2000ko apirilak 20, Osteguna | Irristatzen |

Animazioak

Marrazki bizidunak eta gehiago sarean

Punta-puntako marrazkiak eta animazioak ikuskatzeko telebista amatatu eta ordenagailuarekin eskuratuko ditugu Shockwave eta Flash programen bidez. Bi programa hauek gure nabigatzailean integratzen diren plug-in edo programatxo gehigarriak dira, beraz, horregatik filmak gure nabigatzailearen pantailan ageriko zaizkigu.

Sarean aitzindari eta abangoardiaren gunea den Wired aldizkariak film sorta ederra eskaintzen digu. Joera estetikorik puntakoenak biltzen dira animazio artistarik onenen bilduma honetan. Gehienak Flash filmak dira, baina bada Shockwave eta Quicktime programekin eginiko bat edo beste. Flash formatoa sarean garraiatzeko aproposena da, bectoreetan oinarritutako animazioak egiten dituelako. Beste biak saretik kanpo erabiltzeko sortutako programen egokitzapenak dira.

Filmen artean Juanita mazusta koloreko neskaren abenturak aurki ditzakegu,
"Bavure" izenekoan maitemintzen diren bi barraskilo ageri dira, "Baby Cue" plastikozko panpina baten abenturak dira, "Go Go Gar Gar" filmak abentura lisergikoa erakutsiko digu eta "Sinji Shan"-ek buda baten bidaia espirituala.
Censor Sheep esperientzian zentsuraren alegoria egiten da ardi batzuek antzeztuta.

"Sex Slave" seriearen hamar filmetan, bahitutako sexu esklabu bat protagonista den James Bond-en gisako abenturak ikusiko ditugu, Naoki Mitsuse japoniarraren eskutik. Stereo kalitate onarekin "drum and bass" eta "jungle" musika entzungo dugu filma ikusten dugun bitartean. Izan ere, soinu banda –musika eta hitzak– ere badute film hauek.

Gure ordenagailuak filmak ikuskatzeko behar diren plug-in horiek dituen jakiteko Wired aldizkariaren webgunea bisitatzea baino ez dugu. Bertan, webguneak gure ordenagailua probatu ostean, zein behar dugun eta nola eskuratu esango digu. Saretik doan eta azkar jaisten diren artxibotxoak direnez, minutu gutxitan filmak ikusten egongo gara. Telebista baino hobea, bai horixe!

HotWired
www.hotwired.com
Shockwave
http://www.shockwave.com/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner