2000ko ekainak 29, Osteguna | Irristatzen |

Hegaldi merkeak online

Sarea aukera merkeak eskuratzeko tresna da

Interneten bidez hegaldiak aurretiaz eros daitezke, etxetik mugitu barik. Gainera, ia beti salneurri merkeagoak izaten dituzte hegazkin konpainiek erreserba telematikoa egiten dutenentzat.

Gurean, Sondikatik egunero Londresera abiatzen den British Airways-ek iaz zabaldu zuen Go-Fly.com izeneko hegaldi merkeen zerbitzua. Asteko lehen egunetan are merkeagoak dira hegaldiak eta 14.000 pezetagatik lor daiteke Sondikatik Londreserako joan-etorria. Biarritzeko aireportuan antzeko zerbitzua eskaintzen du Ryanair konpainiak. Adibidez, ekainaren 27an Biarritzetik atera eta uztailaren 4an bueltatuz gero, 796 libera kostatzen zitzaigun Ryanair-ekin.

Bestalde, Londreserako bidaia hori beste aukera batzurekin konbina daiteke, handik Sondikatik edo Biarritzetik baino askoz hegaldi gehiago ateratzen baitira mundu osora. Aukera paregabeak aurki ditzakegu Cheapflights.com webgunean, Londresetik bidaiarik merkeenen aukerak biltzen baititu webgune honek. Esaterako, Ankarara, Antiguara edo Barbadosera 2.130 liberagatik (53.000 pezeta) egin daiteke joan-etorria Londresetik. Hala, hemendik Jamaikara, Australiara edo Bangkokera bidaia bertoko bidaia agentzietan baino askoz ere merkeago lor dezakegu.

Orohar, onena erreserbak aurrerapenez egitea da, tarifarik merkeenak topatzeko. Halabaina, norantzak gehiegi arduratzen ez bagaitu eta edozein unetan alde egiteko prest bagaude, azken minutuko aukeretan benetako mahukak aurkituko ditugu. Esaterako, Manchester-Santo Domingo 41.000 pezetan joan-etorria. Lastminute.com webgunea beti alde egiteko prest dagoenarentzat da, nora joan axola ez zaienentzat.

British Airways- Sondika
www.go-fly.com
Ryanair- Biarritz
www.bookryanair.com
Virgin Express
www.virgin-express.com
Cheap flights
www.cheapflights.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner