1999ko martxoak 21, Igandea | Nabigatzen |

Sarea hacker-en eskuetan

Espainiako hacker batek agerian utzi du egunotan Interneten erabateko segurtasunik ez dela. Geocitieseko helbide guztien pasahitzak aurkitzeko modua aurkitu du El Lite izeneko hackerrak eta hainbat gunetan sartuta, bere sinadura utzi du.

Sare informatikoetan segurtasun sistemak bortxatuz informazio izkutua eskuratzea edo, plazer hutsagatik, beren bisitaren berri uztea izaten da hacker-en helburua. Erronka berriak gainditzea laket dute, sistema eragileetan edo zerbitzarien egituretan akatsak eta zirrikituak bilatzen dituzte, makinen debekatutako arloetan sartzea erdiesteko. Lehenagotik pantaila aurrean ordu askotxo pasatutakoak dira, programazio hizkuntzak ondo menperatu arte. Helburua besteak baino hobeagoak izatea eta ondoren frogatzea da.

Aste honetan gertatutakoa horren erakusgarri da. Espainiako es.comp.hackers berri taldean biltzen dira hacker-ak, ustezko hacker-ak eta hackergaiak. Bertan, askotan legalak ez diren hainbat trikimailu teknologiko komentatzen dira: Canal+ ordenagailuan debalde ikusteko programak, telefono eramangarriak dohainik erabiltzeko trikimailuak, Interneterako zerbitzariak dohainik erabiltzeko pasahitzak... Baina benetako hacker-en ekintza gutxi aipatzen dira, sistema informatikoetan sartualdiak eta horrelako bortxaketak oso gutxitan gertatzen baitira.

Iragan astean aldiz, berri talde horretako jakintsuenen arteko lehian El Lite-k hordago handira bota zien Rad, El Fraile, Ximo eta beste taldekideei: “Lortu dut Geocities hackeatzea”. Eta hori frogatzeko Conde Kraffa delako baten helbidea ematen zuen. Jatorriz eskuin muturreko Kraffa horren webgunea zena eraldatuta ageri zen, gizon biluziez josita eta El Lite-ren sinadurarekin. “Norbaitek Geocitiesko edozein webgune hackeatu nahi balu, nik erabiltzaile izena eta pasahitza emango dizkiot”, gehitu zuen. Horren ondotik hainbat webgune eraldatuta agertu izan dira, tartean euskal presoen aldeko bat eta hackerren gaineko bi webgune.

Euskal gunearen kasuan, hacker honen xedea ez da min handia egitea izan, bere kontrolaren froga uztea baizik. Horrela, hasierako orrialde biak aldatu zituen irain pare bat sartuta baina dirudienez ez zuen ezer gehiagorik ikutu, ezta pasahitza ere, eta horrela arduradunek egun gutxiren buruan orrialdearen kontrola berreskuratu ahal izan dute, La revista de Ximo webgunean bezala. Ez da ordea horrela izan Conde Kraffa-ren gunean.

Geocitiesen jadanik hiru milioi internautak ezarri dute euren doako webgunea. Hori kontutan hartuta nahiko larria da guztiak El Literen menean egotea. Gainera Geocitiesek bere webgunean diotenez, pribazitatearen erabateko bermea dute bertako erabiltzaileek eta hori ez da egia, datu pertsonaletara eta benetako helbidera sarbidea baitu hacker honek. Hala ere, beraiekin kontaktuan jarrita, Geocitiesek ez ditu gure galderak erantzun nahi izan.

Egun batzuk beranduago, nola egin duen behin eta berriro galdetuta, El Lite-k argibide batzuk eman ditu beste taldekideek jarrai ditzaten, “baina ez denak, nik bi eguneko lana eta urte batzutako esperientzia behar izan baitut hau egiteko”, adierazi duenez. Funtsean hacker on batek jarraitu beharreko pausuak azaldu ditu eta gero, zehazkiago, Geocitiesen egin duen lana Me habeis enternecido izenburuko mezuan.

Lehendabizi, topatzailerik onenen query languages edo bilatzeko hizkuntzak ezagutu behar dira. Ondoren, nork bere benetako identitatea izkutatu behar du, “legearekin arazorik ez izateko IP helbidea kondoiekin estali” esaten dio berak, horretarako baliagarriak diren programa zenbait aitatuz. Ondorengo urratsak eman baino lehen beharrezkoa da HTML, Pearl eta CGI hizkuntzak menperatzea.

Geocities osoa arakatuz enpresaren artxibo konfidentzialetara sartzea lortu zuen. Ondoren, bertako CGI guztiak erabiltzen saiatu zen eta haietako batean erabiltzailearen izen egokia baina pasahitz txarra sartuta, programak pasahitz egokia emanez erantzuten zion. Hortik aurrerako guztia zeregin erraza izan da berarentzat.

Hackeatutako helbide batzuk
http://www.geocities.com/CapitolHill/8347/
http://www.geocities.com/Paris/2472/password.html
http://www.geocities.com/TimesSquare/Realm/9279/
http://www.geocities.com/Pentagon/Barracks/1614/
http://www.geocities.com/SiliconValley/Orchard/2444/
Conde Kraffaren helbide berria
http://members.tripod.com/kraffa/

Berri taldeak
es.comp.hackers


Laburrak:

Galiziako Telebista zuzenean
Bertako irratia bezalaxe, Galiziako telebista autonomikoa zuzenean RealVideon ikusteko aukera dute atzerrian bizi diren galiziarrek. Zuzeneko emisioaz aparte, badago hainbat saio ikusteko aukera ematen duen artxibo bat. Hainbat artistaren bideoklipak ere ikusgai daude. EITBk ere, laster bere irrati eta telebistak era horretan eskainiko dituela iragartzen du bere webgunean.

Galiziako Irrati Telebista
http://www.crtvg.es

Euskal Irrati Telebista
http://www.eitb.com

Herri mugimenduen gida

Euskal Herriko herri mugimenduen gida argitaratu du Interneten Joxemi Zumalabe fundazioak. Herri eta auzo mailan hainbat elkartetan dabilen jendeak atarramendua ateratzeko pentsatuta dago, herri mugimenduan dabiltzanak elkarren berri izan dezaten eta kontaktuak errazteko. Fundazioaren Fite! berripaperan diotenez, datuak eguneratzeko eta datu base osoa nork bere ordenagailura jaisteko aukerak dituzte internautek, baina ez ditugu aukera bi horiek webgunean aurkitu.

Joxemi Zumalabe fundazioaren gida
http://www.eusnet.org/joxemi/gida/

Info:

Euskal zerrenda berria

Beste euskal zerrenda bat agertu da ziberespazioan, egunotan hainbat mezutan zabaldu denez. Zertarako eta zergatik sortu den ordea inork ezin izan du azaldu. Izan ere, kezka zabaldu da euskaraZ zerrendan honen erabilgarritasunaz. Badaudenak nahiko amataturik egonik, ez dirudi zerrendak sortzearren sortzeak gaitz hori konponduko duenik. Aitzitik, orain dagoen mezuen elkartruke urria are gehiago sakabanatuko du. Bestalde, EKBren desagerpenarekin ez dago argi zer gertatuko den elkarte honek kudeatzen zuen euskaraZ posta zerrendarekin.

Zerrenda berria
http://www.onelist.com/subscribe/inforeusk

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner