1999ko ekainak 24, Osteguna | Irristatzen |

Sarea espioien habia

Internet oso aproposa da espioitzarako

Egungo espioiek ikerketarako ordenagailua erabiltzen dute Interneten datuak biltzeko, txostenak idazteko eta, azkenik, berauek enkriptatu eta bidaltzeko. Ian Fleming bizirik balego, egun, benetako James Bondek ordu dexente emango lituzke pantaila aurrean jesarrita, dudarik gabe.

Aipatu dugun bezala, alde batetik espioiek sarea bera dute aztergai, datutegi erraldoia denez gero. Mundu osoaren esku dago eta mundu osoak esku hartu ahal du bertan datuak sartuz eta ateraz. Informazio bat Sarean jartzea sekretuak publikatzea da. Hori jagoten, norberarena ager ez dadin eta besteena ikusteko zerbitzu sekretu guztiak hor dabiltza, denek baitute begiren bat Internetera adi.

Bestetik, komunikazio modu bat da eta hor kriptografia sartzen da. Agenteek eta agentziek mezuak bidaltzeko erabiltzen dituzten moduak asko izan daitezke. Mezuak izkutatzea eta enkriptatzea espioitza bera bezain zaharra da, erromatarren garaitik baitator, eta egungo bidea sarea da telefonoa eta irratia baztertuta.

Azkenik, mundu osoko espioien agentzientzat erakusleihoa da. Egoitza nagusiaz aparte, agentziak publiko egiten diren leku bakarra da ziberespazioa, bestelakoan gerizpeko izakiak dira agentzia horietako agenteak. Interneten ordea EEBBetako CIAren bulegoetatik bira birtual bat egin dezakegu, Britainia Handiko MI5 edo Espainiako CESIDetik egin dezakegun bezala. Aipagarria da CIAk duen atal bat, desklasifikatutako dokumentuena. Besteak beste Rosenberg espioi senar-emazteen kasua, bahia de cochinosen inbasio saiakera eta beste hainbat konturen gaineko txostenak aurki ditzakegu.

Kasu! Bisitatzen dugun bitartean gu izan baikaitezke bisitatuak. Esaterako, CIAren webgunean nor garen eta nondik konektatzen garen begiratuko dutela argi utziko digute sartu bezain laster.

CIA
www.cia.gov

MI5
http://www.mi5.gov.uk

CESID
http://esint60.tsai.es/cesid

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner