2000ko martxoak 11, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Emakume sortzaileak

Sareko emakumezko bakanak kultur irlak sortzen

Sarea gizonezkoen erresuma da, inkesta guztien arabera. Emakumeek, aldiz, gero eta presentzia handiagoa ari dira hartzen, oraindik gutxiengoa diren arren. Gizonezkoentzat eginiko edukien erdian leku bakan batzuk haientzat fokaturik daude, baina askotan feminismoak nahi ez lukeen ikuspegi batetik.

Azken asteotako sukarra da hiruzpalau portal tematiko sortu direla emakumeentzako propio. Emakumeak eginak diren arren, zein baino zein kursiago eta politikoki kontserbadoreagoa eta emakumeak kontsumitzaile pasibo moduan ikusten dituzten enpresa ekimenak dira. "Bihotzeko" aldizkarien online bertsioa dirudite nosotras.com mujerweb.com, amaranta.com eta besteek.

Hala ere, sarean emakumezkoen irudi gehiago aurki ditzakegu gizonezkoenak baino. Bai, baina gehienak biluzik eta gizonezkoen gozamen erotikorako. Emakumeak subjektu baino objektu dira sareko sintaxian, beste leku askotan bezalatsu.

Emakumeak kontsumitzaile edo objetu baino, protagonista diren webgunerik ere bada. Politika, feminismo radikala, lesbianismoa eta bestelako joerak aurki daitezke baina kulturarekiko, arte eta humanitateekiko lotura zuzena duten webgune askotan emakumeak dira protagonistak eta egileak.

Gai asko jorratzen dituzten webguneetan Feminista aurki dezakegu. "Artea, literatura eta filosofia, umorearekin eta errespetuarekin" eskaintzen dituen aldizkari elektronikoa. Stanfordeko unibertsitatean berriz, bada emakumezkoen gaineko dokumentazio bilduma izugarri handia bildu duen webgune bat, liburutegi birtual zein fisiko askoren gaineko dokumentazioarekin. Beste batean, Gifts of speech izenekoan, emakumezko ospetsuen mintzaldiak biltzen dira. Izen ospetsuen bilduma ere aurkituko dugu Distinguished Women domeinupean, artean, literaturan eta musikan nabarmendutako emakumeen soslaia eta biografiekin.

Emakumeek komunikabideekin eta identitatearekin duten harremana aztertzen dute beste webgune akademiko bik. Beste bitan, emakumezko afroamerikarren eta mexikar jatorrikoen arazoak aztertzen dira, hurrenez hurren. Lehendabizikoan artea da gai nagusia, beste webgune askotxotan bezala. Izan ere, emakume artistak sarean ondo ordezkatuta daudela ematen du. N.Paradoxa aldizkariak "feminismoaren eta emakumezkoen artearen egungo paradoxak" aztertzen ditu.

Baina artea eta feminismoa praktikan uztartzen duen kolektiboa Guerrilla girls dugu. EEBBetako kolektibo honetako kideek aurpegiak tximino maskaraz estalita daramatzate, anonimotasuna aldarrikatzeko eta euren artean ezizenez deitzen dira. Munduko galeria eta erakustoki askotan emakumeek jasaten duten bazterketa ekintzen bidez salatzen dute eta euren arte izengabea erakusten dute, domeinu propiodun webgunean.

Hizkuntzalaritza emakumeekiko erlazioan jartzen duen webgunea da sexismoa hizkuntzan jorratzen duena. Musikaren gainekoak asko izanik, aipagarriak ditugu Lesbian/Feminist Music Links helbideen bilduma eta Women in music izeneko aurkibidea.

Zinemari dagokionez, berriz, emakumezko negartiaren rola aztertzen duen webgune bat aurki dezakegu edo eta zineman lesbianismoaren agerpenak biltzen dituen direktorio bat. Azkenik, literaturan, makina bat helbide aurkituko ditugu baina hobe Women Writers bezalako aurkibideetara jotzea helbide horiek lortzeko.


AIPATUTAKO HELBIDEAK

Disziplina anitzekoak
www.feminista.com
www-sul.stanford.edu/
gos.sbc.edu/
www.DistinguishedWomen.com
theory.org.uk
www.ecuanex.apc.org/alai/
www.chicanas.com/
members.aol.com/netdiva/isis.html
Artea
web.ukonline.co.uk/members/n.paradoxa/index.htm
www.guerrillagirls.com/
Sexismoa hizkuntzan
www.lumina.net/gnp/
Musika
pobox.upenn.edu/~amazon/music.html
www.lib.washington.edu/music/women.html
Zinema
www.cinema.ucla.edu/women/
www.geocities.com/WestHollywood/6271/
Literatura
historyoftheworld.com/soquel/womwrt.htm
www.women-writers.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner