2001ko irailak 13, Osteguna | Irristatzen |

Kargatzen... Web artea Artelekutik

Atzera gatoz sareko kontu berri zein zaharrekin eta gure sareko nabigazioen lorratzak ematera. Gaurkoan arte digitala izango dugu hizpide eta espero dugu e-Judoko lagunek egiten dituzten nabigazio gidatuak bezain interesgarriak izatea. Izan ere, Bilbon sortutako nabigazio gidatuko sistema honek arrakasta izan du: jada 332 nabigazio edo ibilbide ditugu aukeratzeko, 5.892 web orrialde interesgarri, gaika sailkatuta eta guretzako cicerone digital batzuek aukeratuak. Gustoko gai bat hartuta ez zaigu gaizki aterako nabigazioa e-Judon.

Duela aste batzuk arte elektronikoaren erreferentzia nagusia izan genuen, urtero legez, Austriako Linz hiriko Ars Electronica erakustaldia. Arte elektronikoa zer zen oraindik gutxik zekitenean abiatu zen, 1979an, eta egun oraindik ez dago irizpide finkorik artea zer den eta zer ez den erabakitzeko. Hala ere, Linz-eko erakustaldiak joerak aurreratzen ditu urtero eta aurtengoak galdera plazaratu du: «Nor ari da egiten bihar-etziko artea?» Erantzuna badirudi web diseinuan eta bideojokoetan dagoela, artetzat hartuak izan ez diren arloak biak baina sormenaren adierazpiderik hedatuenetakoak egun.

Gugandik askoz hurbilago, Donostiako Artelekun, hasi dira biltzen net.artistak edo sareak eskaintzen dituen baliabideak eta programak profitatuz arte adierazpenak egiten dituzten hainbat egile. Flash-en eginiko animazio interaktiboak, diseinu ausarta duten webguneak... Badirudi azkenik zerbait heltzen ari zaigula, nahiz eta oraindik Bartzelonako OFFF-en gisako erakustaldirik montatzeko nahikoa izan ez. Beste euskaldun askok oraindik sarea informatikarekin identifikatzen duten bitartean, artista batzuek euren adierazpidetzat hartu dute eta orain arte sarean lan egin duten diseinatzaileak kategoriaz igo ditu Ars Electronica-k

Arte interaktiboa da, ikusle-bisitariak eragiteko eta aukerak egiteko aukera duena, hedapen ahalmen izugarria duena eta doakoa guretzat. Izen batzuk aipatzearren, Arte y Electricidad, Quimi, Manu Arregi eta JF Vaquero. Artelekuko webgunean bertan proiektu interesgarriotan nabigatzeko aukera dugu e-Judoko bisita gidatu baten bidez. Gidaria Cecilia Andersson izango da, artea, zientzia eta teknologia biltzen dituen Artelekuko Cell Culture tailerreko koordinatzailea izan dena. Gainera, bertako beste proiektu batzuren berri izan dezakegu webgunean, arte garaikidearen euskarazko hiztegia biltzen eta modu ikusgarrian aurkezten duen hiztegia.com kasu. Eztabaida foroa ere egin dute sarean instituzioek arteari begira duten jarrerari edo arte digitalari buruzko iritziak emanez.

Artelekuko lan digital horien berri izateko aukera izango dugu Bilbon datorren ostegunean, Loading Festa izenekoa antolatuko baitute Kafe Antzokian: DJ-ak, bit-art dantzaokea eta webgunean dauden artistak izango dira bertan.

www.aec.at/festival2001/
www.e-judo.net
www.arteleku.net
www.arteyelectricidad.net
www.offf.org
Loading Festa
www.ti-ta.net
Kafe Antzokia
www.kafeantzokia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner