1999ko irailak 9, Osteguna | Irristatzen |

Matrix eta The Blair Witch

Film baten arrakastarako sarearen eragin handia

Zinemaren eta Interneten arteko erlazioa estutzen doa hainbat arlotan. Bi erakusgarri ditugu azken aldion The Blair Witch eta Matrix filmeak. Baina badira adibide gehiago: abuztuan estreinatu zen Star Wars Episode I filmaren irudiak ikusi ahal izan ziren abendua aldean, Lucasfilms-ek ezarritako webgune ofizialan eta RealVideo formatoan.

Zinemagile hasiberri eta ezezagunentzat ere, sareak ematen dituen aukerak baliagarriak dira. Esaterako, iragan astean komentatu genuenez, Kepa Sojo zinemagile arabarrak jarri duen webgunea, laburmetraia eta guzti.

The Blair Witch-en kasuan, sareak publizitate aldetik primerako bitartekaria dela erakutsi du berriro, aurrekontu murritzeko filmaren arrakasta ekarri baitute haren gainean han hemenka sortutako webguneek. Egileek, Daniel Myrick eta Eduardo Sánchez zuzendariek, filma estreinatu baino lehen Interneten abiatu zuten webgunean hasi ziren dirua biltzeko ahaleginean. Egun, dozenaka eztabaidagune eta ehunka webgune sortu dira jada lan honen gainean eztabaidatzeko eta informazioa emateko. Webgune ofizialak beldurrezko filmaren sinesgarritasuna laguntzen du, desagertu aurreko hiru ikasleen argazkiak, poliziaren txostenak, kronologia bat... Beste webgune batean filma errodatu den Burkitsvilleko basoak ezagutzeko parada dugu. Unibertso mistiko osoa sortu du The Blair Witch-ek lau hogerlekorekin.

Zibernautek gurtutako beste jainkoa da berriz Matrix, ekainan estreinatu zen filmea. Blade Runner-en lekukoa hartuta, Interneten berebiziko oihartzuna izan du, ziberpunk film baten osagarriak badituelako. Besteak beste, hackerren artean arrakasta izaten dute teknologia berriek dakarten kontrol sozialaren aurkako matxinoen bizipenak kontatzen dituzten filmeek. Identifikazioa handia da eta horren lekuko dira berri taldeetan agertutako aipamen mordoa.

Webgune nagusiak:

The Blair Witch
http://www.blairwitch.com
http://www.haxan.com/

Matrix
http://www.whatisthematrix.com
http://www.matrixmovie.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner