1999ko maiatzak 27, Osteguna | Irristatzen |

Ezezagunekin berbetan

Telefonoz bezala baina sarean hitz egin daiteke

Lehengo batean Interneteko Chat edo berriketari buruz mintzatu ginen. Bada, programa horiek, idatziz, jendeak elkarrekin komunikatzea ahalbidetzen dute interesen arabera biltzen diren taldeetan. Programa batzuren bidez, eta gure ordenagailuak soinu txartela egokia badu, aldi berean konektaturik dagoen edozein lagunekin hitz egin dezakegu.

Normalean, erabiliko dugun programaren arabera, harenak baino ez diren kanalak, beste programekin konpatibleak ez diren kanalak erabiliko ditugu komunikatzeko. Programaren zerbitzarira konektatuta, hainbat gela ikusiko ditugu, bakoitza gai edo leku baten ingurukoa. Gehienak ingelesez dira eta bat ere ez euskaraz. Momentuan horra konektaturik daudenen izenak ikus ditzakegu, gurea tartean, eta nor deitu nahi dugun aukeratu. Hark deia onartzen badu has gaitezke hizketan.

Arazoa gaia da, zeren gainean mintzatuko garen Australiako lagun batekin. Hala, elkarrizketa gehienak metakomunikazio hutsa dira: Can you hear me? eta yes, and you? Gehienez, segituan where are you from? galdetzeko. Komunikazioa mozten ez bada, agian bat batean esaldi eginak agortu eta geuk moztuko dugu hizketaldia. Horregatik onena ezagunekin eta aldez aurretik hitzordua jarrita joatea da, batez ere beste kontinente batean bizi badira atarramendua aterako diogulako.

Garai batean hegoaldean modan izan ziren 903 linea haietan bezala, komunikatzeko arazoak dituen jende ugari biltzen da anonimotasunak lagundurik, baita arraro xamar diren batzuk ere. Webcam baten bidez bere gorputza erakustea atsegin duen asko dago adibidez.

Programa interesgarriak:
PCrako Microsoft Netmeeting programak webcam-aren aukera ematen du baina ez da doakoa. Doako programak hemen aurkituko ditugu:

http://tucows.arrakis.es
http://www.download.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner