1999ko martxoak 28, Igandea | Nabigatzen |

Windowsen doako alternatiba lantzen

Gnomeren berri emateko egunotan Madrilen izan da Miguel Icaza, proiektuaren bultzagile nagusietako bat. Euskal jatorriko mexikar honek 26 urte ditu eta Linux sistemako programatzaile aditua da. Icazak mundu osoko informatikarien talde bat koordinatzen du sistema askearen interface grafiko erabilterrazaren garapenean.

Doakoa eta irekia. Ezaugarri bi hauen gainean eraiki da Linux sistema eta bere erabiltzaileen komunitatea. Windowsen hedapen monopolistikoaren ondoan alternatiba komertzial nagusia Macintosh sistema bada ere, Linuxen ezaugarriek bakarra egiten dute, eta are erromantikoagoa haren defentsa. Interneten loturarik handiena duen sistema eragilea da eta adituen esanetan eraginkorrena, ordenagailuen egitura ondoen baliatzen duena.

Linus Torvald ikasleak 1991n sortu zuen Linuxen lehendabiziko bertsioa Helsinkin, 23 urte zituela. Nolabait UNIXen oinarritutako sistema izan zen, edo haren antzekoa, baina Torvaldek sarean ipini zuen, debalde eskuragarri. Bere nahia doako sistema bat sortzea zen eta, haren kodeak sarean jarrita, beste informatikarien aportazioekin sistemarik onena garatzea. Sarean jarriz gero, izugarri azkar hedatu eta hobetu da Linux, pinguinoa ikurtzat duen sistema askea.

Baina Linux pixkat konplikatua da informatika ondo menperatzen ez duen erabiltzailearentzat. Zenbait Linux programatzailek Mac eta Windows bezala karpeta eta leihoekin modu intuitiboagoan funtzionatuko duen interface grafiko baten garapenean dabiltza, Linuxen ezaugarriak mantenduko dituena: doakoa eta irekia izatea. Sortu duten interface horri Gnome izena jarri diote (GNU Network Object Model Environment). Ez da sistema bat, Linux, FreeBSD eta UNIXen oinarritutako beste sistema askeen gainean ezarriko den aplikazio sorta bat baizik. Funtsean, Windows erabiltzaileak haren MS DOS oinarriak zertan menperatu behar ez duen bezala, Gnomeren xedea erabiltzaile arruntak baliatzea da. Izan ere, Bill Gatesek MS DOSen gainean Windows garatu zuenean eginiko gauza bera da, baina sistema moderno eta eraginkorrago batzuren gainean eta dohainik.

Bere malgutasunaren erakusgarri, Mac edo Windows erabiltzen ohituta daudenei, bakoitzari bere gustoko interfacea eskaintzeko gai da Gnome, eta hizkuntza askotako bertsioak egiten ari dira. Gaztelaniara eta katalanerara Gnomeren itzulpenean dabilen Pablo Saratxaga informatikariak @Euskadi buletinean adierazi berri duenez, Gnome euskaratzeko prest dagoen norbait behar dute: “Ez da beharrezkoa inongo informatika ezagutzarik, bakarrik itzultzen jakitea”, zehaztu du Saratxagak.

Gnome proiektua
http://www.gnome.org

Icazari elkarrizketa
http://www.feedmag.com/re/re173_master.html

Pablo Saratxaga
srtxgBARRASKILOchanae.alphanet.ch


Abertzaleen aurkako guneak

Azken aldion han hemenka sortu dira abertzaleen aurkako webguneak ekimen koordinatuan. Denek Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoak salatzearekin batera Espainiaren eta gaztelaniaren defentsa sutsua egiten dute, euren burua nazionalistatzat ez duten arren.

Momentu politiko jakin batean sortu dira antzeko mezua duten orrialde hauetan gehienak. Gainera, batzuren atzean egile bera dela ikusten da berriki aipatu genituen Sabino Arana Fundazioaren eta EAJren webgune faltsuetan. Oso antzekoa dirudi Stop Nazionalismo orrialdeak, Xoom zerbitzariaren baitan. Bertan, ikurrak jarri eta webring moduko bat sortzera deitzen dute, haietako batzuk hartu arren zabalagoa den webring de paginas en español baino zehatzagoa.

Nacionalismos no, gracias webgunean Lizarra-Garaziko hitzarmenaren aurka ekiteaz gain, Espainian diren nazionalismoen deskribapena egiten dute euren ikuspuntutik. Euskal nazionalismoa “arrazan oinarritzen da eta izaera mistiko bisionarioa du, paranoikoa eta biktimista”, diote. Herriaren nortasuna euskarari lotuta, nonbait euskarak aurrera egiteko dituen zailtasunak ikusirik elementu hori baztertu eta “arrazan eta etnian bilatzen dute ezberdintasuna”. Halabaina, kontrako tesia agertzen du zaharragoa den NaZionalismo guneak Antes maqueto, ahora, analfabeto izenburupean abertzaleak gaitzesteko. Ez dira falta Sabino Aranaren idatzirik eztabaidagarrienen aipamenak.

¿Nacionalismos? No, gracias
http://usuarios.iponet.es/rilke/nacionalismos.htm
Stop NAZIonalismo
http://members.xoom.com/arzalluz/
Insumision linguistica
http://www.angelfire.com/in/insumision/
NaZionalismo con Z
http://www.geocities.com/SunsetStrip/Club/1726
Ring de paginas en español
http://business.fortunecity.com/taylor/467/
Pagina de Mac Awen
http://members.xoom.com/mcawen/
Olentzero, leña al carbonero
http://www.geocities.com/CapitolHill/Senate/5600/


LABURRAK

'Klik' sarean eskuragarri
Nafarroako Informatika Aztertzen lan taldeak KLIK programa euskaratu du eta saretik bertatik jaitsi daiteke. Programa sorta bat da KLIK, ikastetxeetan erabiltzekoa, hezkuntzan multimedia aktibitateak egiteko Windows sisteman. Programa horiek ordenagailuan egon ohi diren beste batzuk erabiltzen dituzte batzutan ikasleek ariketak egiteko, hala testu editoreak nola irudial lantzeko programak. KLIKen edukietan letrazopak, elkarketa jokuak, buruhausgarriak, ikerketa jokuak eta beste hainbat ariketa badatoz, eta programa horiek elkarrekin konbinatzen dira lan zehatzak egiteko.

KLIK eskuratzeko
http://www.xtec.es/recursos/clic/esp/index.htm

Eztabaidagune berria
Euskal eztabaidagune berria sortu da ziberespazioan. Berri talde bat da, alt.culture.euskalherria izenekoa. Lehenago bazegoen soc.culture.basque taldearekin pozik ez zeuden internauta batzuek sortu dute egunotan eta bere lehendabiziko pausoak ari da ematen. Talde berria sortzeko arrazoi nagusia moderaziorik gabeko talde bat eratzeko gogoa izan da. Orain arte ezinegona sortzen zuen hainbat sektoretan soc.culture.basque moderatuak. Mezuak berri taldean ageri baino lehen zentsuraren galbahetik pasatu behar zuten eta batzuk kanpoan geratzen ziren. Horregatik sortu da zentsurarik ez duen foro berri hau. Usenet-eko taldea denez egun batzutako kontua izanen da zerbitzari gehienetan agertzea. Jadanik Dejanewsen, jet-en eta arrakis-en ikus daiteke eztabaida talde berria.

ACEH berria
alt.culture.euskalherria

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner