2001ko ekainak 7, Osteguna | Irristatzen |

Trailer eta filmak

Film txikiak, iragarkiak eta gezurrezko trailerak

Trailervision webgunean existitzen ez diren filmen trailerrak ikus ditzakegu. Bizpahiru minutuko iragarkia luzemetraia bera egitea baino merkeagoa denez, horietan berezitu dira ekoiztetxe honetako kideak. Gehienetan filmen parodiak diren filmak iragartzen dituzte iragarki umoretsuok. Inoiz ez ditugu Ravecops, SeXmen, American Psychos edo Jean Paul Gallimondok antzeztuako Porquoi? ikusiko.

Beste trailer batek Itís a Riot! izenburua du eta iragartzen duen filmak aurten Quebec-en izandako gatazkak tonu umoretsuan hartzen ditu testuingurutzat. Benetan existitzen den ordu erdiko dokudrama da filma eta osorik ikusiko badugu bideozinta eskatu eta ordaindu beharko dugu. Bideoak banatzeko eragatik eta jorratzen duen gaiagatik aktibismo politikorako aspaldian bideozintak erabiltzen dituen Paper Tiger TV-ren parodia ere dirudi.

Inetfilm.com webgunean sareko zinema independientea aurkituko dugu. Film bitxiak, komediak, animaziozkoak, iragarkiak, dokumentalak, zinema experimentala, musika bideoak eta bestelakoak aurkituko ditugu. Honek bideozinten banaketa lana egiten dion DSP films-en laguntza du, baina webgunean bertan ikugai daude film labur, iragarki eta bideoklip asko. Mind Control TV dugu sarean filmak erakusten dituen beste webgune bat. Bertan, Canadian Nebula Rangers filmak animazioa eta irudi bizi naturalak konbinatzen ditu 28 minutuko istorioa kontatzeko.

Azkenik, iragarkiak ikustea eta aztertzea gustoko badugu, adcritic.com izugarri gustatuko zaigu. Iragarkirik onenak gurera heldu aitzinetik ikusiko ditugu. Hori bai, aipatu ditugun film, trailer eta bestelakoak ikusteko konexio azkarra edo pazientzia handia edukitzea gomendatzen dugu.

Trailervision
www.trailervision.com
Paper Tiger TV
www.papertiger.org
Inetfilm
www.inetfilm.com
Mind Control
www.mindcontroltv.com
Adcritic
www.adcritic.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner