2001ko otsailak 21, Asteazkena | UNInet |

Filetopia, Napster bilbotarra

Filetopia arrakastatsua, Enrique Martinek sortua

Egunotan EEBBetan emandako epaiak Napster programaren etorkizuna zalantzan jarri du. Sarean egun programarik ezagunena den honek internauten artean zuzenean musika elkartrukatzea ahalbidetzen eta errazten du, bere zerbitzariak duen bilaketa tresna bikainari esker. Baina epaileek programa honek musika industriaren egile eskubideak urratzen dituela ebatzi dute eta baliteke laster zerbitzariak bere ateak itxi behar izatea. Hala balitz, milioika erabiltzaile atsekabeturik geratuko lirateke.

Baina Napster-en oinarrian dagoen trukaketa zuzeneko P2P (peer to peer) teknologiaren garapena geldiezina da eta horren froga da Napster-en antzeko programa berri askoren agerpena azken hilabeteotan. Haietako bat, eta ez makalena hain zuzen, gurean sortua da. Napster-en aukerak sobera gainditzen dituen Filetopia programa Bilbon sortu du Enrique Martinek –«Deustuan», zuzendu gaitu berak– eta ez du zertan besteen inbidiarik eduki behar, Martinen esanetan «haiek baino askoz hobea» baita.

Napster baino lehenago atera zuen Martinek bere Filetopia, 1998ko udan. Baina berak aitortzen duenez, Shawn Fanning-ek arrakastaren gakoa gehitu zion hasieratik bereari: bilaketak egiteko tresna. Akats hori zuzendu zuen Martinek ondorengo bertsioetan eta askoz aukera aurreratuagoak gehitu zizkion, ondoren azaldu digunez. Antzeko beste programa batzuren ondoan, Filetopiak segurtasuna eskaintzen du, batez ere, 256 bit-eko enkriptazio sistema baitu komunikazio guztietan. Aukeretan, berriz, bat-bateko mezularitza sistema osoa du, enkriptazioa erabiltzen duen bakarra.

Erabiltzaileen artean konexio zuzena eginez artxiboak trukatzeko erabiltzen diren P2P programen artean, funtsean, bi teknologia mota daude: lehenengoan, erabiltzaile guztiak zerbitzari batera konektatzen dira, bertan bilaketak egiten dira eta chat-a antolatzen da, baina ondoren, fitxategien trukea makina batetik bestera egiten da zuzenean. Hori da Napster eta Filetopia programek erabiltzen dutena eta Martinen iritziz eraginkorrena den eredua.

Beste ereduari banatutako bilaketak esaten zaio. Honetan, erabiltzaileak bata bestearekin konektatzen dira eta makina guztiak hierarkia maila berean daude, ez dago zerbitzari zentralik eta sarea haziz doa jendea biltzen den neurrian. Eredu honek abantaila bakarra du: zentsura saiakeren aurrekoa, ia ezinezkoa baita berau ixtea ez baitu antolaketa hierarkikorik. Freenet eta Gnutella eredu honetako adibide bi dira, zentsuraezinak diren sareak baitira.

Hala ere, desabantaila handia dute honelako sareek, «ez baitira fidagarriak, ezta egonkorrak ere», Martinen esanetan: «Zeu ere sareko kide zarenez, besteen bilaketa guztiak zure makinatik igarotzen dira. Hala, bilaketen trafikoak hartzen duen banda zabalera gero eta handiagoa da eta gutxi geratzen da artxiboen trukerako, horregatik izugarri motelak dira Gnutella bezalako sareak».

Filetopiaren funtzionamendua Napster-ek duenaren antzekoa da, baina Filetopiak musika ezezik bestelako edozein artxibo elkartrukatzeko balio du. «Jendeak elkarrekin gehien trukatzen duena musika da baina argazkiak eta bideoak ere ipintzen dituzte besteen eskura».

Programan gaudela, bilaketa artxibo motaren arabera egin dezakegu. Ondoren, behin gure gustoko artxiboa aurkituta, artxiboan klik egin eta connect direct sakatu besterik ez dugu. Orduan zuzenean artxiboa dagoen ordenagailuarekin konektatuko da gurea. Martinek azaldu digunez, «artxibo bat aukeratzen dugunean, zerbitariari eskatzen diogu beste erabiltzailearen IP helbidea eta honek datuak emango dizkio gure makinari berarekin konektatzeko. Konexioa orduan zuzena izango da makina baten eta bestearen artean, firewall batetik konektatzen ez garen bitartean behintzat. Orduan negoziaketa konplexuagoa da, baina funtsean gauza bera da».

Napster-i gerta dakiokeenaren iragarpenak erabiltzaileen igoera ekarri du Filetopian. Jada 100.000 erabiltzaile daude bertan izena emanda. Gehienak angolofonoak dira, horregatik Filetopiaren interface-a ingelesez sortu zuen Martinek. Hala ere, duela gutxi gaztelaniazko bertsio bat atera dute, erabiltzaileen igoera ikusita. Erabiltzaileen igoera horrek arazoak ekarri dizkio Enriqueri: «Zerbitzaria jada kolapsatuta dago, soilik bilaketekin eta chat-aren datuekin».

Musutruk
Nahiz eta Filetopiaren atzean Bitmap enpresa egon, pertsona bakarraren proiektua dela esan liteke. Enriquek azaldu digunez, «Aisialdian hasi nintzen egiten, Iberdrolarentzak aholkulari moduan lanean ari nintzela. Baina azkenean lana utzi nuen programan buru belarri sartzeko eta ondoren hainbat jenderen laguntza jaso dut». Napster-en kontrako epaiak hemen norbaitek Filetopiaren kontra joko duen beldurrik duen galdetuta, beldur hori baduela onartzen du Enriquek, baina Filetopia irabazi asmorik gabe egin duela azpimarratu digu, erabat doan izateko, «eta hala jarraitzea nahi nuke, nik haren kontrola dudan bitartean bederen».

Filetopia
www.filetopia.com
Napster
www.napster.com


LABURRAK

360 gradu

Euskal Herria 360 graduko iruditan azaltzen den argazki sorta ezarri du Iosu Arriolak sarean. Berak sortutako eusko.net atariaren baitan, besteak beste, Donostia, Bilbo, Garazi, Arantzazu, Laida, Orbaitzeta eta Zumaia azaltzen dira. Argazki gehiago ateratzeko lekuen proposamenak onartzen dituela dio egileak eta beste internautek horrelako argazkirik edukiz gero berari bidaltzea eskertuko lukeela. Panoramika ikusgarri hauek ikusteko ez da plug-in berezirik behar eta irudian mugi gaitezke batera eta bestera saguarekin irudia mugiaraziz.

Argazkiak
www.eusko.net
herria.com/euskal/360

Soilik MP3n

Bilboko MCD taldeak aurki kaleratuko duen diska soilik MP3 formatoan eta Interneten bidez izango da eskuragai. Edonork abesti guztiak jaitsi ahal izango ditu eta diska osatzeko azalaren zein barruko testuen irudiak webgunean bertan eskuratu. Taldeko baxu jole Niko Vazquezek azaldu digunez, erabaki hau hartu dute «ohiko edizioan dirurik ez ikusteaz gain, gure kontura beste batzuri jaten emateaz nazkatu garelako». Gaur bertan gai honen inguruan gehiago jakin ahal izango dugu sarean, MCDko kideak zuzenean azalduko baitira irratia.com-eko Jalgi Hadi Dantzarat! saioan gaueko 21.00etatik aurrera.

Diska berria
MCD.imbecil.com
Irratia.com
www.irratia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner