1999ko abenduak 2, Osteguna | Irristatzen |

Musika aukera

Nork bere neurriko CDak osa ditzake sarearen bidez

Nork ez ditu inoiz bere gustoko musikaren aukerak zinta batean grabatu? CD grabagailuen gorakadarekin horixe bera egin daiteke egun baina Compact Disc batean gordez, kalitate guztiarekin.

Sarearen eta musika konprimitzeko formato berrien agerpenak lan horren muga guztiak hautsi egin ditu. Alde batetik, MP3 konpresio moduak 74 minutu barik CD kalitateko 740 minutu sartzea ahalbidetzen du disko bakar batean. Hori bai, berau entzuteko ordenagailua edo irakurgailu berezia behar dira, soinuak deskonprimitzeko. Arrakasta handia izan dute EEBBetan MP3 irakurgailu eramangarriak. Tabako pakete baten tamainukoak, bertan ordubeteko MP3 abesti sorta sar dezakegu ordenagailutik. Ordenagailura, berriz, atzerrian atera berri diren diskoen abestiak hemengo dendetan agertu baino dexente lehenago jaits dizakegu Internetetik MP3 formatu famatu horretan.

Baina badira aukera eta formato gehiago ere. Liquid Audio da haietako bat eta konpetentzia egitera dator hainbat ezaugarri erakargarrirekin. Lehengoa, musika etorri ahala entzuteko aukera da. RealAudio sisteman bezala, ez dago artxibo osoa jaitsi beharrik musika gustoko dugun jakiteko.

Guk Liquid Audio programaren Mac-erako bertsioa instalatu eta, proba moduan, Buckcherry-ren Lit Up abestia jaisten hasi gara. Musika oso kalitate onarekin entzuten da baina eten batzuk izaten ditu sarearen saturazioa medio. Beste aukera batzuk badira: esaterako, CD grabagailua baldin badugu, abesti hori bertan grabatzea, ohiko CD bat osatzeko. Diskoaren irudia, kreditoak eta abestien letrak ere ikus daitezke.

Beste aukera bat gure aukera erostea da, Music Maker webgunearen bidez. Bertan, artisten eta abestien artean nahi ditugunak aukeratu eta eurek prestatuko digute ohiko CD bat, nahi dugun azalarekin. Kreditu txartelaz sorta ordaindu eta postaz jasoko dugu CDa.

Liquid audio
www.liquidaudio.com/
Music Maker
www.musicmaker.com
Musica a la carta
www.MusicaAlaCarta.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner