2001ko uztailak 12, Osteguna | Irristatzen |

Hotline azpimundua

Edozein programa doan gure esku

Napster hil da betiko. Iragan astean baliogabeturik geratu ziren ordurarte gure ordenagailuetan genituen programa horren aurreko bertsio guztiak eta aurrerantzean ordaindu beharko dute izen hori daraman programa erabili nahi dutenak, musika aukera murritza eskuratzeko. Beste alternatiben txanda da orain eta zerbitzari zentral eta zentsuragarri batean oinarritzen ez diren programak geratzen zaizkigu, Gnutella kasu.

Baina bada Gnutellaren antzeko ideian oinarrituta dagoen programa bat, Napster eta beste guztiak baino lehenago sarean hedatua dena eta, isilean, erdi izkutuan, Macintosh erabiltzaileen multzoan sekulako arrakasta izan duena 1996tik hona. Hotline programak erabiliz edozein programa komertzial, edozein crack, programen serie zenbakiak eta hainbat eta hainbat irudi, abesti eta bideo eskuratu ahal ditugu debalde.

Hotline bi programek osatzen dute, bezeroa eta zerbitzaria. Zerbitzaria da internautok artxiboak aurkitzeko erabiliko dugun programa, artxiboak igotzeko, jaisteko eta beste erabiltzaileekin chat-ean aritzeko aukera damaiguna. Zerbitzariak berriz, nahi dugunean gure ordenagailua hotline zerbitzari bihurtzeko aukera emango digu, besteek artxibo horiek guztiak gure disko gogorrera igo eta bertatik har ditzaten.

Horrela, milaka zerbitzari daude edozein unetan sarean zabalik eta berauek aurkitzeko Trackers izeneko bilatzaileak erabiltzen dira. Bertan ematen dute izena zerbitzariak dituztenek eta haietan bila daitezke zerbitzari horietan dauden artxibo guztiak. Hotlinek duen bilatzaile ofizialean, hltracker.com-en soilik legalak diren artxiboak aurkituko ditugu baina badira tracker gehiago, programa piratak, porno-a eta beste hainbat gauza erakutsiko dizkigutenak.

Hain arrakasta handia izan du Hotlinek ezen Windows bertsioa aspalditxo zabaldu zuten eta gero eta erabiltzaile gehiago daude azpimundu underground horretan.

Hotline eskuratzeko
www.bigredh.com
bilaketak egiteko
www.hltracker.com
www.hotlinehq.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner