1999ko urtarrilak 24, Igandea | Nabigatzen |

Copyright-a eta sarea kontrolatzeko saioak

Gobernuek eta Interneten nolabaiteko kontrola ezartzearen aldekoek badute fronte berri bat zabalik: "dezentziaren babesa" ahaztu gabe, egileen eskubideak hartu dituzte banderatzat. Egileak ere banatuta ageri dira: batzuek lege berriak eta bereziak eskatzen dituzte sarerako, beste batzuk indarrean direnak aplikatzearekin konformatuko lirateke.

Interneten izaera ez hierarkikoak informazioaren trukaketa librea ahalbidetzen du. Irudiak, testuak, diseinuak, soinuak kopiatzea inoiz ez da izan errazagoa. Horregatik egileak kexu dira euren eskubideak ez direlako errespetatzen. Iragan asteartean Bruselan 400 artistek babes efektiboa eskatu zuten, Europako Parlamentuak gai honen gaineko Barzanti txostena aztertu bezperan.

Javier Diaz Noci EHUko kazetaritza irakasleak "Euskal kazetaritzaren historia" liburua plazaratu berri du, formato elektronikoan bakarrik, Eusko Ikaskuntzaren webgunean. Hasierako orrialdera helduta Copyright abisua irakur daiteke. Ohar horren esanahiaz eta balioaz galdetu diogu, izan ere Copyright-aren gainean bere bigarren tesia prestatzen ari da orain Diaz Noci. Ikasturte honetan Oxforden da, irakasle bisitari gisa, eta bertatik lagundu digu gai hau argitzen.

Diaz Nociren arabera, "lehenik eta behin, argi gelditu behar zaigu Interneten eta mundu errealean lege berdinak aplikatzen direla. Ekintzak ere berdinak dira eta balizko delituak, berdinak. Copyright-az (kopia eskubideaz) hitzegin beharrean, hobe da autore eskubideez hitzegitea (hor barne kopiak egiteko eskubidea).

Baina internautok, kasu honetan bere liburua irakurri nahi badugu, ez gara denbora guztian konektaturik egongo. Nork bere disko gogorrean gordetzea, gero offline irakurtzeko kopiatze ekintza bat den galdetuta ezetz dio Diaz Nocik. "Copyright-aren esanahia da ezin dela kopiak egin eta zabaldu (hori nire eskubidea da edota argitaldariarena). Erabat zilegia da, eta horretarako jarria da sarean, kopia pribatua egitea, hobeto irakurtzeko, paperean edo diskete batean. Baina ez zabaltzea".

Baimenik gabe liburuak baino sarriago banatzen dira sarean programa informatikoak, eta MP3 soinu konpresio modu berriari esker, CD kalitateko musika. Azken horrek eragin du musikariek eta batez ere disketxeek sarearen kontrola galdatzea.

Baina teknikoki zaila izateaz gain efektibotasun gutxi izango luke kontrol horrek. Sarearen beraren egiturak eta legeak nazioarteko eremu batean aplikatu beharrak praktikan ia ezinezkoa bihurtzen dute. Pamuela Samuelson zuzenbide irakasleak duela ia bi urte jada interneterako "lege lehor" bat aplikatzeak izango lituzkeen ondorio txarrak iragartzen zituen UNESCOrentzat eginiko txostenan.

Sociedad General de Autores de Espaņa
http://www.sgae.es
Lotura gehiago
http://www.screen.com/clase/relatedsites/copyright/default.html
Samuelson-en txostena
http://negocios.com/tendencias/artic4.htm

Iritzia: Autore-eskubideak eta Internet, bateraezinak?

Han hemenka entzun eta irakurri ere egin daiteke Internetek autore-eskubideak eta jabego intelektualak hil egin dituela, edo hemendik gutxira hil egingo dituela. Sarean testu bat, edo irudi bat, edo beste edozein material jartzea arriskutsua dela edozeinek kopia dezakeelako eta, sosik ordaindu gabe, beste leku batean jar dezakeelako.

Egia da, bai, badagoela hori egitea teknika aldetik eta hori frogatzea (ilegala baita leku guztietan) zaila dela. Teknika digitalek kopia perfektuak, garbi eta azkar egiten dituzte eta aspalditik zetorren problema areagotu dute.

Hortxe dago koska: autore-eskubideei buruzko, edo jabego intelektualari buruzko legeak XVIII. mendean sortu ziren, horregatik hain zuzen ere, kopia ez zilegiak debekatzearren. Ekintza berdina da, berez, mundu fisikoan eta birtualean. Teknologia digitalek, hori bai, mila bider multiplika dezakete arazoa, eta nazioartekotu ere egiten dute. Irtenbide juridikoa ematea zaila da horregatik, ez legerik ez dagoelako edo orain arte erabili izan diren legeek baliorik ez dutelako. Araua zein den badakigu: nola frogatu eta kunpliarazi beste kontu bat da.

Interneten dauden gauzak ez dira dohainik autoreak edo eskubidedunak nahi ez badu, mundu errealean bezalaxe; autore baten obra ezin da ukitu bere baimenik gabe, mundu errealean bezalaxe; dirurik lor daitekeen ala ez, hori ez da legearen ardura, merkatuarena baino. Internet, oraingoz, oso leku egokia da ezaguera zabaltzeko munduan zehar. Zabalkundeak, eta ez negozioak, lehenatasuna badu, sarea da lekua gauzak zintzilikatzeko.

Zabalkundeaz gain, batzuek dirua ere egiten dute. Baina guztiek, jakina, beren obrarekiko errespetu legal eta morala bermatuta eduki behar dute.

Javier Daz Noci
javier.diaz@sant.ox.ac.uk

Laburrak

Info

Kazetak eta euren eskubideak

Egileen eskubideei buruz ari garela, lehendabiziko aldiz auzitegietara heldu da Interneten kazetaritzaren arloan piztutako kasu bat. Los Angeles Times zein The Washington Post egunkariek Free Republic webgune kontserbadorearen arduraduna salatu dute baimenik gabe euren artikuluak kopiatu eta publikatzeagatik. Jim Robinson Free Republic-eko arduradunak konstituzioaren lehen zuzenketaren babesa duela dio baina artikuluen maketazioa aldatu eta bere sinadura ezartzen zuela argudiatzen dute salatzaileek.

Free Republic
http://www.freerepublic.com/
The Washington Post
http://www.washingtonpost.com/
Los Angeles Times
http://www.latimes.com/

Euskal kazetaritzaren historia

Testu nagusian aipatu bezala, "Euskal kazetaritzaren historia" liburua plazaratu berri du Javier Diaz Noci irakasleak Eusko Ikaskuntzaren webgunean. Lehenago atomotan (paperean) argitaratutako bi lan biltzen ditu bit-etan bakarrik atera den liburu honek. Egileak dioenez, "Berridatzi egin ditut, Euskaltzaindiaren azken arauen arabera moldatu ere". Azken urteotako kazetaritzaren ibilbidea gehituta hasieratiko historia osatu du. "Paperezko liburuen kontzeptutik aldentzen saiatu naiz eta liburuan hipertestuaren aukerak aprobetxatzen, zatien artean, kapitulen artean eta kapituluen zatien artean eginak baitira loturak". Hala ere, badakizue: irakurtzeko zuen ordenagailura jaitsi badezakezue ere, kasu Copyright oharrari!

Diaz Nociren liburua
http://suse00.su.ehu.es/liburuak/eph/index.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner