2001ko apirilak 18, Asteazkena | UNInet |

Sarea eta telebista, bat egitear

Bien arteko aldea gero eta txikiagoa da

Zailtasunak aurkitzen ari da uztartze hori baina laster alde bien abantailak bilduko diren soluzioa aurkeztuko digute. Jada aukera ezberdinak aurki ditzakegu alde bietan. Esaterako, satelite bidezko telebistan interaktibitatea pay per view edo ordaindutako programa pertsonalizatuak eta ordenagailuarekin konexioa eginez programa informatikoak jaisteko aukera dugu. Beste aldean, ordenagailua filmak ikusteko tresna bihurtu zaigu: DVD filmez gain, sarearen bidezko bideo formatoak hor daude, oraindik kalitate ona ez badute ere. Konprimitutako filmen pirateria ere hor dago eta ordenagailuak zein sarea erabiltzen ditu. Sarearen eta ekipoen abiadura dira uztarketa horretarako oztopo nagusiak.

Internet bidez TB
Interneten bidez telebista ikusteko oztopo hori ikusten dugu. Egun, irudiak konprimitu arren, oso zaila da telebistak behar duen kalitatea garraiatzeko banda zabalera nahikoa lortzea. Zaila eta garestia, zeren eta Internet hasiera batean testuak garraiatzeko diseinatu zen. Testuei irudiak eta ondoren soinuak gehitu zaizkien neurrian igo da banda zabaleraren eskaria. Baina mugimenduzko irudi digitalek 0 eta 1 gehiegi behar dituzte kalitate ona emateko eta egun, ADSL edo T3 konexioak eduki arren, ez dira erdiesten horrek behar lituzkeen Megabit kopuruak segunduko. Momentuz ordenagailuaren bidez filmak ikusteko modua DVD diskak edo DivX formatuan grabatutako CD piratak dira.

Telebista edukien on demand zerbitzu batek ADSL eta ordenagailuak etengabe konektatuta dauden kasuak baliatzen ditu bere zerbitzua emateko. Wavexpress zerbitzuak horrelako zerbait egiten du baina uhinen bidez saioak zerbitzua ordaindu dutenen ordenagailura eramanez. Bi aparailuen bategitearen gaineko elkarrizketa interesgarria eskaini du Wavexpresseko arduradun Cliff Jenks-ek EcommDigital aldizkarian. Etengabeko konexio azkar horretaz gain erabiltzaileak behar duen bakarra telebista pantailarako konexioa da, filmak ordenagailuaren pantailan ikusi nahi ez baditu behintzat. Film bat ikusi nahi badugu, berau aukeratu eta 500 Megako deskarga apurka-apurka helduko da gure disko gogorrera. Horrela, filma biharamunean edo beste momentu batean ikusi ahal izango dugu.

TB bidez Internet
Internetera sartzeko argi dago ordenagailuaren monopolioa amaitu dela. Mugikorren bidez gero eta hedatuagoa dago eta adibiderik argiena Japoniako DoCoMo zerbitzuarena da. Baina duela gutxi Fagor enpresak aurkeztu zuen bere atean sarean nabigatzeko leihoa duen hozkailua. Mikrouhin labeetan, telefono berezietan, tabernetan eta hegazkinetan badira jada nabigatzeko aukera ematen diguten pantailak.

Baina telebista aparailua da etorkizunean Interneten nabigatzeko bide nagusia bihurtzeko aukerarik gehien dituen aparailua. Jende gehienak erabiltzen duen tresna da telebista aparailua eta etxeko egongelaren erdian dago, etxeko erregea da. Momentuz, hala ere, EEBBetan Microsoft-ek abian jarritako Webtv eta Espainian antzekoa den Quiero sistemak ez dute arrakastarik izan.

Edukiak ere
Edukiei dagokienez ere sortu dira ingurune biak uztartzen dituzten formatoak. Esaterako, e-namorarte sareko kulebroia propio egungo Interneterako egina dago, deskargak egitea ahalbidetzeko 10 Megako tamainua duten hiru minutuko kapituluen bidez. Formato txikiko kapituluez osatutako serieak gero eta ugariago dira sarean. Kontrako norabidean, Internet telebistara ere badoa. Gero eta telebista saio gehiago egiten dira sareari buruzko informazioekin. MTV International-ek Italiako RAIrentzat sortu duen chatdating.net saioan chat-aren bidez ezagutu diren bikoteek lehendabiziko aurrez aurrekoa izaten dute kamaren aurrean.

Konbergentzia horren erakuslea dira ere hainbat telebista saioren webguneak, askotan saioaren ezinbesteko osagarri bihurtu direnak. Gran Hermano edo BBC katearen Castaway horren erakusleak dira. Bertan, leihaketako partaideen datuak eskaintzeaz gain eztabaida libreko foroak daude eta ikusleek euren iritziak oztoporik gabe plazaratzen dituzte. Gugandik hurbilago, badirudi ETBren Hasiberriak telesailak ere sarea baliatu nahi duela hasiberriak.com webgunean ikusleekiko interaktibitatea bideratuz.

Cliff Jenks
www.ecommdigital.com
Wavexpress
www.wavexpress.com
WebTV
www.webtv.com
iBlast
www.iblast.com


INFO: DeCSS eta DivX

Ordenagailua filmak ikusteko bideoa

Bidea esan behar genuen, zeren eta DVDa agertu zenetik ordenagailua filmak ikusteko erabiltzen da, telebista pantaila bati lotuta batzuetan, kalitate oneko irudiak eskaintzen dituen formatoan. Baina bideoa ere ondo esan dugu. Izan ere, ordenagailuak DVD filmak ordenagailura pasatzeko aukera ematen digu 16 urteko gazte batek DeCSS programatxoa agera zuenez gero. Ondoren, film hori DivX izeneko codec batekin MPEG-4 formatora konprimitu dezakegu eta emaitza harrigarria izango da: kalitate handiko luzemetraia, primerako soinu estereofonikoa duena, 650 Megako CD arrunt batean sartuko zaigu eta ondo kodifikatu badugu primeran ikusiko dugu guk eta gure lagunek.

Bi programatxo hauen uztartzeak alarma piztu du zinemaren industrian, hauek musika arloko lankideei MP3 formatoak egin dien kaltea ikusita, jendea kontrolik gabe filmak doan elkartrukatzen hasiko den beldurrez baitira.

DeCSS
www.decss.com
DivX
www.projectmayo.com

LABURRAK

Satelitea doan

Ordenagailuen eta telebistaren bat egiteak sortu duen beste fronte bat ordainduzko kanalak ordenagailuaren bidez doan deskodetzea da. Gero eta lagun gehiagok Canal +, Canal satelite eta Via Digital ordaindu barik ikusten dute txartel piraten bidez. Duela gutxi Goardia Zibilak Espainian phreaker-ek eginiko txartel hauek saltzen zituen sare bat desegin zuen baina beste askok etxean bertan konfiguratu ohi dituzte saretik ateratako argibideak jarraituz. Nahiz eta telebistetako arduradunek tarteka kodifikazioa aldatu, berauek berriz programatzeko kodeak Interneten eskuratu ahal dira hainbat lekutan.

Informazioa
www.tv-experimental.4d2.net
go.to/nagra
inicia.es/de/WEB5/index8.htm

Artxiboak online

Bi motatako artxiboak egongo dira aurki sarean eskuratzeko moduan. Alde batetik, EAEko gotzaitegien agiritegiak digitalizatu eta sarean jartzeko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. Bertan arbasoen 1563tik 1870 bitarteko jaiotza, ezkontza eta heriotza agiriak aurkituko ditugu, Irargi agiritegiaren webgunean, 2003. urtetik aurrera. Bestalde, Euskadiko Filmategiak bere artxibo osoa digitalizatu eta sarean ezarriko du. Egun sarean erabili ohi diren formatoetan ikusi ahal izango ditugu euskal film asko etxean bertan.

Irargi
www.irargi.org
Euskadiko Filmategia
www.paisvasco.com/filmoteca

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner