziko edizioak eskualdean bertan egin zituzten eta, hazi ahala, hirirantz hurbiltzen joan dira espazio handiagoen bila. Duela urte batzuk Donostiara mugitu zen eta etengabeko hazkunde horren erakusgarri, iaz Anoetako belodromoa alokatu zuten antolatzaileek. Aurten Bilboko erakustazokara mugitu den arren, Donostian geratu direnek party-a jarraitu ahal izan dute bideosolasaldi sistema baten bidez.

Desegin zitzaigun beste topiko bat informatikazalea etxetik irteten ez den gizaki asozialarena izan zen. Unai Landa programatzaile santutxuarrak Maddalen egunaren ostea buruan kolpeka zeukan eta, ahots lakatzez kontatu zigunez, «hartueman publikoez eta aktibitate extraofizialez» arduratu zen larunbat gauean Bilbon cicerone lanak egiten. Hala ere, berak duela bost urte alde egin zuen Madrilera, arloko beste askok bezala, hemen baino aukera gehiago baitzeuden informatikarientzat. «Orain dexente hobetu da eta aukera gehiago dago hemen informatikaren arloan orokorrean, ez ordea bideojokoen industrian», zehaztu zigun.

Unai Madrilgo Pyros enpresan dabil, beste euskaldun batzurekin batera. Commandos joko famatua sortu zuten Pyros-ekoek eta iragan astean munduan lehendabiziko postua erdietsi zuen ekintza jokoaren bigarren bertsioa aurkeztera etorri ziren Bilbora. Bera aurkezpen grafikoaz arduratzen da, «jokoaren bilakaera artistek egin dituzten irudiekin bat etortzea», bere esanetan. Programatzailea izan arren, Unaik ez du informatika ikasi. Matematika aukeratu zuen eta oraindik ez du bukatu, lanak ez dio denbora askorik ematen eta. «Hala ere, ikasketak bukatuta dituzten oso lagun gutxi egongo dira hemen, neu nagusienetakoa bainaiz 25 urterekin», komentatu zigun, «zaharrenak 28 urteren bueltan dabiltza».

Bertoko asko ez dira informatikatik bizi, Anaconda taldeko kataluniarrek esan zigutenez, eta gehienak autodidakta moduan hezi dira mundu honetan. Harrapatu genituenean taldekideak demo-ari azken ikutuak ematen ari zitzaizkion, biharamunean aurkeztu behar zutela eta. Demo-ak aurkezpen grafikoak dira, mugimenduarekin eta musikaz lagunduta. Bideoklip modukoak dira, nolabait esatearren, egileek programatzeko eta makinaren ahalmena baliatzeko duten trebezia erakusteko balio dute. Lehiaketak egon ohi dira party-etan eta sariak ezezik besteen errekonozimendua bilatzen dute bertan programatzaileek.

Anacondakoek ere, «horrelakorik badagoela» onartu arren, ezeztatu digute lagunik ez duen mutil asozial garaudun eta onanistaren cliche-a, ondo jan eta lo egiten ez duena bere afizioaren ondorioz. Neskalagunak dituzte denek eta bizitza normala daramate, «kezkatzeko modukoa ez behintzat» zioten irribarretsu. Egia da rastafari porruzale itxurako bat edo beste badabilela inguruan, eta oso neska gutxi ikusten den arren, guk hasieran uste baino gehiago dira. Anacondako sei kideek Hlod-Wig, Klauz, Elric, Cimedia edo Nocturnus bezalako ezizenak edo nick-ak dituzte, mundu honetan bakoitzak bere ezizena baitu. Hackerrak bailiran, klandestinitate kutsua ematen die nick-en asuntu horrek baina oso joera arrunta da horien bidez errazago identifikatzen baitira eszenan.

Amiga-ren mugak gustoko
Carlos Del Alamo, Estrayk valentziarra, musikagilea da eta Amiga, PC zein Playstation-erako konposatzen ditu demo-en musika bandak. Bere pasioa Amiga sistemako ordenagailuak dira eta horietarako musika egiteak dituen mugak gustoko ditu. «lehiaren zentzua kodearen eta prozesagailuaren limitazioen baitan ahalik eta atarramendurik handiena ateratzean datza», esan zigun. Amiga zaharretan eginiko demo ikusgarriak party-en saltsa dira, programatzaileen trebetasuna neurtzen duten mirari grafikoak. A! Eta bere taldekide bat igeltseroa da: beste topiko bat gutxiago.

Tipo hauetan bitxiena eta eskemarik gehien apurtzen dituena Mat! dugu, Eduard Matas kataluniarra. Urte askoan sortetxea gutxitan zapaldu du bere Routard ibilbidea hasi zuenetik. Europa osoko party-etan egona da, milioi bat kilometro eginak dituen auto zahar bat garraio eta bizilekutzat hartuta. Horrenbeste fama duenez gonbidatu egiten dute baina mirespen keinu moduan, Euskal Party-rako sarrera ordaintzen du beti. Bere burua zentzu guztietan independentziazaletzat jotzen duenez, euskaldunak biziki maite dituela esan zigun. Bere akreditazioan Domador de elefantes irakur daiteke, egun party-etako totem-a bilakatuta baitago. Moldavia herrialdearen bertuteak goraipatu zizkigun, herri ezezagun hartan ere gonbidatzen dutela gogoratuz. Nahi duen moduan bizi den akrata bat dugu Mat! eta aldi berean informatikaria. Oraindik desegin gabeko estereotiporik geratuko zaigu?

(Barkatu Ama-n argitaratua).

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner