1999ko uztailak 29, Osteguna | Irristatzen |

La Furaren Eklipsea

Internautak aktore bihurtzen dira sarean

Abuztuaren 11an eguzki eklipse baten itzala zabalduko da Europan. Diotenez, inoizko ikusgarriena izango da ikuskizuna. Ordubetez, gerizpean izango da Euskal Herria, baina erabateko iluntasuna Europaren erdialdea zeharkatuko duen marra batean izango da.

Ondoren Turkiarantz abiatuko da itzala eta Indian, Bengalako Golkoan desagertuko da ozeanoan. Une magiko horrek gure alderdirik irrazionalenak piztuko dituen susmoa baino ziurtasuna dago, milurtekoaren amaierarekin munduaren amaiera iragartzen duten tesi milenarista eta apokaliptikoak barra-barra zabaltzen ari baitira.

Gertakizun hau oinarritzat harturik, La Fura dels Baus antzerki talde kataluniarrak Internautak protagonista izan daitezkeen web-muntaia bat prestatu du. Lan honek Goetheren Fausto-k eklipse baten inguruan bizi izandako gorabeherak eta mito erromantiko honen burutik pasatutako pentsamenduak berpizten ditu. Muntaia sarean izango da 2001ko abenduaren 31 arte.

Gure pertsonaia La Furak utzitako zatiekin osatu ondoren, 15 espaziotan abiatuko gara gure istorioaren protagonista moduan. Espaziook jolasak dira, batzuk bideojoko ezagunen bertsioak, besteak kreatiboak dira eta hainbat galdera erantzutera bultzatzen gaituzte. Abentura grafiko moduan egituratuta daude eskenatokiak eta internauta bakoitzak bere ibilbidea hainbat konexiotan egin dezake.

Interneten dagoen lanaz gainera, Faustoren itzala abuztuaren 11an gorpuztuko da sarean aldi berean konektaturik izango diren bi ikuskizunetan: bata Karlsruhen (Alemania) eta bestea Salzburgon (Austria). Leku bi hauetan erabatekoa izanen da eklipsea.


Faustoren itzala
http://www.faustshadow.com
La Fura dels Baus
http://www.lafura.com/
Eklipseari buruz
http://freespace.virgin.net/andrew.brown21/eclipse/html/ecl_home.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner