2000ko martxoak 8, Asteazkena | UNInet |

Sareko botoen bila

Politikariak internauten botoak eskuratu nahian doako sarbidea agintzen dute

Duela pare bat urte sareaz ezer gutxi zekiten politikariak chat-etan ikusten ditugu egunotan, edo internauten bileretan tarifa laua edo zuzenean doako sarbide unibertsala galdatzen. Neurri batean edo bestean alderdi gehienek erabiltzaileen eskakizunekin bat egiten dute eta sarearen hedapena proposatzen dute internauta sutsu bilakatutako haugagaiek.

Enkante birtuala bailitzan, hauteskunde aurreko egunetan eskaintzak egiten hasi dira: Almuniak tarifa laua 3.000 pezetan jarriko zuela iragarri zuen aurrekanpainan eta ondoren Aznarrek are merkeagoa agindu zuen.

Baina sareari buruz mintzatzeaz gain, sarea bera propaganda tresna eraginkorra dela aurkitu dute politikariek, ematen duen modernitate ikutua bistatik galdu barik. Esaterako, Gipuzkoako PSE-EE alderdiak euskaraz ere dagoen webgunean chat-a eskaintzen du ostegun arratsaldero, beste hainbat informazio emateaz gain. Telefonicari aipamen argia eginez Ana Isabel Oihartzabal hautagaiak "PPk botere nukleo batzuk babesten ditu", esan zuen webgunearen aurkezpen ekitaldian. Horren ondorioz "Espainia Interneteko azken bagoian", doala gehitu zuen Oihartzabalek.

Bitartean, PPko hautagai Jose Maria Aznarrek bere webgune pertsonala zabaldu du ziberespazioan. Alderdiaren webguneak nagusitasuna galdu du, kanpainia honetan espainiar presidentearengan pertsonalizatuz. Aznarren biografia, argazkiak eta bestelako datuak ezezik, alderdiko programa ageri da bertan, besteak beste, zehaztu gabe dagoen tarifa lauaren eskaintza. Moncloaren webguneak hackerren erasoa jasan ostean, segurtasun neurri bereziak ipini ditu haren webmasterrak. Izan ere, iaz Aznarren aurpegia itxuraldatu eta hainbat irain jarri zituzten ezezagun batzuek Espainiako lehendakaritzaren webgunean.

Berriki, Aznarrek esku hartu du Madrilen Interneteko gailurra izeneko bilkuran eta Asociacion de Usuarios de Internet elkarteak antolatutako foroetan. Itxuraz, Espainiako presidentea agertu den foroak pozik utzi ditu bere mintzaldi eta proposamenekin. Baina sarean dagoen beste elkarte bat, Asociacion de Internautas, ez dago batere ados. AUIk gobernuarekiko duen menpekotasuna salatzeko sortu zen, internautas.org domeinupean tarifa lauaren eskakizuna ikurtzat hartuta. Batak PPren aldeko jarrera nabarmena hartu duen bitartean besteak PSOEren aldeko hautua egina du, bietarik inork horrelakorik aitortzen ez badu ere.

Bitartean, bertoko alderdiak ere sarean urratsak ematen ari dira. EAJk bere programa jarri du sarean. Bertan, internautak kezkatzen dituzten gai gehienak aipatzen dituzte: irakaskuntza, merkataritza, ordenagailuen prezioa, sarearen bidezko kultura eta tarifa laua, azken hau zehaztera ausartzen ez bada ere.

Eusko Alkartasunak ere bere programan Internet aipatzen du, sarrera merketzeaz aparte sarbide azkarra eta segurua ziurtatzea eskatuz. Alderdi honen baitan internauten komunitate txiki bat sortu da eta honengandik sortu zen EA Sarean ekimena. Sarearen bidezko barne erakuntza modu aitzindaria da, Interneten bidezkoa soilik. Iņaki Gaztelumendiren gidaritzapean, bi organuk osatzen dute egitura hau: EAko Internauta Batzorde Eragilea eta alderdikideen asanblada birtuala den EA Internauta Batzarra. Alderdi honek jada hainbat eztabaidagune kudeatzen ditu eta Ziberalkartasuna izeneko buletin elektronikoa argitaratzen du. Euskal Herritarrok plataformak berriz ez du martxoaren 12ko hauteskundeen inolako aipamenik egiten bere webgunean, abstentzioaren aldeko kanpaina egiten ari den arren.

Baina hauteskundeetara ez dira bakarrik alderdi "serioak" aurkezten. Partido del Karma Democratico (PKD) alderdiak "boto inutila" eskatzen du. Bizkaian aurkezten den alderdi honek arlo ezberdinetan dituen proposamenak biltzen ditu online jarritako programan. Hitz gutxitan ondo jatea, larrua jotzea, ongi bizitzea eta elkar maitatzean laburtzen da umorez osatu duten programa zabala. Bertan, kanpo politikatik arlo sozial eta ekonomikora doazen proposamen zehatzak egiten dituzte.

PSOE
www.pse-ee-gipu.com
PP
www.aznar2000.pp.es
EAJ
www.eaj-pnv.com
EA
www.ea-euskadi.com
EH
www.euskal-herritarrok.org
PKD
www.humorenlared.com


Laburrak

Euskara sarean
Euskarari buruzko aurkibide eta baliabideen gune berria dago sarean iragan ostegunaz geroz. Hamar ataletan euskararen azalpena, bere historia, soziolinguistika, legeak, hizkuntza politika, argitalpenak, toponimia, tresnak, hizkuntza gutxituak eta agenda. Besteak beste, hiztegi batzuk ere sartu ditu Eusko Jaurlaritzak webgune honetan eta paperean argitaratzen diren euskarazko argitalpen guztiak ere bertan sartzeko asmoa dute.

Euskararen webgunea
www.euskadi.net/euskara


Gestorak.org
Maiatzaren 6an ospatuko den Elkartasun Eguna 2000 gero eta hurbilago dagoela eta, Amnistiaren Aldeko Batzordeek kartel batzuk baliatu dituzte jaialdia eta webgunea iragartzeko. AABri buruzko informazioa ematen dute bertan, presoei laguntza, errefuxiatu eta deportatuen egoera, errepresioaren salaketak eta osasuna gartzeletan dira momentuz dauden atal batzuk. Bestalde, iazko Elkartasun Egunaren berri ematen dute eta aurtengo jaialdia aurkezteaz gain, bertan esku hartzeko eta laguntza emateko deia egiten dute batzordeek.

AAB
www.gestorak.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner