2001ko otsailak 8, Osteguna | Irristatzen |

Korrika.org ziberlasterketa mundiala

Mundializazioaren aurka, "mundu bat bildu" lemapean

Euskalgintzako sektore batzuetan apurka-apurka hedatuz doan kontzientzia da kontraerasora pasatu behar dugula sarean. Ingelesa eta gaztelania jaun eta jabe diren ozeanoan itoko garen beldurrez egon beharrean, gure kultura munduratu, euskaraz. Hor dago gakoa eta Big Beñat-ek primeran erantzuten dio erronkari.

Asteleheneko aurkezpenean AEKko ordezkari Xabier Ugaldek esan zuenez, «gogoratu behar dugu zeintzuk diren aurtengo Korrikaren mezua eta goiburua. 'Mundu bat euskarara bildu' da Korrika 12ren leloa, eta horrekin zera esan nahi dugu: globalizazioaren bidez uniformizazioa saldu nahi digutenen aurreran, hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko apustua egin nahi dugula». Paradoxikoki, mundializazioaren ezaugarri dugun Internet sareak eskuhartzerako aukera ematen du eta bide hori baliagarria da uniformizazioari aurre egiteko, Mexikoko zapatistek duela zazpi urte ulertu zuten bezala.

Hala, sarea erabiliko dute AEKkoek euskaraz ezezik frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez euskaldunon mezua zabaltzeko. Bisitariek, korrikaren kanta entzun ahal izango dute eta, Fermin Muguruzaren bideoa jaitsita, Bilboko salchichauto mitikoak eramango die Big Beñat-en aldarrikapena. Sare baten modukoa izango da Korrikak gure herrietatik ehungo duen bidea, eta haren berri emango du irratia.com-ek emanaldi berezien bidez. Diasporakoek, eta beste guztiek ere, ziberkorrikan esku hartu ahal izango dute, kilometroak erosiz eta forora euren gogoetak bidaliz. Webcam kamaren bidez ikusiko dira hasiera zein amaiera. Horrela datorkigu milurteko lehen Korrika (horretan bat datoz milurtekoa iaz hasi zela pentsatzen dutenek ere).

www.korrika.org
www.aeknet.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner