2001ko ekainak 21, Osteguna | Irristatzen |

Azken aukera

Hainbat webgune azterketak prestatzeko

Selektibitatea ere pasa zaie unibertsitatera sartu nahi dutenei, baina oraindik azterketa batzuk gelditzen zaizkie bertan dabiltzanei. Askok, betiko moduan azken momenturako uzten dutenek eta ahaleginak irailera begira bideratuko dituztenek sarean laguntza ederra jasoko dute, hainbat webgune sortu baitira azkenaldion ikasleei azterketak gainditzen laguntzeko.

Eta azterketak gainditzen diogunean edozein bitarteko onartzen dela esan nahi dugu. Esaterako, Rincon del Vago webguneak txuletak egiteko teknikak erakutsiko dizkigu. Espainian aitzindaria da webgune hori ikasle kaxkarrentzako laguntza eskaintzen eta izan duen arrakastaren isla da sortu zaizkion lehiakideen kopurua. Azterketetan kopiatzeko teknikez gain, apunteak, fusilatzeko lanak, iragandako azterketak, praktikak eta beste informazio interesgarri batzuk eskaintzen ditu alferraren txoko honek. Aipagarria da La salvacion del vago izeneko txokoa. Bertan, bakoitzak bere SOS mezua utz dezake, behar dituen apunteak edo lanak eskatzeko. Ikasleentzako gauza aproposak ere eskaintzen ditu, besteak beste kontaktuak, iragarki taula, merkatu txikia, lan eskaintzak... Fakultate baten antzera dago antolatuta eta kafetegian aisiuneak pasatzeko jokoak eta bestelakoak daude.

Beste webgune batzuk ere badaude baina ez dute horrenbeste baliabide eskaintzen, apunteak eta loturen bilduma ona duen universitarios.org kasu. Politikoki zuzenagoa da Wanadoo Campus, txuletarik ez baina informazio interesgarria dago ikasketen, beken, sarien eta dirulaguntzen gainean. La biblio-k apunteak eta bibliografiak ditu, gaika sailkatuta. La salvacion atariak bere baitan izen bitxiko beste webgune batzuetara loturak eskainiko dizkigu, A aprobar, Mi tarea eta Apuntes 21 kasu. Dena dela, sareak eskainiko digun laguntzaz gain, zortea ere beharko dugu eta akaso pixkat ikastea ere komeniko zaigu.


www.rincondelvago.com
www.universitarios.org
www.wanadoocampus.com
www.labiblio.com
www.apuntes.lasalvacion.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner