1999ko ekainak 3, Osteguna | Irristatzen |

Sareko Babel berria

Hizkuntza eta gai asko biltzen da eztabaidaguneetan

Lehengo batean chat-ari buruz aritu ginen hemen, konektatuta gaudela ordenagailuko teklatuan idatziz aldi berean elkarrizketa bat mantentzea ahalbidetzen diguten programez eta beste. Oraingoan eztabaidaguneak dakartzagu lerrootara, biak ezberdintzeko asmoz.

Newsgroups izenekoak sareko berri taldeak dira edo, hobe esanda, eztabaidaguneak. Ez dira aldi bereko chat-a, mezuak denboraz prestatu eta bidal daitezkeelako. Gainera, mezuok hor gelditzen dira, luzaroan, berri taldean gorderik. Berri taldeetako mezuak irakurtzeko programa bereziak behar dira, baina Netscaperen Communicator nabigatzailearekin news-ak irakur daitezke ere.

Milaka berri talde daude sarean Usenet-eko taldeetan, taldeen multzorik handienean. Munduko zerbitzari gehienek sarbidea ematen dute Usenetera baina beste batzuek badituzte euren eztabaidagune propioak, APCkoak eta beste asko kasu. Printzipioz edozein internauta taldek sor dezake Usenet-en berri talde bat eta, horregatik, denetarikoak dira. Alanis Morrisetteren fan-ak biltzen dituen taldetik abiatuta, Aita Santuaren gaineko beste batetara ibil gaitezke. Badira arrazakeriaren aurkako taldeak, beltzen kontrakoak... Eztabaida sutsuak pizten dira talde askotan, Kosovoko gerra edo futbola direla eta.

Euskal Herriari dagokionez, gauza gutxi dago sareko eztabaidaguneetan. Euskal talde bi daude: soc.culture.basque eta alt.culture.euskalherria. Lehendabizikoa moderatua da, hau da, zentsuratua. Honekin bat ez zetorren internauta talde batek bigarrena sortu zuen. Hala ere, euskara ez da ia agertzen euskal eztabaidaguneetan.

Helbide interesgarriak:

Berriak nabigatzailearekin, beste programarik gabe ikusi, bilatu eta bidaltzeko deja.com lekua aproposa da.
www.deja.com

Programak lortzeko
www.newsreaders.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner