2001ko martxoak 1, Osteguna | Irristatzen |

Plastic eta

Kultura digitaleko aldizkari interesgarriak

Hiru kultur aldizkari bildu dira albisteen webgune alternatiboa osatzeko: Feed, Suck eta AltCulture. Handik eta hemendik hartutako artikulu eta albistez osatzen da Plastic, «sarea unean unean birziklatzen». Gakoa aukera ona egitean datza eta Plastic-ek badirudi aukeratzaile onak dituela.

Honela, epaileek Napster famatuaren zerbitzaria bihar itxiaraziko duten albistea irakurri ahal izango dugu, mp3newswire.com-etik hartuta; edo euskaldunei buruzko erreportaia argitaratu berri duen The New Yorker aldizkariak erreportaia interesgarriagoa dakarrela patata frijituei buruz. Nasak meteorito batean bizitzaren zidurriak aurkitu dituela irakurriko dugu eta Ananova.com-eko aurkezle birtualak kontatuko digu Zelanda Berriko baserritar batek autozine bat salatu duela, bere garraiobide bakarra den astoarekin sartzen ez uzteagatik.

Norberak iruzkindu ditzake bere albisteak, printzipioz. Noski, beste gauza bat da arduradunek berau aukeratzea. Agian hori da Internetera hobekien egokitzen den edizio moldea. Hurbilago moderatzailerik gabeko saiakera egin zuen Sindominio.net-ek bere Agencia en Construccion Permanente-rekin (ACP). Baina nahikoa izan zen saboteatzaile batzuk agertzea moderaziorik gabeko utopia hori kakazteko. Eurek diotenez, «Anarkiaren eta hierarkiaren arteko puntu batean» kokatzen dira Plastic-ekoak.

Bere sortzaileak ere ez dira nolanahikoak. Suck aldizkari elektronikoak urte dexente daramatza sarean bere estiloa markatzen duten marrazkiekin. Kultura digitala jorratzen du Feed aldizkariak, kutsu underground pixkatekin eta jarrera satiriko xamarretik idazten dute bertakoek. Aldizkari sorta honek badu zerikusirik Wired.com famatuarekin. Interneteko azken joeren orakuluak ere albisteak elkarbanatzen ditu hauekin, baina hauek agian bisualagoak dira. Amaitzeko, AltCulture-ren webgunean grunge-ari buruzko informazioa azalean, Che Guevara, Guerrilla girls eta hackerrak dira beste gai interesgarri batzuk.

www.plastic.com
www.suck.com
www.feedmag.com
www.altculture.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner