1999ko urtarrilak 7, Osteguna | Irristatzen |

Telebista hil da

Saioak, bideoak eta filmeak sarean ikusgai

Testuak eta irudiak konbinatze hutsa baino askoz urrunago hel daiteke Interneten imaginazioa aplikatuz. Ordenagailu batean sar daitekeen edozein gauza egokitu daiteke bertan ezartzeko, propio horretarako eginiko bideo sorkuntzatik zinema klasikoraino.

Avalon Worlds-en egitekoa da "multimediak, eta bereziki webak ematen dituen aukerak erabiltzea". Bertan biltzen dira artista ezberdinak elkarrekin sortzeko. Horrela, fikziozko abentura poetiko multimedia bat aurki dezakegu, istorio interaktiboak eta wovie bat (web movie), soilik weberako sortu den filmea.

The Sync gunean berriz telebista saioak egiten dituzte, soilik Interneten erakusteko. "Internet lehendabiziko hedabide benetan demokratikoa da eta The Sync Internet bidezko bideoaren garapenaren hasiera besterik ez da. Telebista hilda dago!", diote. Ikusleek eragiten dute zuzenean programazioan eta saio alternatibo ezberdinak daude, politikari, arteari eta gazteei buruzkoak.

Bideo laburren jaialdi birtual online bat dago The Sync-en. Batzuk oso laburrak, besteak esperimentalak, dokumentalak, animaziozkoak... Beste atal batean filme luzeak daude, batzuk klasikoak, Nosferatu osoa kasu. Horrelako asko daude ere Xoom-en webgunean, Metropolis, The ape Man eta beste batzuk.

Bideoak ikusi eta entzuteko beharrezkoa da RealPlayer programa edukitzea. Mirari hau posible egin duen programa debalde jaitsi daiteke saretik bertatik.

RealPlayer kargatzeko
http://www.real.com

Gune interesgarri batzuk
http://www.thesync.com
http://avalonworlds.com
http://xoom.com/movies/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner