2000ko otsailak 16, Asteazkena | UNInet |

Arrakastaren gakoak (eta II)

Webgune bat sarean ezagutarazteko gomendio gehiago

Iragan astean gure webgunea sarean ezagutarazteko gomendio batzuk aipatu genituen. Bilatzaileetan izena ematearen garrantziaz gain, berri taldeak, banaketa zerrendak eta bannerrak aipatu genituen. Gaur, honekin jarraituz, online zein offline sustapen modu gehiago ezagutuko ditugu.

Bannerrak aipatu genituen amaieran eta, ideia praktikoen artean, bannerren trukea dago. Euskalbannerrek gure bannerrra bertako beste partaideen webguneetan ikuskatzea ahalbidetzen digu, gure webgunean besteenak ikusten diren bitartean. Webgunea publiko euskaldunera bideratuta badago, gainera, oso aukera ona da, Euskalbanner-eko kide diren beste gehienak ere euskaldunak direlako eta haien bisitarien zati handia ere bai. Hemen, aipatu gabe bada ere, target kontzeptua ikutu dugu. Publizitatearen negozioa sarera primeran egokitu da eta sarea ezin egokiagoa da publilko zehatzentzako publizitatea egiteko. Publizistentzat target-a gure negozioaren bezero izan daitekeen multzo soziala da, eta publizitatea target edo ikuslego-helburu zehatzetara zuzentzen da.

Normalean, publizitatea adserver baten bidez egiten da. Bannerrak erakustera dedikatzen den zerbitzari batek aukeratuko du webgune batean momentu konkretu bakoitzean zein banner ikuskatuko duen bisitari bakoitzak. Haren ordenagailu motaren, jatorrizko herrialdearen, orduaren eta nabigatzeko erabiltzen dugun programaren arabera. Bisitaria ohartu gabe datu horiek guztiak jakiten ahal dituztelako zerbitzariek.

Topatzaile batzuetan, bila gabiltzan kontzeptuaren araberako iragarkiak agertuko zaizkigu. Esaterako, topatzailean medikuntzari buruzko kontzeptu bat italieraz sartzen badugu, emaitzekin batera italierazko bannerra etorriko zaigu, botikaren bat iragarriz. Mundu zabaleko sarean target-a kontutan hartuko ez balitz alferrik galduko lirateke iragarkiak gure pantailetan. Helburua ahalik eta click through gehien lortzea da, ikuskatutako banner-etako batean klik egin eta gure webgunera bezero posible bat sartu orduko, badira iragarkiari jaramon egin ez dioten beste askotxo. Erlazio horrexeri esaten zaio click through, arrakastaren indizea.

Bannerraren arrakasta lortzeko, target-a ondo zaintzeaz gain, bannerraren diseinua deigarria izan behar da eta zalantza apur bat eragitea komeni da, jakinminak internauta bertan sakatzera bideratuko baitu. Ordaindutako publizitatean, saretik kanpo bezala, CPM kontzeptua erabiltzen da eta 4 eta 12 pezeta bitartean mugitzen da iragarki bakoitzaren, banner bakoitzaren ikustaldi baten kostua.

Gure banaketa zerrenda sortzea ideia ona da. Webgunera hurbildu zaizkigun internautek agian ez digute besterik gabe ezer erosiko, lehen bisitaldian, baina interesa erakutsi duten bezero posibleak dira. Eskaintzez eta eguneratzeez informatuak egon daitezen aukera emango diegu, gure zerrendan izena emanda.

Azkenik, saretik kanpo ere publizitate pixkat egitea ondo dago. Enpresako paper guztietan eta iragarki guztietan webgunearen helbidea sartzea ez da horterada bat. Oso erabilgarria izango da zalantzaren bat edo sortzen zaienean, gure helbidea gogoratzeko erraza baldin bada behintzat. Bezeroei zenbat eta kontakturako modu gehiago eskaini, hainbat hobeto.


Jarraitu beharreko urrats batzuk

-Helburuak finkatu: kanpaina markaren izena zabaltzeko den ala webgunera internautak erakartzeko.

- Sarean gure helburua (target) izango den jende multzoa zehaztu. Kanpaina haiengana zuzendu.

-Webgune txukuna prestatu, informazioa modu sintetiko eta irakurgarrian emango dituena. Diseinu erakargarria eta koherentea baina karga geldotu gabe. Hizkuntzen eta atalen hierarkia ondo antolatu.

-Zein edo zeintzuk diren erabiliko ditugun bideak zehaztu (e-posta, berri taldeak, prentsaurrekoak edo kaleko publizitatea).

-Aurrekontua prestatu. Jakin behar dugu zenbat diru izango dugun, kanpainaren arlo bakoitzari zati egokia bideratzeko.


Laburrak

Greba UNAMen
Mexikoko Universidad Nacional Autonoma-n (UNAM) 293 eguneko greba eta mobilizazioa amaitu nahi zuen gobernuak, otsailaren 6an polizia unibertsitatera sartuta. Greba batzordeko (CGH) hainbat kide atxilotu dituzte operazio horretan baina unibertsitatearen kontrola CGHren esku jarraitzen du, ikasle gehienak harekin bat egiten dutelako. Hasiera batean, unibertsitatearen garestitzea eta pribatizaziroako asmoak salatzeko hasi zuten grebak iraupen eta zabalpen izugarria izan du. CGHk badu grebarako arrazoiak eta haren inguruko berriak ematen dituen webgune bat.

Consejo General de Huelga
http://www.geocities.com/Baja/Mesa/9813/


Arrobaz eta beste
Iragan astean polemika interesgarria piztu zen EuskaraZ posta zerrendan. Bertan, Internetekin lotutako hainbat hitz euskaraz nola esan behar diren dugu egunotako eztabaidagaia. Iritzi gehien sortarazi dituena "@ ikurrarako euskarazko izena da, askok erdarazko arroba hitza ez baitute batere gogoko. Beste kontzeptu batzuren gainean ere badago iritzi kontrajarririk, hala nola, posta elektronikoa, e-posta helbidea, e-mezua, esteka eta beste askoren inguruan zalantzak badira. Eztabaida jarraitu eta datozen asteotan gaiaren gainko informazio gehiago plazaratuko dugu hemen.

EuskaraZ zerrenda
www.ueu.org/euskaraz.htm
Webgune bat
www.geocities.com/ezdaarroba

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner