2000ko urriak 26, Osteguna | Irristatzen |

Hacktibismoa

Hacker iraultzaileen bilera Bartzelonako skuat batean

Haren tresna informatiko aurreratu berberak erabiliz sistemari aurre egiten dioten antagonistak. Horixe da ziberpunk hitzaz dugun kontzeptua New World Order globalizatu honetan eta horixe dira iragan asteburuan bildu ziren haktibistak.

Bartzelonan batu ziren, baina kazetarien, komunikabide ezjakin bezain sentsazionalista eta polizia muturluzeengandik babestuta. Lan bilerak izan ziren, Interneti sistemaren aurkako lanean etekina ateratzeari begira antolatuak. Sareko tresnak (web-a, berriketa, irratia, bideoa, posta zerrendak...) kontrainformaziorako lanean nola erabili, alde etikoak, koordinazioa eta pribazitatea ere aztertuz.

Hemen dena elkarri lotuta doa eta lekua ez zen itxura underground bat emateagatik aukeratu. Okupazioa eta hacktibismoa elkarren eskutik doaz hainbat lekutan. Esperientzia argia izan zen Madrilgo El Laboratorio zentru okupatuarena zentzu horretan, buldozerrak iritsi ziren arte.

Horregatik Hackmeeting BCN'00 hau Bartzelonako okupatutako etxe batean (Les Naus) antolatu zuten. Bertan, hitzaldiak, eztabaidak eta tailerrak antolatu zituzten, Italian lehenago arrakastaz saiatutako ereduari jarraikiz.

Bilgune fisikoaz gain, topalelu birtuala antolatu dute sarean. Teknika aldetik interesgarriak izan daitezkeen hainbat kontu ez dira bertan agertuko baina bilera aurretik eta ondotik ere ekarpenak bil daitezke eta bertako eztabaidak osatu eta aberastuko dira. Horretarako, laguntza handia izan dute antolatzaileek Sindominio.net zerbitzari libertarioaren aldetik. Bertan, programazioan oso adituak dauden internautak kontrainformazioaren zerbitzuan sekulako lan izengabea ari dira egiten: denen ekarpenaz modu automatizatuan hornitzen den ACP albiste agentzia eta Hackmeeting honen eztabaida foroak ditugu bi adibide argi.

Bilera honetako agiriak sarean aurkituko ditugu
Lotutako bi helbide interesgarri ere badira, La Fiambrera eta Squat.net. Bertan, desobedientzia zibil elektronikoari buruzko artikuluak eta proposamenak aurkituko ditugu.

Hackmeeting BCN
www.sindominio.net/hmbcn00
La Fiambrera Obrera
http://www.sindominio.net/fiambrera/
Squat net
www.squat.net/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner