2001ko maiatzak 26, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Alexandria birtuala II

Beste kultura gordailu batzuk sarean

Lehengoan agiritegi erraldoiaren zeregina esleitu genion Interneti eta sarean dauden gordailu batzuk aitatu genituen, archive.org filmategia kasu. Oraingoan beste helbide interesgarri batzuk aipatuko ditugu munduko multimedia liburutegirik handiena, sarea, osatzen dutenak.

Hasteko, Alexandriako liburutegiaren berregiteko proiektua ezin aipatu gabe utzi. UNESCOk abian jarri du berau, Egiptoko Alexandrian eta, amaitzen dutenean, Egiptori zein mundu osoari eskainiko dio bere ondare erraldoia, zientzian eta teknologian berezituta.

Sarera bueltatuta, gordailurik famatuena Gutenberg Proiektua da. Oraindik sarea ez zegoenean, 1971an, Michael Hart-ek honen zirriborroa egin zuen, dokumentu baten kopia digitalak kostu txikia zuela eta erraz heda zitekeela ikusita. Egun, egile eskubiderik gabeko milaka liburu digitalizatu eta sarean ipini ditu proiektuak eta urte honen amaierarako 10.000 libururen gordailua izatea espero dute bultzatzaileek.

Hurragoko proiektuak aipatuko ditugu, Andima Ibiñagabeitia proiektu erraldoia kasu. Susa argitaletxeko kideek euskal literatura aldizkarien gordailu digitala sortu dute desagertutako 16 aldizkariren testuak sarean jarrita. Txomin Peillenek eta Jon Mirandek 60ko urteetan Parisen egindako Igela-tik hasi eta Ustela, Pott, Oh! Euzkadi, Susa eta beste batzuek osatzen duten gordailuak 11 milioi karaktere pasatu ditu OCR bidez, paperetik bit-etara. Webgunean Susakoek eurek azaltzen dutenez, «bigarren urrats batez, laster ekarriko ditugu aldizkari gehiagoren lanak Literatur Aldizkarien Gordailura. Osorik euskaraz argitaratu ez zirenetakoak izango dira batzuk, osorik literaturazkoak ez zirenetakoak beste batzuk, eta baita 1960 baino lehenagokoak ere». Egun bizirik diren aldizkariek ere etorkizuna sarean izango dute, honelako gordailu batean.

Baina literatura testuak ezezik aintzinako agiritegiak ere bihur daitezke zero eta bat-etan. Esaterako, horixe eginen du Bilboko Gotzaitegiak bere bataio agirien biltegiarekin, mormoien urratsak jarraituta. Mormoien elizak urte askotxo eman ditu mundu osoko artxibo genealogikorik handiena biltzen. Euren sinismenen arabera, beharrezkoa da gizaki guztien datuak nonbait gordetzea inoiz zerura igoko badira. Horregatik izugarrizko bilketa, mikrofilmatze eta digitalizazio prozesua egin dute mundu osoan 3.200 bulegoren bidez. Miloika batzuk datu baseetan dituzte jada eta zati bat Interneterako egokitu dute. Laster bizkaitarrek eta diasporako bizkaitarren ondorengoek, hitzordua eskatu eta Deriora joan behar izan barik online begiratu ahal izango dute euren zuhaitz genealogikoa, XVI. mendeko arbasoak milurte berriko sarearen bidez aurkitzeko.

Audio artxiboei dagokienez, Bizkaiko Diputazioak sarean Bizkaieraren Fonoteka izeneko proiektua ezartzeko asmoa du. Aspaldi telebistan sarean zegoela iragarri zuten arren, ez dago oraindik internauton eskura. Horren ordez, Ahoweb webgunearekin konformatu beharko dugu ahozko bizkaieraren bila bagabiltza. Aholab laborategiak egiten du webgune hau, Bilboko ingeniarien eskolan ahotsaren seinalea eta telekomunikazioak aztertzen dituen ikerketa taldeak. Iñaki Gaminde hizkuntzalariak bildutako grabaketa sorta batzuk aurkituko ditugu, Bakion eta Meñakan egindakoak. Ahozko lagin hauetaz gain, euskal alfabeto fonetikoa ere jarri dute eta grabaketei buruzko zenbait azalpen tekniko.


UNESCOren proiektua
www.unesco.org/webworld/alexandria_new
Gutenberg Proiektua
http://promo.net/pg/
Bilboko Gotzaitegia
www.bizkeliza.org
Mormoiak
www.familysearch.org
Ibiñagabeitia proiektua
www.armiarma.com
Bizkaieraren fonoteka
bips.bi.ehu.es/fonoteka/html
Ahoweb
bips.bi.ehu.es/ahoweb

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner