2000ko martxoak 23, Osteguna | Irristatzen |

Oscar nonahi

Datorren igandeari begira dago sarea

Igandean jakingo dugu aurtengo Oscar sariak noren eskuetara joango diren, baina sarean saltsa handia dago sari hauen kontura eta normala da, zinemari buruzko milaka webgune baitaude Interneten.

Oscar sariei dagokienez, badira bi helbide ofizial: bata Holywood-eko akademiari buruzkoa eta bestea sarien gainekoa. Nominatuen eta film guztien informazioa kausituko dugu bertan eta baita makina bat link ere, egun film bakoitzak webgune ofiziala baitu derrigorrez.

Baina Oscar sariek, urtero bezala, euren lehiakideak diren Razzie sariak dituzte txanponaren bestaldean. Film eta aktorerik txarrenak saritzen dituzte, akademiakoek baino tonu umoretsuagoan. Razzien webgunean aurkituko dugu sari hauen gaineko informazioa, baita aurten nominatuta daudenen izenak ere. Batzuetan izen berbera aurki dezakegu Oscar eta Razzie sarien zerrendetan eta badira urtero aktorerik kaxkarrenerako hautagaien zerrendan dauden izen batzuk ere, Kevin Costner kasu. Hautapen prozesua Oscarrena bezainbat metodikoa eta serioa da Razzie sarien kasuan.

Gezurrezko burtsa batean gezurrezko dirua erabiliz inbertsioak egin ditzakegu Hollywood Stock Exchange webgunean. Filmeetan eta aktoreetan inbertsioak egin eta gero gure dirua nola doan ikusi ahal izango dugu egunero. Albiste bitxiak, estatuen desagerketaren jarraipena kasu, eta beste kontu asko biltzen ditu webgune honek. Hala ere, sareko ekimen gehienetan bezala, negozioa egin nahi dutenek egin dute ahaleginik handiena. Paradisu fiskaletan egoitza duten kasino batzuek posturak egiteko aukera emango digute, sarituen kiniela modukoak benetako diruarekin jokatzeko.

Akademia
www.oscars.org
Oscar Sariak
www.oscars.com
Razzie sariak
www.razzies.com
Hollywood Stock Exchange
www.hsx.com
Estrenaldiak
www.movies.com
Soinu bandak
www.cinema1.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner