2001ko urriak 25, Osteguna | Irristatzen |

Mantxut eta beste

Euskal marrazkilari asko online daude

Asteartean zabaldu zuten Mantxut, Asisko Urmenetaren marrazkiez eta lokuzio irrigarriez osatutako webgunea, Argia aldizkariak argitaratutako liburuaren bertsio elektronikoa. Liburua bezala esamolde bitxi, berri eta barregarriz osatutako webgune honetan, esaera agertzen da, bere erdarazko baliokideekin (ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz) eta berau azaltzen duen marrazkiarekin. Esamolde hauek lurraren lau kornerretara botatzeko Internet balia daitekeela ikusi du Asisko Urmenetak, marrazkien eta testuen egileak.

Inoren sugandilak harrikatzeak zer esan nahi duen jakin nahi duenak jo dezake Sareko Argiak sarean ezarri duen webgunera eta han aurkituko du, eurogero ibilita ere, sartzea doan baita. Paperezko edizioak ez dituen gauzak ere badira hemen. Esaterako, postalak bete eta inori bidaltzeko aukera dago, baita noiz iritsi behar zaion zehaztekoa ere.

Asisko dugu hainbat webgunetan agertzen den euskal marrazkilari bat. Esaterako, Kebawe izenekoan. Marko Armspach-ekin elkarbanatzen duen txoko honetan, Absurde atalean aurkituko ditugu haien marrazkiak. Argiaren webgunean berriz elkarrekin topatuko ditugu eta Marko, bestalde, webgune askotan agertzen da bakarrik, berak Mike Oldfield-en omenez eginiko tubular.net-en edo heeza.fr-en kasu. Marko gehien agertzen dena bada ere, Pernan Gońi dugu interaktiboena, bere ti-ta.net Flash animazioez beterik baitago.

Euskadi Sioux aldizkariaren ibilaldi laburra baina mamitsua agertzen duen euskadisioux.org webgunean aldizkariaren zenbaki guztiak ikus daitezke, orrialde guztiak iruditan eskaneatuta. Webgunearen hasieran Fernando Golvanok azaltzen duenez, «umorea eta heterodoxia ederki asko uztartu ziren Euskadi Siouxen eta Arabako zatiketaren ondorioz sortu zen Arabia Sauditaren baitan. 1979ko urtean bizi ginen, eta gazteak ginen, artistak, idazleak, argazkilariak, diseinugile grafikoak, ilustratzaileak, eskenatoki politiko eta kulturalaren asaldatzaileak: tribu heterodoxo bat Euskadi asaldatu batean». Duela gutxi erakusketa batean agertu ziren bertako marrazkiak baina norbaiti bururatu zaio sareko erakustokian ipintzea eta oso webgune xaloa baina txukuna egin du.

Martintxo, Montxo eta Olariaga topa ditzakegu EGUNKARIAren webgunean egunero. Olariagak eta bere Zakilixutek badute sarean txoko historikoa, pertsonaiaren bilakaera agertzen duena.

Mantxut
www.argia.com/mantxut
Marko eta Asisko
kebawe.com/absurde
Tubular web
www.tubular.net
Marko
www.heeza.fr/VEDETTE/MARKO/index.html
Argian
www.argia.com/arkomik.htm
Pelman
www.ti-ta.net
Euskadi Sioux
www.euskadisioux.org
Egunkarian
www.egunkaria.com/gaur/iritzia/umorea.html
Zakilixut
www.lasarte-oria.org/kultura/km/euskara/olariaga/egunero.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner