2002ko urriak 24, Osteguna | Irristatzen |

Euskaraz nabigatzeko

Itzulpen zaharkituak eta arazoak lizentziekin

Gure ordenagailuekin komunikatzeko euskaldun gehienok erdarazko sistema eragileak eta nabigatzaileak erabiltzen ditugu. Badira euskarazko bertsio batzuk baina betiko arazoa da laster zaharkituta geratzen direla.

Sustatu euskarazko albistegian irakurri berri dugu Mozilla euskaltegian dagoela, hau da, euskaratzen ari direla. Software libreko nabigatzailea da Mozilla, doakoa eta ez komertziala. Erabiltzaileen ekarpenez osatzen eta hobetzen da, Linux-ekin gertatzen den moduan eta, filosofia berarekin, 1.0.1 bertsioraino heldu da, Windows, Mac OS eta Linux sistemetarako erabilgarria. Euskarazko bertsioa laster egongo da prest, Zuhar enpresako kideen ekarpenari esker.
Hala ere, oraingoz Microsoft enpresaren Explorer nabigatzailea jaun eta jabe da mundu honetan, lehenago nagusi zen Netscape aspaldi utzi baizuen atzean, Bill Gates-en jarduera monopolistikoari ezker. Baina oraindik badira Windowsen menpe jausi nahi ez duten ekintzaile batzuk, softwareak librea izan behar duela uste dutenak. Linux sistema eragilea da horien ikurra, eta nabigatzaileetan Mozilla izenekoa.

Beste nabigatzaileei dagokienez, sano bertsio zaharkituak dira dagoeneko euskarazkoak. Netscaperen Communicator 4.51 da euskaraz eskuratu ahal dugun azken bertsioa eta soilik Windows sistemako erabiltzaileentzat. Jada Netscaperen 7. bertsioa sarean dagoela kontutan hartzen badugu, oso zaharkitua dela esan daiteke, baina Canal21 atariak oraindik eskaintzen du saretik deskargatzeko moduan.

Gauza bera gertatzen da Microsoft-en Explorer programarekin. Euskaraz deskargatzeko aukera dagoen azken bertsioa Explorer 5.0 da, geroztik ez baita programa euskaratu. Baina bertsio horrek segurtasun zulo nabariak ditu, Klez eta antzeko birusen aurrean babesik ez du eta hainbat script eta bestelako funtzio aurreratu ez dabiltza bertsio horretan. Sarean eskuragarri dagoen 6.1 bertsioa jaistea izango da onena, baina gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez jaitsi beharko dugu, ez baitago euskaraz.

Beste horrenbeste Windows sistema eragilearen itzulpenekin. XP berria jarri nahi badugu, erdarazkoa izan beharko du. Orain arteko itzulpenak instituzioek dirua jarrita egin izan dira, baina horrek Microsoft aberasteko balio izan duela salatzen dute linuxeroek. Noski, software librea izan daiteke beste aukera bat, dirulaguntzei esker itzuli izan dira programa batzuk Linux-eko, Mandrake 8.2 kasu.

Mozilla
www.mozilla.org
Mozilla euskaltegian
http://www.sustatu.com/1034763925
Communicator 4.51
www.canal21.com/navegador/euskera/relnotes.htm
Explorer 5.0
www.microsoft.com/msdownload/iebuild/ie5_win32/eu/ie5_win32.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner