2000ko urtarrilak 26, Asteazkena | UNInet |

Phreakerrak, sareko iruzurleak

Teknologia zerbitzuak ordaindu gabe erabiltzen dituztenak Phreakerrak dira.

Iragan astean Goardia Zibilak gutxienez 55 lagun atxilotu zituen Millenium izenarekin bataiatu duten operazioan. Iruzurraz akusatuta daude, doako 900 zenbakiak erabiliz sarera doan sartzeko manipulazio informatikoa eginez. Hainbat probintziatan batera egin dira atxiloketak eta guztiei Com 30 izeneko iruzurle sarea osatzea leporatzen zaie.

Kasu honetan protagonistak ez dira hacker-ak izan, oso bestelakoak diren phreaker-ak baizik. Orohar, informatikaren baitan underground mundua osatzen dutenek amankomunean sareen erabilera eta teknikarekiko lilura dute, baina oso jarduera ezberdinak dira bi multzo hauek egiten dituztenak.

Hackerrak ezagunenak dira eta oihartzun handia dute komunikabideetan. Sare informatikoetan oztopoak gainditu eta debekatutako guneetara sartzea lortzen dute, zerbitzarietan sartu eta kontrola bereganatzea da euren helburua. Hauetan bada helburu maltzurrekin aritzen denik eta azpimultzo horri crackerrak esaten zaie. Hala ere, klasifikazio honetan ez dago erabateko adostasunik eta beste hitz batzuk ere badabiltza hortik, jarduera mota ezberdinak sailkatzeko.

Phreakerrak, berriz, euren jakituria hainbat zerbitzu ordaindu gabe erabiltzeko erabiltzen dituztenak dira. Praktikan, egun, zeregin zehatz batzuetan ibiltzen dira phreakerrak. Sarera doan sartzea, telefono mugikorrak doan erabiltzea eta kodifikatutako telebista kateak doan ikustea phreakerren jarduerarik ohikoenak dira. Espainian gai honen gainean informazioa ematen du Compaņia Phreaker Nacional de Espaņa (CPNE) webguneak. Besteak beste, telefono kabinak eta beste hainbat zerbitzu doan erabiltzeko gomendioak ematen ditu CPNEk.

Milenum operazioa
Iragan astekoa sare antolatu baten desegitea bezala aurkeztu zuen Goardia Zibilak. Haren arabera, duela urtebete pertsona bat atxilotu zuten Madrilen, Interneten besteen kreditu txartelekin erosketak egiteaz akusatuta. Pertsona hau sare horretako kide zen eta sarea ikertzen hasi ziren. Geroago, sareko bi buruak, —X eta Danko— atxilotu zituzten Alacanten eta Cordoban. Hauek hainbat laguni telefono mugikorrak debalde erabiltzeko eta 900 zenbakien bidez sarera doan sartzeko argibideak ematen zizkieten. Ondoren, erabiltzaile hauek guztiak jausi dira, Benemerita-k antolatutako Delitu informatikoen gaineko jardunaldi garrantzitsu baten bezperan. Operazioaren arduradun Del Moral kapitainak aitortu duenez, azaroan emana zuen epaileak ekiteko baimena baina, aste honetara arte atzeratuta, hauteskundeen deialdiarekin eta aipatu jardunaldiarekin bat etorri da azkenik.

Atxilotuen aldeko mezuek sareko foroak bete dituzte. Bertan, irudi operazioa dela eta deliturik ez dela egon diote gehienek. Atxilotu askoren defentsa bere gain hartu du Almeida bufeteak. Hispahack kasuan atxilotuak defendatu zituen Carlos Almeidak aurreratu duenez, "epaiketa bera ustez eragin diren kalte ekonomikoak baino garestiagoa izango da".


CPNE
http://cpne.cjb.net/
Phrack Magazine
http://www.phrack.com/
Almeida abokatua
http://www.bufetalmeida.com/

AMARAUNA: Aerolitoak

Etxeko aerolitoak, onenak

Egunotako misterioa eta askorentzako txantxa motiboa ere bada aerolitoen sukarra. Espainian nonahi eta azkenik gurean ere jausten hasi omen direla eta, euskaldunok ez gaude mehatxutik libre. Zerutik izotzezko harria etorri ez badator ere, denon eskubidea den bost minutuko gloria tartea irabaz dezakegu geure aerolitoa, eusko labeldun aerolitoa asmatzen.

Internauta batek webgunea sortu du aerolitoen errezeta emateko. Bertan, nola egin behar den azaltzen du lehenengo: "auzokoen izozgailuak garbitzeko zure burua aurkeztu beharko duzu. Hormetako izotz zatiak aizto batekin atera eta poltsetan bildu". Etxera heldutakoan, dena bildu behar da aerolitoa egiteko. "Sei bat izozkailuren izotzekin nahikoa izango da", dio internautak. Ondoren, dena ondo nahasi eta trinkotu behar da, "ilarrak, izozki zatiak eta bestelako arrasto organikoak ondo kendu ondoren". Izan ere, gero zati hori CESIC-eko ikerlariek aztertuko dute eta jada agertu dira aerolito bitxi samarrak, botila formakoak eta horrelakoak. Gure helburua aerolito sinesgarria egitea bada, aholkuak jarraitu beharko ditugu.

Ondoren, aerolitoa non agertarazi behar dugun azaltzen du. Auto baten gainean jaurtikitzea deigarriena dela dio, eta inteligenteena gure negozioaren aurrean egitea, bezeroak erakartzeko. Jaurtikitzeko unerik onena gaua da, eraikin altu baten gainetik.

Hala ere, aerolitoa egiteko dirurik edo denborarik eduki ezik, aerolitogintza zerbitzua eskaintzen du internauta honek, prezio eta diseinu interesgarriekin. Beraz, badakizu: milaka pertsonek badute euren aerolitoa. Zu, zeren zain zaude?

Egin zure aerolitoa
http://perso.wanadoo.es/tmgen/aerolito.htm

Laburrak

Vasconia online
Ez da Gasteizko saskibaloi taldearen webgunea, Antza inprimategiaren eskutik sarean abiatutako komunikabide berria baizik. Gaztelaniaz Euskal Herriari buruzko informazioa ematen du, ekonomiaren gainekoa batik bat. Hemendik kanpoko jendearentzako eta euskal diasporari berriak eta zerbitzuak eskaintzea da webgunearen helburua. Besteak beste, Argia aldizkariak aste honetan online jarriko duen sagardotegien gidara sartu ahal izango da Vasconia.net informaziogunetik.

Vasconia
www.vasconia.net


Net.iragarkiak
Roberto Agirrezabalak sortutako azken web sorkuntza lana da net.ads izenekoa. Lan honek bannerrak erabiltzen ditu, Interneten publizitatea egiteko erabiltzen diren iragarki grafikoak. Ohiko formatoa duten bannerrak, 460 x 60 pixelekoak, sareko hainbat webgunetan jarrita dauzka Agirrezabalak. Programa baten bidez, net.ads webgunearen bisitariek bidalitako mezuak jaso eta iragarkietan publikatzen ditu. Horrela, testuok segituan agertzen dira publikaturik webgune haietan. Agirrezabalak sarean zabaldutako hirugarren sorkuntza lana da hau, EasyOne eta What You Get-en ostean.

Net Ads
http://www.gipuzkoa.net/~arteleku/fronton/netads/
What You Get
http://adclick.es/whatyouget/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner